Amaitu da aireportuko greba

Gutxieneko baldintzak adostuta, greba deialdia bertan behera uztea erabaki dute Loiuko aireportuko langileek. Eskatu baino lanpostu gutxiago lortu arren, negoziatzeko abiapuntua dela uste dute

Joan den igandea izan zuten azken greba eguna Loiuko aireportuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Negoziazio egun luzea izan zuten atzo Loiuko aireportuko (Bizkaia) AENAko langileen ordezkariek eta zuzendaritzak. Goizean enpresak egindako proposamena oro har ontzat jo zuten sindikatuek. Baina arratsaldera arte ez zuten lortu akordioa fintzerik: edukiarekin ados zeuden, baina sindikatuek uste zuten idazteko moduak ezberdin ulertzeko bidea errazten zuela. Azkenerako, lortu zuten forma ematea. Eta, bi aldeen sinadura izan duen hitzarmen horrekin, bertan behera geratu dira CCOO, LAB, ELA eta USO sindikatuek datozen egunetarako deitutako greba egun eta lanuzteak. Bihar egin behar zuten hirugarren greba eguna; iragarria zuten hogei bat hegaldi bertan behera geratuko zirela. Grebarik gabe, ez litzateke arazorik sortu behar, baina badaezpada aireportura joan aurretik hegaldia egiaztatzeko eskatu die AENAk bidaiariei.

«Gutxieneko akordio esanguratsua» da, CCOOko kide eta langile batzordeko presidente Jose Manuel Lorenzorentzat. «Adostutako testua negoziatzen jarraitzeko abiapuntua dela uste dugu guk». Lorpen gazi-gozoa izan da sindikatuentzat. Loiuko aireportuan ia bikoiztu egin da hegaldi eta bidaiari kopurua azken urteetan, baina AENAren lantaldeak oro har egonkor mantendu dira; enpresak berak esan du %16 hazi direla. Sindikatuak ez datoz bat kopuru horrekin, baina iruditzen zaie gutxi direla hala balitz ere. «Lantaldea ia hazi gabe, ezinezkoa da bidaiari kopuru bikoitzari zerbitzua behar bezala ematea». Lan karga gutxitzea izan dute aldarrikapen nagusia. Horri konponbidea jartzeko, 30 lanpostu berri inguru behar direla uste dute; enpresak hamar bat eskaini zizkien atzo.

«Argi dago ez dugula nahi genuen guztia lortu, baina ikusi dugu enpresak jarrera aldatu duela, negoziatzeko eta proposamenak egiteko prest dagoela, eta negoziazioekin grebarik gabe jarraitzea erabaki dugu», azaldu du Aitor Garmendia ELA sindikatuko ordezkariak. Haren esanetan, grebak «kalte handiegia» eragiten zien langile eta bidaiariei: «jarraituko dugu gure aldarrikapenekin, baina grebarik egin gabe, oraingoz». Ohartarazi dute oso adi ikusiko dutela ea enpresak hitza betetzen duen edo ez.

Segurtasuna, akordio faltan

Sindikatuek «larrien» ikusten zituzten lantaldeetan egin die eskaintza: bidaiariei arreta emateko zerbitzuan, bospasei lanpostu berri; administrazioan, bi «gutxienez»; koordinatzaile bat, prebentzio teknikari bat... «Lan karga handienak txikitzeko balioko du, baita behin-behinekotasuna apaltzeko ere», nabarmendu du Lorenzok. Izan ere, arlo horietan egon da behin-behineko langile gehien. Bidaiarien arreta zerbitzuko langile berriak «aurki» hasiko dira, eta gainontzekoak apurka-apurka laneratuko dira. «Kontratazioak ez ditu aireportuak egiten. AENAren zuzendaritzak egiten ditu, Madrildik, eta prozedura batzuei jarraitu behar diete».

Lan karga handieneko arloak ez ezik, segurtasunari lotutakoak ere izan dira kezka iturri sindikatuentzat. Azken urteetan, AENAk hiru suhiltzaile postu amortizatu ditu erretiroak aprobetxatuta; hala, gaur egun, txanda guztietan ez dira sei suhiltzaile egoten; batzuetan bost dira. Sindikatuen aldarrikapen nagusienetakoa izan arren, ez dute postu berririk lortu; halere, batzorde parekide mistoa sortuko da, egoera aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.