Albistea entzun

Koronabirusa

Hegoaldeko hilkortasuna ia bikoiztu egin da koronabirusaren goraldian

Hiru asteotan goia jo dute heriotzek, eta estatistiketan iragarri baino %89 herritar gehiago zendu dira: 938 espero, eta 1.774 hil. Datuek agerian jarri dute uste baino jende gehiago hil dela COVID-19arekin
Bereziki adinekoei eragiten die koronabirusak: hilkortasuna bikoiztu baino gehiago egin zaie.
Bereziki adinekoei eragiten die koronabirusak: hilkortasuna bikoiztu baino gehiago egin zaie. J. FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2020ko apirilak 9

Uste baino heriotza gehiago ekarri du koronabirusak. Azken egunetan kutsatu gutxiago ari dira atzematen proportzioan, eta herritar gutxiago daude ospitalean, baina hildakoen kopurua bereziki larria izan da aurreko egunetan. Hego Euskal Herriko datuak aztertu ditu BERRIAk, heriotzen datuak eta estatistika ofizialak baliatuta, eta nabarmena da arrasto beltza: hedapenak goia jo duen egunetan, estatistiketan espero baino %89 heriotza gehiago izan dira. Hara: eredu matematikoek 938 hildako espero zituzten martxoaren 22tik apirilaren 5era, baina 1.774 lagun hil ziren. Uste baino 836 hildako gehiago hiru astean. Egun horietan, COVID-19arekin lotutako 567 heriotzaren berri eman zuten. Oraingoz ezin da jakin igoera horretatik zenbat dauden koronabirusarekin lotuta, baina erakundeek aitortu dute esan baino hildako gehiago direla. Bistakoa da zenbatu gabe daudela koronabirusarekin hildako ugari.

Espainiako Epidemiologia Institutuaren zenbakiak dira horiek; Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatearen ardurapean dago zentroa. Ezohiko osasun egoera honetan, hilkortasunari buruzko datuak biltzen ari da institutua egunero. Erregistro Zibiletik lortzen du hildakoen inguruko informazioa, hark egiten baititu heriotzen aktak. Informazio ofiziala da, beraz.

Bilakaera ikusteko, ariketa hau egiten du: lehenik, hartu 2008tik egunez egun hildakoen kopurua —adibidez, martxoaren 28an urtero zenbat lagun hil ziren—; bigarrenik, alderatu aurten egun horretan hildakoekin. Egun bateko baino gehiagoko tarteak hartu behar dira joera aldatu den jakiteko.

Nafarroan, hilaren 22an

Martxoaren 22an sumatu zituzten ezohiko lehen datuak. Erkidegokako informazioa ematen du institutuak —herrialdekakoa eskatu du BERRIAk, baina erantzun diote ezin dutela eman—. Datu horien arabera, Nafarroan igoera esanguratsua sumatu zuten hilaren 22an, espero baino nabarmen gehiago zirela hilak, eta apirilaren 5era arte izan da goraldia. Uste zuten 229 lagun hilko zirela egun horietan, eta 588 hil dira, espero baino %157 gehiago.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetan hilaren 25ean sumatu zuten igoera, eta apirilaren 5 arte izan zen hildako kopurua ohi baino nabarmen handiagoa: 1.186 lagun zendu dira hamabi egunean, nahiz eta 709 hiltzea aurreikusi. %67 heriotza gehiago.

Aintzat hartzekoa da faktore bat: institutuaren azken txostena hilaren 6ko datuekin egina da; Erregistro Zibileko gorabeherekin, litekeena da datu batzuk falta izatea. Ez da ziurra, beraz, hilkortasunaren igoera 5ean eten izana.

Herrialdekako daturik ez izateak zaildu egiten du analisi zehatzagoak egitea, baina bistakoa da erkidegoko datuen azpian aldea egongo dela herrialde batetik bestera. Araba eta Gipuzkoa alderatu besterik ez dago: hamabi egun horietan, erakundeek jakinarazi zuten koronabirusak jotako 107 herritar hil zirela Araban, eta 60 Gipuzkoan, nahiz eta Gipuzkoak 2,2 aldiz biztanle gehiago dituen.

Adinekoak eta gizonak

Herrialdekako informaziorik ez, baina badira heriotzei buruzko bi datu interesgarri. Hilkortasuna ez da berdin handitu adin guztietan: zaharrak jo ditu bereziki, gaitzak bezala. Proiekzio estatistikoek zioten goraldi garaiko hiru asteetan 75 urtez gorako 705 lagun hilko zirela, baina bi aldiz gehiago hil dira, 1.424, %102 gehiago. Haien ondoren, 65-74 urteko adin taldekoa da igoera handiena, %73koa: 197 lagun hil dira, nahiz 114 espero zituzten. 64 urtetik behera txikiagoa da igoera, baina adierazgarria, %31koa: 114 itxaro, eta 149 hil.

Sexuaren araberako datuak ere aztertzekoak dira. Sumatu dute koronabirusak gizonei eragiten diela gehiago, eta hilkortasun datuetan ere nabarmena da. Espero baino ia bi aldiz gehiago zendu dira: 924, uste baino 453 gehiago (%96ko igoera). Emakumeetan ere oso nabarmena da igoera, baina apalagoa, %83koa: 821 hildako, espero baino 372 gehiago.

Ezkutuko datuak

Hilkortasunari buruzko datuek galdera bat baino gehiago jartzen dute mahai gainean. Bistakoa da koronabirusak zerikusi zuzena izan duela, horrekin hildako gaixoak daudela lista horrela haztearen azpian. Kontua da alde handia dagoela koronabirusarekin hildakoei buruzko datu ofizialen eta hilkortasunaren igoeraren artean. Nafarroako datuak argiak dira: hiru astean, uste baino 359 heriotza gehiago izan dira, eta tarte berean koronabirusarekin lotutako 163 heriotza jakinarazi dituzte. Hegoalde osoan, 567 heriotza lotu dituzte koronabirusarekin egun horietan, baina, horiek zenbatuta ere, 269 heriotza gehiago lirateke.

Bistakoa da koronabirusaren eragina: jakinarazi baino gehiago direla benetako kasuak, eta hildakoen artean ere gertatu dela hori. BERRIAk horri buruz galdetu zuen atzo Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren agerraldietan: zerekin lotzen duten hilkortasunaren igoera, eta nolatan den koronabirusari buruzko datuak baino nabarmen handiagoa. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak aitortu zuen badagoela lotura: «Agerikoa da datu ofizialetan ageri diren baino heriotza gehiagok izan dezaketela lotura gaixotasun honekin». Espainiako Osasun Ministerioaren jarraibideak betetzen dituzte Iruñeko eta Gasteizko gobernuek: testean positibo emandakoak soilik zenbatzen dituzte. «Kontuan hartzeko aldea dago baieztatutako datuen eta ezohiko hilkortasunaren artean, eta argitu egin behar da hori». Nafarroako kontseilariak nabarmendu du datuak sakon aztertzen ari direla.

Eusko Jaurlaritzak ez du eman gisa bereko erantzunik. Datuekin «gardenak» direla nabarmentzera mugatu da Mikel Sanchez Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria, koronabirusa atzemandako guztiak sartzen dituztela listan, beste gaixotasun batzuk izanda ere. Hilkortasunaz ez du erantzunik eman —agerraldietan ez dago aukerarik galdera errepikatzeko—.

Adituek ohartarazi dute azterketa sakonagoak behar direla koronabirusak zenbat heriotza eragin dituen jakiteko. Hildako askok beste patologia batzuk zeuzkaten. Badira, halere, kasuak ezkutuan geratu izanaren zantzuak. Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak koronabirusarekin lotu du hilkortasuna igo izana, eta ohartarazi du atzemandako kasuak baino hiru aldiz gehiago direla «susmagarriak», testa egin gabe daudenak. Nafarroan bertan bada heriotzetan ere hori gertatu dela erakusten duen datu bat: zahar etxeetan ofizialki 41 lagun hil dira COVID-19arekin, baina gobernuak aitortu du beste 71 heriotzatan susmoa dutela. Azken datua: Iruñeko Erregistro Zibilean 260 heriotza akta sinatu zituzten iazko martxoan; aurtengoan, 449.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikasleak euskararen aurkako erasoak salatzen, atzo, Donostian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Hezkuntza propioa eta euskalduna aldarrikatu dute kalean

Irati Urdalleta Lete

Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHUko eta NUPeko euskara taldeek eta Ikamak deituta, manifestazioak egin dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan
EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute
Euskarazko ikasketak aldarrikatzeko afixa bat, NUPen. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Osasun Legearen erreforma aurrera atera du Txibitek, eztabaida itxi gabe

Ion Orzaiz

Aldeko 49 boto jaso ditu legeak, eta abstentzio bakarra: Ezkerrarena. SMN, LAB eta UGT sindikatuekin adostutako neurriak jasotzen ditu arauak. Auziari «azken unean» heldu izana egotzi diote gobernuari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.