Albistea entzun

Kataluniako inkesta soziolinguistikoa

Geldialdia katalanaren erabileran

Inkesta soziolinguistikoa argitaratu du Generalitateak: hazi ezinik da erabilera. Migrazioen eraginaz ohartarazi dute. Bost herritarretik lauk dakite katalana
ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko uztailak 16

Trabatuta dago katalanaren erabilera. Generalitateak bost urtean behingo inkesta soziolinguistikoa argitaratu du, eta berretsi egin du urteotako joera: Kataluniako hiru herritarretik batek (%36) erabiltzen du katalana ohiko hizkuntza modura, eta ia erdiek gaztelania (%49). Atzera egin du katalanaren erabilerak mende hasieratik, eta aurrera jo ezinik dabil. Hara: 2008ko inkestak galera erakutsi zuen, behera egin zuela katalanez dakitenen eta erabiltzen dutenen portzentajeak —bost urtean hamar puntu amildu zen erabilera—. Migrazioekin lotu zuten norabide hori. Erabilerak ez du berreskuratu aurreko maila. Ezagutza koskatxo bat igo da azken ikerketan.

Katalanaren egoerari buruzko 2018ko azterketa argitaratu du Generalitateak: Kataluniako biztanleriaren hizkuntza erabilera. Inkesta bat da azterketaren oinarria —ia 9.000 herritarren iritziak bildu dituzte—: datu aitortuak dira, hortaz, ez neurketak. Eta, izenburuan erabilera aipatu arren, ezagutzari eta transmisioari buruzko datuak ere jaso dituzte.


 
EZAGUTZA
Ulermen unibertsala, gertu

Kataluniako biztanle gehienak gai dira katalanez jarduteko: bostetik lauk adierazi dute hitz egiteko adinako gaitasuna badaukatela (%81). Adinaren arabera, badago aldea: adin talde gazteagoetan handiagoa da hitz egiteko gaitasuna, eta nerabeen kasuan gertu dago unibertsalizazioa (%96). Edadeko taldeetan da baxuena gaitasuna, baina denetan %70ek baino gehiagok diote gai direla katalanez jarduteko.

Katalanaren ulermena unibertsalizaziotik gertu dago: %94k adierazi dute ulertzen dutela hizkuntza. Finean, ulermena eta hitz egiteko gaitasuna aintzat hartuta, honako hau da banaketa: herritarren %81ek badakite katalanez; %13k ulertu egiten dute; eta %6k, ulertu ere ez. Beste bi trebetasun ere aztertu dituzte: irakurtzeko gaitasuna eta idaztekoa. Aldea dago batetik bestera: zazpitik sei gai dira katalanez irakurtzeko (%85); idazteko, hirutik bi (%65).

Katalanari buruzkoak dira datu horiek, baina gainerako hizkuntzei buruzko informazioa ere bildu dute. Eleaniztasuna handitzen ari da. Hara: ingelesez hitz egiteko gai dira katalanen %38, eta frantsesez %19. Beste hizkuntza batzuen presentzia ere nabarmen handitu da, migrazioekin loturik.
 
ABIAPUNTUKO HIZKUNTZA
Katalana, hirutik bakarrak

Migrazioaren eragina, izan ere, nabarmena da Katalunian: hiru herritarretik bat kanpoan jaioa da. Aldatzen ari da biztanle talde hori: orain arte, Espainiatik joandakoena zen talde nagusia, baina jada gehiago dira beste herrialde batzuetatik iritsitakoak, batik bat lan egiteko adinetan. Zaharragoetan handia da Espainiako migrazioaren eragina: 65 urtetik gorako katalanen ia erdiak, %48, Espainiatik joandako herritarrak dira.

Beste herrialde batzuetako migrazioaren eragina 2008ko inkestan agertu zen nabarmen: etxean jasotako hizkuntza katalana edo gaztelania ez dutenen ehunekoa bikoiztu egin zen, %4tik %8ra. Eta igotzen ari da ordutik. Hasierako hizkuntza katalana duten herritarrak ez dira herenak ere (%32), eta gehienena gaztelania da (%53).

Abiapuntu horretatik oso gora dago katalana ulertzeko edo hitz egiteko gaitasuna dutenen kopurua. Eskolaren eragina nabaria da, baina «kalearena» ere bai, ikasteko lekua baita. Transmisioaren aldetik badira aurrerabidearen bi arrasto. Batetik, atxikimenduan: beren hizkuntza katalana dela diotenak gehiago dira (%36), nahiz eta gehiagok gaztelania aukeratu (%47). Bestetik, familiako erabilera moldea: umeekin egiten dute katalanez gehien (%39), nahiz gaztelania izan nagusi hor ere (%44).
 
ERABILERA
Lehen hitza, gehienek

Migrazioaren eragina erabileran ere nabarmendu da urteotan: katalanez egiten dutenen portzentajea hamar puntu jaitsi zen duela hamar urte, %46tik %36ra. Hortik igo ezinik dago. Gaztelania ez den beste hizkuntza batean mintzo direnen portzentajea ari da igotzen, nahiz eta oraindik hamarretik bat ere ez diren. Ohiko erabileraren datuak dira horiek, egunerokoak. Tartekakoa handiagoa da: lau katalanetik hiruk diote egunean zehar zerbait egiten dutela katalanez. Lehen hitza, konbertsazio bat hastean nola egiten duten, erdiek diote katalanerako joera dutela (%53).

Gehiago erabiltzen da gaztelania, hala ere. Eremuaren arabera, badago aldea: arlo formalean aritzen dira katalanez gehiago —batik bat udaletan eta Generalitatean—; gutxien, eremu pertsonalean —etxe aldean eta lagunartean—.

Zenbaki orokorren azpian, aldea dago Kataluniako eremu batzuetatik besteetara. Katalanak bi lekutan dauka presentzia txikiena: Aran ibarrean —beste hizkuntza propio bat ere badu— eta Bartzelonako metropolian —eremu horretan, %28koa da katalanaren erabilera—. Ebro inguruan eta Pirinioetan erabiltzen da gehien.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Xi Jinping eta Vladimir Putin, asteartean, Moskun. ©SERGEI KARPUHIN / EFE
Erreskate talde bat Rzhixtxiveko erasoko biktima bat eramaten. ©O. PETRASIUK / EFE

Zaporizhiako zentralaren egoera «prekarioa» dela ohartarazi du NBEk

I. Susaeta

Eraso baten ondorioz bederatzi pertsona hil dira Kievetik gertu. Hungariak adierazi du ez duela atxilotuko Putin, Hagak hala agindu duen arren
Kenyako bi artzain, hildako auntzen gorpuei begira, artxiboko argazki batean. / ©Dael Irungu, EFE

Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

Arantxa Elizegi Egilegor - Oskar Epelde Juldain

Etiopian, Kenyan eta Somalian uraren prezioak %400 egin du gora 2021eko urtarriletik, eta 22,7 milioi lagunentzat ezinezkoa da hura erostea. Somalian, iaz, 43.000 pertsona hil ziren lehortearen ondorioz.

 ©BERRIA

«Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

O. E. J.

Ekintzailearen esanetan, diru falta da erakundeen arazo nagusia, horrek ezinezko egiten baitu luzerako planak bultzatzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...