Zazpi mahai antolatu dituzte

Astelehenetik aurrera, gobernu akordioa lantzeko zazpi atalez negoziatuko dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Horiek hitzartu ondoren, autogobernuaz mahai politikoa eratuko dute

PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariak, atzo, Iruñean, gobernu akordioa lantzeko bileran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernua eratzeko lanetan, ez dute baztertzen sanferminetan ere berriro biltzea. Astelehenean PSNk hiru alderdiri helarazitako dokumentua lanerako «oinarrizko tresna» izango da. Idatziari ekarpenak egin dizkiote Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta astelehenetik aurrera zazpi mahai antolatuko dituzte legealdirako akordio programatikoa hitzartzeko. Gaur batzorde horietan zeinek parte hartuko duen zehaztuko dute.

Atzo arratsaldean, ordubete eskas iraun zuen haien bilerak. Negoziatuko dituzten zazpi atalak sailkatu zituzten: hezkuntza, kultura eta kirola; osasuna; berdintasuna, Nafarroa soziala eta gazteria; hizkuntza politika; enplegua, ekonomia eta zerga arloa; bizikidetza, memoria eta funtzio publikoa; eta tokiko administrazioa, ingurumena, iraunkortasuna, energia berdea. Horiek hitzartuta, azken mahai politiko bat eratuko dute: autogobernuari buruzkoa.

Aurrera egiteko borondate irmoa eta lasaitasuna azpimarratu nahi izan zituen Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak: «Urratsez urrats joan behar gara, akordioak erdietsiz, tinko eta seguru. Herritarrek jakin behar dute helmugara iritsiko garela, eta, ondorioz, konfiantza eman nahi dugu 23 parlamentariko akordioa erdietsi eta etorkizuneko gobernu hori osatzeko. Bat egiten dugu denok helburu horierdiesteko asmoan. Eta, batez ere, baikortasuna adierazi nahi dugu. Oinarri nahikoak badaude».

Geroa Baiko Koldo Martinez ere itxaropentsu agertu zen. «Gobernu aurrerakoi eta plurala egiteko apustu argia da. Akordio programatiko sendo bat behar dugu». Joan den astelehenean bezala, onartu zuen PSNk aurkeztutako dokumentuaren doinua «gustuko» dutela: «Orain, musika horri letra jarri behar diogu, eta, logikoki; puntu batzuetan erabat ados gaude, beste bertsoren bateangutxiago, eta beste pasarte batzuk erantsi egin nahi ditugu».

Datorren aste amaierarako akordioa erdiestea espero dute, baina, bestela, prest azaldu dira sanferminetan lanean jarraitzeko. 2015eko negoziazioetan gertatu bezala. Dena den, Geroa Baik azpimarratu zuen akordio «sakona» lortzea dela lehentasuna, eta presaren zein mamiaren artean oreka bilatu behar dela.

Ezein alderdik ez zuen aurreratu dokumentu horren edukia, baina sektoreen izenak aditzera ematen du jadanik non diren lehentasunak. Korapiloetako bat hizkuntza politika izan daiteke. Horri buruz galdetuta, Koldo Martinezek azaldu zuen PSNren agiriak dakartzan puntu nagusien filosofia politikoarekin bat egiten dutela. «Baina horiek garatu egin behar dira. Barkosen gobernuak egindako guztia filosofia berean oinarritzen da».

Goizeko bilerak

Bilera izan aurretik, goizean, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea banaka bildu zen Uxue Barkos Geroa Baiko eledunarekin, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorrizekin, eta Navarra Sumako Javier Esparza, Carlos Perez Nievas eta Jose Suarezekin. Negoziazio prozesuari begira, «oso baikor» agertu zen Txibite goizean ere. PSNk ez du presarik. «Atzerapenak bidaide txarrak dira, ez badaude justifikatuta», Txibiteren arabera; «gauzak ongi egin behar dira».

Kezkatuta agertu zen PSNren hautagaia, negoziazioak aurrera egin ahala eskuina «konfrontazio politikorako erabiltzen ari delako Nafarroa». Egunotan, Espainiako hainbat komunikabide gezurrak eta erdi egiak zabaltzen ari direla kritikatu zuen, eta argi utzi estrategia horren aurrean PSOErekin «koordinazio bikaina» duela. Nahiz eta balizko inbestidura baterako gutxienez EH Bilduren abstentzioa beharko lukeen, Txibitek berretsi zuen ez dutela EH Bildurekin hitz egiteko asmorik.

Kezkatuta agertu zen Barkos ere, Nafarroaren «irudi desitxuratua» ematen ari direlako hainbat komunikabide «interes eta asmo politiko zehatzengatik». Haren irudiko, eskuina bilatzen ari da Nafarroa «truke txanpona» izatea. Berretsi zuen Nafarroarentzat egonkortasuna bermatzea dela garrantzitsuena, eta bide horretan «kide txarra« izan ohi dela «negoziazioen atzerapena». PSNk EH Bildu negoziazioetatik baztertzeko erabakiari buruz, Barkosek adierazi zuen alderdi sozialistari dagokion erabakia dela.

Esparza, berriz, haserre agertu zen. Biltzeko asmoz, hiru telefono dei egin dizkio Txibiteri, baina buruzagi sozialistak hiru aldiz erantzun dio ezetz. Navarra Sumako hautagaiaren arabera, «koherenteena» PSNk Navarra Sumarekin negoziatzea izango litzateke. Aurreko legealdian erakutsi bezala, proposamenen %80an ados daude PSNrekin, eta, haren ustez, aski litzateke gainerako %20 hori negoziatzea. Gogora ekarri duenez, bat egiten dute AHTaren auzian, Nafarroako ubidearen bigarren fasea eraikitzean, hizkuntz politikan, udal maparen legearen aurkako kritikan, enplegu planen beharraz...

Horregatik, Esparzak ez du ulertzen PSNk zergatik hartu duen beste norabide bat. «Herritarrek laukoaren politikei ezezkoa eman zieten hauteskundeetan, eta orain ematen du sozialistek laukoarekin batera gobernatu nahi dutela, Uxue Barkosen eta Adolfo Araizen politikak egiteko. PSNk porrot egin duen gobernu baten lidergoa izan nahi du».

Esparza ez da fio PSNz

Navarra Sumaren lehendakarigaiak dio ez duela sinesten PSNk EH Bildurekin negoziatuko ez duela. Haren ustez, «fokuak itzaltzen direnean EH Bildurekin hitzartuko du PSNk», eta Nafarroako Gobernua «nazionalisten menpe» geratuko da. Esparzak logika bakarra ikusten dio PSNren jokabideari: «Eserleku kontua da, bestela ez baitu zentzurik». Horregatik, «Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakari izan badaiteke ere, ez da nafarren lehendakari izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.