Olanok dio ezin zaiela uko egin EAJ eta EH Bilduren arteko akordioaren oinarriei

Gipuzkoako ahaldun nagusiak «babes osoa» agertu dio estatutu berriaz orain arte adostutakoari. Erabakitzeko eskubidearen «erakundetzea» aldarrikatu du

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, atzo, Donostian, foru gobernuaren bileraren osteko agerraldian. BERRIA.
edurne begiristain
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak «babes osoa» azaldu dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berriaren oinarri politikoen gainean EAJk EH Bildurekin lortutako akordioari, iritzita testu horrek erabakitzeko eskubidearen «erakundetzea» bilatzen duela. Foru gobernuaren bileraren osteko agerraldian mintzatu da Olano estatutu berriaren inguruan, Donostian. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bezala, Olanok iritzi dio ona dela akordioak zabaltzea, baina ohartarazi du oinarriei «uko egin gabe» egin beharko dela hori. «Garbi daukat erabakitzeko eskubidea ezin dugula alde batera utzi adostasuna areagotzeko».

Urkulluk herenegun eskatu zuen EAEko estatutu berriaren akordioa «bideragarria» izan dadila, eta uste du «aztertu» egin beharko dela EAJk eta EH Bilduk adostutako guztia. «Biderik egingo ez duen testu batekin gelditu nahi badugu, lehendik ere baditugu testuak», zioen lehendakariak, 2004ko estatutu egitasmoari aipamena eginez bezala.

Olanoren ustetan, erabakitzeko eskubidea alde batera utziko balitz, «erabat urardotuko» lirateke EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean onartutako oinarriak, eta «izugarrizko etsipena» eragingo luke euskal gizartean. Gainera, uste du funtsezkoa dela bi indar politikoek Autogobernu lantaldean lortutako akordioan erabakitzeko eskubidea jasotzea, hartara Euskal Autonomia Erkidegoa «ekonomikoki eta sozialki garatzeko eta jauzi bat emateko». Halaber, nabarmendu du «EAJko afiliatu eta militante guztiok oso argi daukagu erabakitzeko eskubidea dela garai politiko berri honetako irizpide politikoa». Ondorioz, «Espainiako Estatuarekin harreman eredu berri bat» finkatzearen alde azaldu da, eta uste du lantaldearen garapenak baldintzatuko duela giro politikoa.

Gizartearen parte hartzea

EAEko autogobernuaren inguruko eztabaidan gizartearen partaidetza bultzatzea egokia dela nabarmendu du, eta eskatu du«gizartearen gehiengoaren borondateari bidea emateko eta errespetatzeko».

Ahaldun nagusiak berretsi du diputazioak konpromisoa daukala eredu sozial «integratzaile, kohesionatu eta aurreratu bat» bultzatzen jarraitzeko. Haren arabera, erkidegoko estatus berriak «aukera paregabea» eskainiko luke horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.