Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

Gehiengo osoa, aspaldiko partez

Jaurlaritzak 1994-1998ko legealditik ez du gehiengo absoluturik izan legebiltzarrean. EAJk eta PSEk 41 aulki dituzte, eta gobernua osatzea espero da. EH Bilduk dio gizarteak «alternatiba bakar gisa»hartu duela

Mireia Zarate, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, EAJren EBBk egindako bileran.
Mireia Zarate, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, EAJren EBBk egindako bileran. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko uztailak 14

Eusko Jaurlaritzak 1994-1998ko legealdian izan zuen atzeneko aldiz gehiengo osoa legebiltzarrean: EAJ, PSE-EE eta EArenak, 42 aulki, Jaurlaritzako lehendakari Jose Antonio Ardanza jeltzalea zela. Agintaldiaren bukaeran hautsi egin zen hirukoa, Lizarrako Akordioa baino pixka bat lehenago, PSEk utzi egin zuelako gobernua. Geroztik, Jaurlaritzak beti gutxiengo parlamentarioarekin moldatu behar izan du: 1998-2001ekoan EAJ eta EArenak 27 eserleku izan zituzten; 2001-2005ekoan eta 2005-2009koan EAJ, EA eta EBrenak, 36 eta 32 —bi agintaldiotan eta aurrekoan Juan Jose Ibarretxe jeltzalea izan zen lehendakari—; 2009-2012koan PSErenak 25 legebiltzarkide zituen, lehendakari Patxi Lopez zela, baina PPrekin itun parlamentarioa zuten, eta, haren 13 botoekin, gehiengo osoa; eta, ondoren, Iñigo Urkullu jeltzalearen Jaurlaritza gutxiengoan izan da: 2012-2016koan, bakarrik gobernatuz, 27 aulki; eta 2016-2020koan, PSE-EE izanik bazkide, 37. Ziurtzat jo daiteke berriz ere koalizio gobernua osatuko dutela EAJk eta PSEk, eta oraingoan gehiengo absolutua izango dute: 41 legebiltzarkide (31 eta 10). Urkulluk lehengo astean BERRIAko elkarrizketan garbi asko zioen: «Nahiko nuke gobernu sendo bat, gehiengo oso batekin». Badauka jadanik aukera hori.

EH Bilduk 22 legebiltzarkide lortu ditu bozetan; Elkarrekin Podemosek, sei; PP-C's-k, bost eta Voxek, bat.

EAJren lehen aukera, PSE

EAJren EBBk atzo arratsaldean egin zuen hauteskunde emaitzak aztertzeko eta hurrengo pausoak zehazteko bilera, Bilbon. Ez zuten hedabideen aurreko adierazpenik egin, baina goizean Itxaso Atutxa EAJren BBBko buruak Radio Euskadin esan zuen Jaurlaritza berriro PSE-EErekin osatzea dela jeltzaleen lehen aukera. Atutxa «ziur» azaldu da Urkullu jadanik jarri dela sozialistekin harremanetan. «Hauteskunde kanpainan EAJk ez du ezkutatu lau urte hauetan hain ondo funtzionatu duen ituna berresten saiatuko dela, gobernatu duen erakundeetan hainbat emaitza izan dituen koalizio gobernua baita», adierazi zuen BBBko presidenteak. Espero du PSE-EEren zuzendaritzak ere aukera horren alde egingo duela.

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak kanpainan aitortu du funtzionatu duen formula izan dela hori. Haren alderdiak atzo arratsaldean aztertu zituen hauteskunde emaitzak, eta EAJrekin koalizioa berresteko aukera izan zuten hizpide. Ez da inolako ustekaberik espero. Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak atzo Radio Euskadin esan zuen «herritarren bizitza hobetzea eta zerbitzu publikoak indartzea» izango dituztela lehentasun negoziazioan.

PSEn, baina, hasi da aditzen koalizio hori zalantzan jartzen duen ahotsik. Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta Espainiako diputatuak Twitterren idatzi du «estrategia aldaketaz» gogoeta bat egin beharko luketela. PSEren proiektua «itotzeko» arriskua ikusten du, eta galdetu ez ote luketen «oposizio arduratsua eta eraikitzailea» egin beharko.

Atutxa eta Andueza gustura azaldu dira igandeko emaitzekin. EAJko kideak esan du lortu dutela helburua: herrialde bakoitzeko aulki bat irabaztea. PSEkoak ontzat jo du bere alderdiak lehen baino ordezkari gehiago izatea. Atutxak, halaber, aipatu du orain arteko ordezkari abertzale gehien izango duela legebiltzarrak —53, parlamentuaren %70,6—.

Urkulluk azkar eratu nahi du Jaurlaritza, udan, «ziurtasun eta egonkortasun handiagoko posizio batetik, 2021erako ekonomia eta aurrekontu gidalerroak» prestatzen hasi, eta COVID-19ak eragindako krisiari ahal den ondoena eta azkarrena erantzuteko asmoz. Hala esan zuen joan den otsailean, apirilaren 5erako deitu zuenean bozetara. Enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua izango ditu ardatz nagusi, igande gauean Bilbon egindako agerraldian berretsi zuenez. Andoni Ortuzar EBBko buruak, berriz, krisitik «indartuta» ateratzeko «eskua luzatu» die «alderdi politiko guztiei eta euskal gizarte osoari».

EH Bildu: «Aldaketa hasi da»

EH Bilduren mahai politikoa ere atzo batzartu zen, eta, ondoren, Maddalen Iriarte Jaurlaritzarako lehendakarigaiak prentsaurrekoan adierazi zuen igandeko emaitzen ondorioz «gizarteak EAJren alternatiba bakar gisa» ikusten duela bere taldea. Kontent agertu zen: «Gure esparru politikoa indartzen eta zabaltzen ari da, goranzko joerari eutsiz azken urteotako lanari esker. Erantzukizuna eta koherentzia erakusten ari gara». Burujabetzaren, ezkerraren, feminismoaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren aldeko lana aitatu zituen.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak adierazi zuen «aldaketa jadanik hasi» dela. «Hemen dago aldaketa. Gauzatu egin behar da». Nabarmendu du EAJri 73.000 botoren aldea murriztu diotela legebiltzarrerako hauteskunde hauetan. 2016an EAJk 173.000 botoren aldea atera zien, eta atzo, 100.000koa.

Otegiren esanetan, bere taldearen igoera «egiturazkoa» da, hauteskundez hauteskunde «etengabe» doana gora, eta nabarmendu zuen «gazteek» ezker subiranistaren aldeko apustua egiten dutela. «Herri honek gure balioekin bat egiten du, gero eta modu nabarmenagoan. Gehiengo subiranista eta aurrerakoia eraikitzeko lanean jarraituko dugu».

EP eta PP-C's triste daude, batek bost aulki galdu dituelako, eta besteak, lau. Pilar Garrido EPko kideak adierazi du «gehiengo sozialaren interesa» defenditzen segituko dutela. Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko presidenteak aitortu du otsailean zuzendaritza nagusiak Carlos Iturgaiz lehendakarigai jartzea «aldaketa konplikatua» izan zela. Voxek zehaztu du bere helburua EAJren «supremazismoa eta ustelkeria instituzionalizatua» borrokatzea izango dela.

Atzerriko botoen zenbaketa

Espainiako Estatutik kanpo bizi eta legebiltzarrerako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea zutenen boto zenbaketa datorren ostiralean egingo dute. Oso parte hartze txikia izan da: %3,5, Espainiako Atzerri Ministerioaren datuen arabera. 2.672 lagunek eman dute botoa, posta bidez edo kontsulatuetan.

Herrialdekako 25. aulkiari dagokionez, Araban EAJk lortu du, eta, lehia horretan, Jaurlaritzaren datuen arabera, 226 botoren aldea dauka hurrengoarekin: EH Bildurekin. Bizkaian EH Bildurena izan da 25.a, eta 108 botoren aldea ateratzen dio PPri. Eta Gipuzkoan, Elkarrekin Podemosek eskuratu du atzeneko aulkia, eta 1.466 botoren aldea dauka EH Bildurekin.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan

Gotzon Hermosilla

Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.

Mertxe Aizpurua, gaur, Espainiako Diputatuen Kongresuan. ©JUAN CARLOS HIGALDO / EFE

EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestidura zapuztuan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

PPko presidentegaiak aldeko 172 boto jaso ditu, eta aurkako 178. Ostiralean bozkatuko dute berriz. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.

Tindaketa faxisten kontrako manifestazioa, Kanbon ©Guilaume Fauveau

Baionan eskuorri faxista bat banatu dutela salatu dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Musulmanen eta arabiarren kontrako mehatxu bortitzak irakur daitezke paper horretan; are gehiago, Baionako okindegi baten kontra egin dute langile batek beloa duelako. Besteak beste, Etorkinekin federazioak, EH Baik eta LAB sindikatuak salatu dute gertatutakoa.

Noain ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.