Koronabirusa

Bozak uztailean nahi ditu

Urkulluk datorren ostegunerako bilera batera deitu ditu talde politikoak, «hauteskundeetara hiru hilabeteko epean deitzeko aukera aztertzeko». EH Bilduk esan du orain lehentasuna ez direla bozak

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorraren saioan. Atzean, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Badauka presa Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko; EAJren (eta PSE-EEren) gobernu egonkorragoalehenbailehen izateko beharrak eragindako presa. Duela lau urte, irailaren 25ean egin zituzten bozak, baina Urkulluk aurten, lehenik, apirilaren 5erako deitu zituen. Otsailaren 10ean iragarri zuen deialdi hura, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko auzia hasi berritan. Koronabirusaren krisian Jaurlaritzak osasun larrialdia eta Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri ondoren, martxoaren 16an legebiltzarreko talde politikoekin batera erabaki zuen apirilaren 5erako deialdia indargabetzea, ordurako ez zelakoan egongo botoa emateko nahikoa bermerik osasun eta sufragiorako eskubide aldetik, eta lehendakariak eta taldeek iragarri zuten osasun larrialdia desaktibatu ostean «berehala» egingo dela bozen deialdia. Osasun larrialdiaren bukaerak ez du epe jakinik —alarma egoerak, oraingoz, maiatzaren 9ra arte iraungo du—, baina, atzo, Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak iragarri zuen abuztu aurretik nahi dituela hauteskundeak. Abuztu aurretik izatekotan, uztailean behar dute. Izan ere, osasun larrialdia alarma egoeraren oraingo epe bukaeran amaituko balitz, deialditik 54 egunera izan behar dute bozak, eta uztail arte iristen da hori.

Deialdirako eskumena Urkullurena da, baina Espainiako Gobernuak ez du ziurtzat jo EAEko hauteskundeak abuztu aurretik egingo direnik, Salvador Illa Osasun ministroak esan baitu epidemiaren bilakaerak zehaztuko duela noiz egin ahal izango diren.

Martxoko bilkuran, Urkulluk taldeekin konpromisoa hartu zuen data berriaz haiekin hitz egiteko, eta atzo, Eusko Legebiltzarreko saioan, datorren ostegunerako hitzordua jarri zien, Osasun Larrialdiko Adierazpena aztertzeko eta «hauteskundeetara hiru hilabeteko epean deitzeko aukera aztertzeko». Abuztua baino lehen beharko lukete hauteskundeek, haren arabera. Gero azaldu zuen talderen batek uste badu COVID-19aren krisiaren egoeragatik irailean edo urrian egitea hobe izango dela, «esan dezala». Uztailean inoiz ez dira izan legebiltzarrerako bozak.

Diputazio Iraunkorraren bileran agertu da Urkullu, eta hiru arrazoi eman ditu hauteskundeak abuztu aurretik egiteko. Lehenik, esan du talde politiko guztiek eskatu dutela agerraldiak edo bilerak egiteko. Halaber, adierazi du uda baliatu nahi duela legebiltzarra eta gobernua osatzeko. Bigarrenik, azaldu du osasun agintariek aipatu diotela uztailean izango dela kutsatzeko arrisku tasarik txikiena. «Udazkenaren hasieran baliteke gaixotasuna berriro hedatzea, eta ez dugu oraindik txertorik izango. Aurreikuspen horren arabera, komenigarria da uztailean hauteskunde deialdi bat egiteko aukera aztertzea». Eta, hirugarrenik, «krisiaren dimentsioak eta sakontasunak eskatzen du legebiltzarra erabat eratuta eta funtzio guztiak dituen gobernu bat lehenbailehen izatea». Haren esanetan, horrek ahalbidetuko luke aurtengo aurrekontuak gauzatzea eta hurrengo urteko kontuen nondik norakoak onartzea.

EAJk eta PSEk legealdi honetan ez du gehiengo osorik izan legebiltzarrean, eta Urkulluk otsailaren 10ean adierazi zuen horrek zaildu egin izan diela lege proiektuak eta proposamenak onartzea.

EH Bildu, «harrituta»

«Pandemiaren aurrean herritarrek behar dituzten neurriei buruz hitz egitera etorri naiz; Urkullu, ordea, hauteskundeez mintzatu zaigu». Hala adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. «Harrigarria eta kezkagarria da lehendakariak hauteskundeei buruz egin duen iragarpena, une honetan lehentasuna ezin direlako hauteskundeak izan». Iriarteren arabera, Urkulluren agerraldiaren helburu bakarrak koronabirusaren aurka Jaurlaritzak duen estrategia argitzea izan behar zuen. Alderdien eta eragile sozioekonomikoen arteko mahai baten premiaaldarrikatu du berriro, «denon artean, elkarlanean, konponbideakbilatzeko eta adosteko».

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak zalantzan jarri nahi izan du EH Bilduren lankidetza eskaintza. «Ez dakit oso zintzoa den».Esan du mahai hori badela lehendik, «[Urkulluk] martxoan ere deitu zuelako». «Politikoki aurre egin beharreko elementua birusa da, eta ez EAJ, ez lehendakaria eta ez Nekane Murga sailburua. [Oposiziokoek] Ez dezatela perspektiba galdu, zeren eta helburuak, planoak eta denborak nahasten badira, erabateko desorientazioan amaitzen da. Pandemiaren aurkako borrokan zentratzen ez bagara, denborak eta desioa errealitatearekin nahastuko ditugu» .

Idoia Mendiak (PSE-EE) lehendakariaren esku utzi du deialdia. «Urkulluk osasunerako segurtasun baldintzak eta parte hartze politikorako bermea daudela ikustean izango dira hauteskunde autonomikoak». Lankidetza eskaini dio, baita oposizioarekin konfiantza lortzeko unerako ere.

Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos) Jaurlaritzari eta EAJri eskatu die ez pentsatzeko hauteskundeetan. «Erne ibili behar da, arriskutsua baita zientzialarien aholkuak jakin gabe data bat jartzea». Carmelo Barrioren (PP) ustez, «hilaren 30eko bilerarekin hasiko da hautagaiaren [Urkulluren] hauteskunde kanpaina».

EAE-KO BOZAK NOIZ
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez dira inoiz egin uztailean.
Urrian: lautan. 1990ean, 1994an, 1998an eta 2012an.
Martxoan: bitan. 1980an eta 2009an.
Behin. 1984an otsailean, 1986an azaroan, 2001ean maiatzean, 2005ean apirilean eta 2016an irailean —25ean—.

%60
2016KO PARTE HARTZEA

1980an hasi zirenetik egiten EAEko bozak, 2016koa izan zen parte hartzerik txikienetan laugarrena: %60,02koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.