Memoriaren ertzak. Memoriaren ertzak (I). Erakundeak eta eragileak.

Memoriaren liburua osatzeko oraindik

Urrian hamar urte beteko dira ETAk indarkeria behin betiko uzteko erabakia iragarri zuela. Gertatutakoaren memoria biltzeko eztabaida politikoa blokeatuta badago ere, urratsak egin dira arlo instituzionalean: Gogora institutua sortu da, eta adostasun handia dago orotariko indarkerien biktimen aitortzari buruz, nahiz eta haien arteko egoera asimetrikoa den.

Gogora-ren Memoria Plaza erakusketa ibiltaria, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Urriaren 20an hamar urte beteko dira ETAk indarkeria uzteko behin betiko erabakia iragarri zuela. ETAren desarmatzearen auzia bideratu zen, baina oraindik ere arantzaz beteriko korapiloak geratzen dira askatzeko. Presoena da bat, eta bestea, nagusiki, memoriarena. Izan ere, ETAren armak isildu ziren, baina hala ETAk nola estatuak eragindako indarkeriaren gaineko kontakizunen batailak jarraitu egin zuen. Historia memoriaren zientzia omen da, eta gertakari historiko urrunekoen zein hurbilekoen kontakizunak konfrontazio iturri izaten dira maiz. Gertatutako guztiaren kontakizunak biltzeko erronka handia geratzen da oraindik. Hamar urteko perspektibak aurrean diren zailtasunen zantzu batzuk eman ditu. Hori aztertu nahirik, bost erreportajeko sorta bat kaleratuko du BERRIAk datozen egunetan.

EAE
Eztabaida kateatuta,baina urratsak egin dira


Arlo politikoan, gertatukoaren memoria bildu eta kontakizuna josteko ahaleginean, eztabaida politikoa kateatuta dago, ez atzera ez aurrera. Nahiz eta puntu komunetara heltzeko aukerak egon daitezkeen, diferentziek indar handiagoa dute. Euskal politika goitik behera baldintzatu duen gaia izaki, tonu politikoak edo argudioen errepikatzeak ez du modurik ematen urrats handirik egiteko. Blokeo horren adibide garbiena, izen desberdinekin aurreko legealdietan osatu diren bake eta memoria lantaldeak dira.

Zailtasunetako bat zoru etikoarena da, beharrezkoa ote den eztabaidaz harago, elkarrizketa politikoa baldintzatzen baitu. 2012an, EAJk, PSE-EEk, PPk, UPDk, EBk eta Aralarretik bereizitako legebiltzarkideek hitzartu zuten, besteak beste, memoria «ez-neutrala eta aktiboa» izan behar zuela eta «terrorismoaren deslegitimazioa bilatu». Alta, une hartan EH Bildu ez zegoen legebiltzarrean eta urte hartako bozetan bigarren geratu ondotik, bake lantaldea osatu zenean EAJrekin batera bakarrik geratu zen organo hartan. PPk eta PSE-EE interpretatu zuten zoru etiko hura beheratu egin zela. Blokeo hura gainditu asmoz, 2015ean, Arantza Quiroga EAEko PPko orduko presidentea ahalegindu zen urrats txiki bat egiten, eta proposatu zuen gaitzespenaren ordez, indarkeriaren arbuioa eskatzea. Handik gutxira kargua utzi behar izan zuen Quirogak. Bost urte geroago, PPk jarraitzen du «ezinbestekotzat jotzen ETAren kondena argia».

Iragan legealdian, memoriaren lantaldea osatu zen berriz, eta orduan ere PP kanpoan geratu zen. Alta, gobernu akordioan jasorik zegoenez, PSE-EEk parte hartu zuen memoriaren lantaldean. Lehen fase batean, ETAren eta GALen biktimen testigantzak entzun ahal izan ziren, eta, legebiltzarkideen arabera, entzuketa ariketa hura interesgarria eta emankorra izan zen; baina negoziaziorako txanda heltzean azaleratu ziren oztopoak.

Alderdiek diskrezioz garatuzuten lana, eta Ana Oregi batzordeko buru jeltzaleak adostasunerako proposamena egin ondotik, 2018ko abenduan, PSE-EE mahaitik altxatu zen, kritika gogorrak eginez. Proposamenari irmotasuna falta zitzaiola eta zoru etikoa jaisteko prest ez zeudela azaldu zuten sozialistek.

Blokeo hura gainditu ezinik, kale itsu batera iritsi zen lantaldea. Hasi berri den legealdian, ez dirudi hirugarren aldiz lantaldea osatuko denik. Gai horretan gobernuko bi bazkideek talka egin ostean, orain begi onez ikusten dute eztabaida Gogora institutuaren zuzendaritzara eramatea. Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuaren hitzetan, «lehentasunezkoa» da akordioa, eta uste du Gogora-ko zuzendaritzan talde guztiek, PPk barne, ordezkaritza izateak lagun dezakeela.

Kontrara, Gogora-ko zuzendaritzako indar korrelazioa ez da legebiltzarreko bera —legebiltzarrak bost kide izendatzen ditu; Jaurlaritzak, hamalau; aldundiek, hiru; Eudelek, hiru, eta legebiltzarrak izendatutako hiru kide—. Horregatik, desoreka politiko horrek eta orain arte zuzendaritzaren bilerak eztabaidarako gune ez izateak dudak eragin dituzte.

Besteak etekin politikoa aterako ote dion susmoak ez du laguntzen. Iraganaren analisi kritikoa egitea eskatzen denean, hatz gehienek EH Bildurengana jotzen dute, politikoki hura kritikatzeko asmoz. Iraganeko bestelako indarkerien aurrean ardura politikoekiko jarrera lausoagoa dela antzematen dute koalizioan. Hizkuntzak ez du laguntzen. Zoru etiko edo gaitzespen moduko hitzak exijentzia gisa jartzea oztopo izan daitezke ados jartzeko.

Horrek ez du esan nahi azken hamar urteetan urratsik egin ez denik. Aurreko bi legealdietan bake plan bat eta bizikidetzaren beste bat onartu dira, eta horietan «iraganeko indarkeria ororen inguruko memoria kritikoa» sustatzen da. Plan horien mugarrietako bat, hain zuzen, Gogora institutua izan da: 2014 amaieran Eusko Legebiltzarrak memoriaren institutua sortzeko legea onartu eta 2015eko uztailaren 1ean sortu zen. Bost urteotan, urtero Memoriaren Eguna antolatzeaz gain, beste hainbat egitasmo bultzatu ditu: 2016ko urtarriletik, memoriaren plaza erakusketa ibiltariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei udalerri inguru zeharkatu ditu ETAren, GALen eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimen testigantzak bilduz; biktimen zein herritarren testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezko funts bat bultzatu du; biktimen arteko topaketa eta jardunaldiak antolatu ditu... baina izan dira desadostasunak antolatu dituen zenbait egitasmotan ere.

Azaroaren 10ean egin zen Memoriaren Egunaren atarian, Jose Antonio Rodriguez Ranz Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak zioen memoriaren liburua idazten ari dela euskal gizartea: «Liburu horretan, lehenengo kapitulua, garrantzizkoena, ETAri dagokionak izan behar du, baina hori ezin da izan bakarra. Kapitulu gehiago izan behar ditu liburuak, giza eskubideen beste urraketak ere jasotzeko». Memoriaren liburu hori osatzeko orduan, ETAren eta estatuaren zein beste indarkerien biktimen egoera asimetrikoa da, eta horrek iraganeko memoriaren kontakizunean eragiten du. Dena den, apurka bada ere, bidea egiten ari da.

Atzerako begirada horretan torturaren gaia mahai gainean jarri dute erakundeek. Jaurlaritzaren enkarguz EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960tik 2014raino 4.113 tortura kasu ikertu zituen, eta agerian utzi zuen errealitate lazgarri hori. Horrez gain, 1960tik trantsizioko lehen urte arteko giza eskubideen urraketen gaineko ikerketa egiteko balorazio batzorde bat izendatu zen, eta biktima horien gaineko gomendioak plazaratu zituen. Legealdi honetako zeregin nagusietakoa izango da 1978tik 1999ra arteko giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen kasuak aztertzea. Urte horietan izandako motibazio politikoko biktimak aitortzeko legea onartu zuen legebiltzarrak 2016an, baina PPk Konstituzionalera eraman zuen auzia, eta uztailean epaia ebatzi arte, geldirik egon da. Legealdi honetako zeregina izango da atal garrantzitsu horren gainean argitzea.

NAFARROA
Eskuinaren zaratak baldintzatuta ere, aurrerantz


2011ko urriaren 19a denboran izoztuta geratu izan balitz bezala, ETAk iragarpen historikoa egin ez balu bezala jardun zuen UPNren gobernuak, Yolanda Barcinaren agintaldian. Navarra Suma koalizioak berdin jarduten du. Pisu politiko handia duen heinean, oraindik ere harrabotsa egiteko gauza da, eta, memoriaren arloko politiketan eragiten zein oro har politika orokorrean baldintzatzen ahalegintzen bada ere, errealitateak erakutsi du hamar urte ez direla alferrik iragan. Barcinaren agintaldiaren amaieran geratu zen agerian hori aurrenekoz.

2010eko martxoan, Nafarroako Parlamentuak ETAren biktimen aitortzarako legea onartu zuen, baina legediaren babesetik at geratu ziren estatuaren zein eskuin muturreko indarkeriaren biktimak. 2014 amaieran, haientzako lege propioa bultzatu zuen oposizioak. Legealdi hasieran gobernuko UPNren koalizio kide izan zen PSNk ere bat egin zuen bide hartan, eta lege haren tramitazio bideak berak keinu sinboliko esanguratsuak ekarri zituen. Lehen aldiz, parlamentuan euren lekukotza eman ahal izan zuen biktima talde handi batek.

Tramitazio haren amaieran, oposizioko taldeek legea aurrera atera zuten; parlamentuak izendatuta, aditu independentez osatutako egiaren batzorde moduko bat eratzea jaso zuen legeak. Haatik, batzorde hark «justizia paralelo bat» bultzatzea bilatzen zuela argudiatuta, PPk Konstituzionalera jo zuen.

Oztopo judizial horrek nabarmen baldintzatu zuen ondorengo legealdian Uxue Barkosen gobernuak bake eta bizikidetza zuzendaritzatik biktima oro aitortzeko bidean garatu nahi izan zituen politikak, biktimen arteko egoera asimetrikoa orekatzeko eta, ondorioz, memoriaren liburua osatzeko bidean galga jarri zuelako. Hala eta guztiz ere, keinu adierazgarri gisa, 2017ko otsailean, lehen aldiz motibazio politikako biktimei omenaldi orokorra egin zien gobernuak.

Eskuineko alderdiek ozen egin zuten protesta, eta elkarbizitzaren auzia politikoki erabiltzeko saiakerak ere asko zaildu du gobernuaren jarduna iragan legealdian zein honetan. Hori argi islatu da ETAren biktimen artean sortu den arrakalarekin. Aurreko urteetan omenaldia egiteko saiakerari ezezkoa eman ostean, 2018ko martxoan, gobernuak omenaldi bat bultzatu zuen, eta, biktima gehien ordezkatzen duen AVTk baiezkoa emanagatik, talde batek Anvite elkartea sortu zuen. AVTko presidenteak publikoki salatu zuen elkartea «alderdi batek [UPN] politikoki erabilia» zela.

Egoera ez da aldatu geroztik. Gobernuak biktima guztiekiko harremanean lan isil eta ikusezina garatzen badu ere, tentu handiz ibili behar dutela onartzen dute, Anvitek egiten dituen salaketa publikoak direla medio.

Legealdi honetan, herritarrekiko departamentuaren ardurapean den bake eta bizikidetza zuzendaritzaren erronka nagusietakoa elkarbizitzari buruzko plan estrategikoa garatzea da. Egitasmoaren helburua zabalagoa izanagatik, iragan hurbilaren memoria da ardatzetako bat. Iraganean izandako indarkeria berriro ez errepikatzeko, memoria funtsezko erreminta dela deritzo, baina, horrekin batera, garrantzitsutzat jotzen dute elkarbizitzari buruzko politika publikoak garatzea. Alderdien eta eragileen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko fasean dira uneotan hala nola Foro Soziala, Amnesty International, AVT eta Covite.

Dena den, ezin izan dute polemika saihestu. Prozesuaren hastapenetan Navarra Suma eta iragan azaroan Anvite elkartea mahaitik altxatu ziren, salatuz elkarbizitza planak ez zuela zilegitasunik Txibiteren gobernuak aurretik «EH Bildurekin aurrekontu akordioa sinatu zuelako». Diferentzien gainetik elkarbizitzaren beharra sustatzea duen egitasmoa dela jakinik, gobernuak erantzun du ez duela betorik onartuko. Helburua da ekainerako egitasmoa kaleratzea.

ETAren biktima elkarte horrek politikan eragiteko asmoari eusten dion bitartean, estatuaren zein eskuin muturreko biktimek ez dute oraingoz lege estaldurarik Nafarroan. Asimetria horren adierazle, ETAk Nafarroan zein nafar jatorriko herritarren artean eragindako 56 biktimen eta euren kasuen egoera judizialari buruzko azterketa egin zuen iaz Ignacio Angel Perez Maciasek. Horietatik hamar auzi argitu gabe zeudela baina administratiboki guztiak aitortuak zirela zioen txostenean. Estatuaren biktimen kasuan, egoera bestelako da: judizialki argitu gabe daude, eta aitortzarik zein erreparaziorik ez dute.

2018ko udan, Konstituzionalak indargabetu egin zuen 2015eko legearen funtsa eta, Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen ildotik, parlamentuak beste bat aurrera atera zuen 2019an. Gobernuaren zerbitzu juridikoek argi dute Konstituzionalak ez duela berriki ezarritako doktrina auzitan jarriko, eta, EAEko legearekin egin bezala, oraingo honetan baiezkoa emango diola edukiari. Epaia iristear dela uste dute, eta argitaratu bezain azkar, legean jasotako batzordea osatzeko asmoa dago. Urrats ezinbestekoa da hori motibazio politikoko biktimen aitortzarako prozedurari ekiteko.

IPAR EUSKAL HERRIA
Gizartearen bultzada


Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagozkien instituzioetan ez da gaurdaino egitasmo ofizialik abiatugatazkaren ondorioei buruz, ezta memoriari buruz ere. 2014ko urriaren 24an, Baionan izenpetu zuten adierazpena da gaur arte egin diren urratsak gidatu dituen bide orria.

Adierazpenaren bigarren puntuak «gatazkaren ondorioak eta adiskidetzea» aipatzen zituen, eta gatazkari lotutako gertakariak argitzeko, «biktima guztien sufrikarioaz» ezagutze orokorra bermatzeko eta ordaintze bide ezberdinen definitzeko «berezilari» talde bat sortzeko beharra azpimarratzen zuen. Ordutik, gizarte zibilaren bultzadaz eman dira urrats gehienak. Bake Bideak jardunaldi eta konferentzia bat baino gehiago antolatu ditu Ipar Euskal Herrian eta Parisen, gatazkaren bi aldeetako biktimei hitza eman eta bizikidetzarako urratsak egin behar direla azpimarratzeko.

Bihar: Hezkuntza .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.