Nafarroako Gobernuaren osaketa. Negoziazioak

Azken txanpan sartu dira

Zazpi gai sektorialetako puntuak hitzartu dituzte PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Gaur akordioa ixtea espero dute, eta ondoren alderdi bakoitzak barne organoei kontsultatuko die edukia

joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
«Ia-ia», baina oraindik ez dute akordioa guztiz itxi. Astelehenean hasi zituzten zazpi mahai sektorialetako negoziazioak PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Atzo, zazpi gai horietako puntu nagusiak hitzartu zituzten. Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, iragan legealdian izandako desadostasunetako batzuk errepikatu dira, baina, halaber, «espero ez ziren akordioak» erdietsi dituzte. Lau alderdiek ez dute zehaztu nahi izan non diren adostasun eta desadostasunak. Hala ere, oraindik ez dute lana amaitu. Azken txanpan sartu dira. Gaur 10:00etan elkarrizketarekin jarraituko dute. Autogobernuaren gaia eta barne funtzionamendurako arauak adostea falta zaie. Lau alderdiek espero dute gaur lortzea lehen akordioa. Behin hori lortuta, alderdietako organoetara joko dute, eta militanteek edukia berretsi arte ez da behin betikoa izango.

Iragan astelehenean hasi zirenzazpi mahai sektorialen inguruan hitz egiten hezkuntza, kultura eta kirola; osasuna; berdintasuna, Nafarroa soziala eta gazteria; hizkuntza politika; enplegua, ekonomia eta zerga arloa; bizikidetza, memoria eta funtzio publikoa; eta tokiko administrazioa, ingurumena, iraunkortasuna, energia berdea.

Hiru egunetako elkarrizketen ostean, egindako lana aztertzeko unea iritsi zen atzo. Parlamentuan elkartu ziren lau ordezkaritzak arratsaldeko 17:40an. PSNko Maria Txibite eta Geroa Baiko Uxue Barkos ez ziren joan. Sozialisten artean, Ramon Alzorriz, Javier Remirez eta Javier Agirre izan ziren; Geroa Bairen izenean, Unai Hualde, Itziar Gomez, Maria Solana eta Koldo Martinez izan ziren bileran. Nafarroako Ahal Dugu-ren kasuan Eduardo Santos idazkari nagusia, Mikel Buil eta Ainhoa Aznarez parlamentariak, eta Patricia Ruiz joan ziren bilerara. Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simon parlamentaria, Txema Mauleon eta Carlos Guzman bertaratu ziren legebiltzarrean egin zen bilerara.

Luze jo zuen bilerak. Lau ordu eta gero, baikor ziren eledunak. Azken urratsa falta arren, Alzorriz «itxaropentsu» agertu zen. Koldo Martinezek, berriz, «egintzat» eman zuen. Bere hitzetan, aurreko lau urteetako akordio programatikotik «asko» du. Marisa de Simonen ustez, «lan handia» egin da, baina «gutxieneko akordio bat» izango da. Dena den leial jokatuko dutela ziurtatu du. Mikel Builen arabera, Ahal Dugu-k ekarpen ugari egin dizkio.

Alzorrizen arabera, zazpi sektoreetan akordioez gain, desadostasunak zeintzuk diren zehaztu dituzte. Horiek nola kudeatu izango da gaur negoziatu beharrekoa. Autogobernuaren inguruan ere hainbat proposamen daude, baina ez dute uste oztopo izango denik.Gobernuaren osaeraz ez dute hitz egin oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.