Albistea entzun

Bortz teilatu azpian

'Bost teilatu' filma sortu dute Udalbiltzak sustatutako. Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan. Bost film labur batzen ditu
Amancay Gaztañagaren eta Erika Olaizolaren <em>Krak</em> filma.
Amancay Gaztañagaren eta Erika Olaizolaren Krak filma. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Yasmine Khris -

2022ko apirilak 21

Pantailak dira lekuko. Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak egitasmoaren azken emaitza zinemagintzaren arlokoa da, eta joan den martxoaren 31n estreinatu zuten, Leitzan (Nafarroa). Bost teilatu obrak Josu Martinezek, Eñaut Castagnetek, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak, Leire Egañak eta Raul Barrerasek zuzendutako bortz film labur batzen ditu, 80 minutuko pieza batean. Tafalla (Nafarroa), Hernani (Gipuzkoa), Baigorri (Nafarroa Beherea), Galdakao (Bizkaia) eta Bera-Lesakako (Nafarroa) udalerrietan filmaketak egin zituzten zenbait hilabetez, Adabaki ekoiztetxeak harmonizatu arte.

«Zinemagile bakoitzak lana oso modu pertsonalean ondu du, eta oso pozik gaude lan kalitatearekin», azaldu du Lide Hernando Muñozek, Udalbiltzako kultur teknikariak. «Lehen alditik ateratako azken fruitua da hau, eta euskal kultura zer den erakusten du oso modu askotarikoan» .

Baigorrin kokatzen da Josu Martinezen fikzioa, Hitzak (Gastibeltza ekoiztetxea), eta euskararen galtze prozesuaz ari da, 1960ko hamarkadako bidegurutzean bizi zen gazteriaz eta belaunaldien arteko talkaz. «Fikziozko istorio bat da, baina errealitateko elementuekin osatua. Izan ere, etxe askotan ez zen hizkuntza transmititzen, hainbat arrazoirengatik», kontatu du Martinezek. Tetralogia baten azken kapitulua da filma, 2018an Ama lehen filma grabatu baitzuen Baigorrin, baina aitortu du Udalbiltzaren bekak «aukera paregabe bat eta produkzio mailan lasaitasun handia» eman diola.

Lesakan eta Beran idatzi eta filmatu zuen Muga Eñaut Castagnetek, eta, hain zuzen ere, mugako herri batean kokatu. Etorkin baten istorioa harrapatu du kamera bidez, lantegi batetik eskapatua, gizon zahar baten baserri batera heldu arte. Geroztik hasiko da bi pertsona guztiz ezberdinen arteko harremana, bere «trama eta azpi tramarekin».

«Kontatu nahi nuen harreman berezi bat, denak banatzen dituen bi pertsonaren arteko ezagutzea. Harremana ez baita baitezpada hitzekin erakutsi», kontatu du Castagnetek. Aktualitateko gai bat izateaz gain, filmak irudikatu nahi du egunero gertatzen den fenomeno bat, «gure begipean». Halere, zinemagileak ziurtatu du asmatutako istorio bat izanen dela ikusgai, «herria bezain fikziozkoa».

Aniztasun bateratua

Aurrestreinaldian izan dute aukera sortzaileek bertze lanak ikusteko eta esperientzia taldeko bihurtzeko. «Norberak bere ibilbidea jorratu du, eta honek ekarri duen aniztasuna biziki interesgarria da», aipatu du Castagnetek.

Hori irizten dio baita Mikel Arredondok ere, Adabaki ekoiztetxearen kideak, muntaketa prozesua landu ondoren: «Film kolektibo bat moldatu dugu. Hasieratik, egileek hautu erabat libreak egin dituzte, bai generoan, bai forman, baina guztiari batasun bat ematen saiatu gara, kolektibotasuna garatzeko».

Praktikan, koordinazio lana eta baldintza teknikoak hoskide izan dira. «Erronka nagusia zen dinamika bat sortzea, izaera eta identitate bat emateko, elkarrekin funtzionatu ahal izateko». Hots, etxe bat, teilatupean gertatzen diren bost istorio kontatzeko.

Leire Egañaren Erlojupekoa-k Galdakaon aurkitu du etxe: Bira Produkzioak-ek lagunduta, filmak kritika sozial eraginkorra egiten du, umore absurdoa erabiliz: janaria banatzeko misioa duen rider batek bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz. Bestalde, Raul Barrerasek Arnasa (Kliska Filmak) Hernanin zuzendu du, Eneko Sagardoi eta Zorion Egileorren antzezpenarekin. Oihanean galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hori hiritik itzulia, lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa azaltzen du Barrerasek bertan, identitate sexuala ere ardatz izanik.

Elkarlanean aritu dira bertze batzuk ere. Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola zuzendariek ekoitzi eta filmatu dute Krak Tafallan. Bi dolu ezberdin bizitzen ari diren bi emakumeren inguruan josten da filma. Doluaren bakartzeak eramaten ditu humanitatea galduz joatera, katu batek elkartzen dituen arte. «Buruan geneukan gai hori, biok dolu bat bizi genuelako. Funtsezkoa iruditu zitzaigun gai hori esploratzea, Udalbiltzak proposatu baino lehen».

Testua lantzen zuten bitartean, galdera batera heldu dira: ikus-entzunezkoan nola islatzen da dolu bat? «Laburrak ez du narrazio bat jarraitzen, ez da lineala. Gureak errealismo magiko handia du», kontatu du Gaztañagak. Formatu hagitz pertsonal batean, bi pertsonaia sortu eta unibertsalago bihurtu dituzte. Elkarlanean, lau begi baina begirada bat. «Batek imajinatzen zuena bertzeak buruan zuen; azken finean, prozesu oso berezia zen. Bestalde, bidaia oso emankorra egin zitzaigun, zailtasunak izan bagenituen ere». Bidaiak geografikoki ere hartzen du zentzua: Tafallari eman zioten garrantzia azpimarratzeko da. «Egia esan, gure iruditerian, herriaren beste ideia bat genuen. Oso bizipen ederra eragin digu murgilketak».

Ibil Bedi taldeak ondu du filmaren kantua, akuilu musikala emanez Geuretik Sortuak egitasmoaren azken sortzeari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

James Baldwinen irudiarekin egindako muntatzea. ©ANE GARCIA
Girlschool taldeko Kim McAuliffe, herenegun, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Girlschool, bigarren lerroan duin

Gotzon Hermosilla

Girlschool taldeak Music Legends jaialdian jo zuen herenegun, Bilbon, eta rock gogorraren eremuan lau hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbideari errepasoa egin zioten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Yasmine Khris

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.