Ortuzarren iritziz, adituek jaso dituzte lantaldeak adostu zituen «oinarri politikoak»

EBBko buruaren esanetan, estatus politiko berrirako testuarekin «aurrepauso nabarmena» ematen da «autogobernuaren kantitatean eta kalitatean»

Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, atzo, Bilbon, Sabin Etxean egindako agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gustura dago Andoni Ortuzar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko eta juridiko berrirako aditu taldeak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako testu artikulatuarekin. Atzo, EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak agerraldi bat egin zuen Bilbon, Sabin Etxean, txostena baloratzeko, eta, adierazi zuenez, dokumentu horekin «aurrerapauso nabarmena» ematen da «autogobernuaren kantitatean eta kalitatean». Hala izango da, haren esanetan, testuak jasotako proposamenak akordio politiko batean hezurmamitzen badira. Eta, EH Bildu konforme ez dagoen arren, uste du, gainera, EAJk eta koalizio subiranistak EAEko estatu berrirako iazko irailean Autogobernu Lantaldean adostutako «oinarri politikoak» adituek jaso dituztela .

Prentsaren aurrean azpimarratu zuen Gernikako Estatutuak 47 artikulu dituela, eta azkeneko hamahiru hilabeteotan aditu taldeak landutakoak, 146. Jeltzaleek beren burua islatuta ikusten dute horretan: «Jasotzen du Euskadiren nortasun nazionala, estatuarekin aldebiko harremana, Kontzertu Politikorako Batzorde bat osatzea, eta erabakitzeko eskubidea ere badago».

Aditu taldeak, ordea, ez du aspektu horri buruzko formulazio bat adostu. EAJk eta EH Bilduk iazko irailaren 12an adostu zituzten oinarrien arabera, «estatus berrian, euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz». Erabakitzeko eskubideari buruz Mikel Legarda EAJren adituak testu artikulatuan jasotakoak, baina, beste zerbait esaten du erabakitzeko eskubideaz: «[...] libreki eta demokratikoki adierazten da erabakitze eskubide hori, eta Estatuarekin hitzartutako erabakitze eskubidearen erabilera».

Erabakitzeko eskubideak «lege babesa» eduki dezan, Ortuzarren aburuan «ez da beharrezkoa»Espainiako Konstituzioa erreformatzea. Legardak eta PSE-EEko adituak (Alberto Lopez Basaguren) eta Elkarrekin Podemosekoak (Arantxa Elizondo) osatu dute atzo legebiltzarrera iritsitako testua, eta Autogobernu Lantaldea hilaren 11n hasiko da txostena aztertzen.

Ortuzarrek uste du aditu taldeak bere egitekoa betetakoan pilota alderdi politikoen teilatura itzuli dela. «Adituen txostenak sakon aztertu eta estatus berriaren proposamen formal bat egite aldera, EAJ hausnarketa aldi bat irekitzearen aldekoa da». Hausnarketa horrek balio beharko luke, EBBko buruaren hitzetan, «kontsentsu zabalago» bat lortzen ahalegintzeko. Izan ere, EH Bilduk eta PPk ez dute bat egin EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen adituek artikulatutako testuarekin. Ohartarazi du, halere, dokumentu nagusiaren «%80 baino gehiago» adostuta dagoela dagoeneko.

EH Bilduri «atzerapausoa» iruditzen zaio testua. Hori dela eta, koalizio subiranistak aditu taldean edukitako legelariak, Iñigo Urrutiak, testu propioa entregatu zuen herenegun legebiltzarrean; Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak herenegun nabarmendu zuenez, «Ibarretxe plana baino murritzagoa». Legardak berak azalpen gehigarri bat txertatu du testuan, Urrutiaren dokumentuaren zati bat babestuz.

EH Bilduren testua ere izan zuen hizpide EBBko presidenteak. Pentsatzen du «ikuspegi maximalista» duela oinarriekin alderatuta, eta koalizio subiranistak badakiela «konstituzioa, estatutua eta Autogobernu Lantaldearen beraren agindua» gainditzen dituela; «[EH Bilduri] Berdin zaio indarrean dagoen legedia; are, prozedurak ere berdin zaizkio».

PSE-EE eta Katalunia

PSE-EErentzat, ezin da konstituzioa aldatu «estatutuaren bidez». Idoia Mendia alderdiaren idazkari nagusiak ere adituen testua baloratzeko agerraldi bat egin zuen, eta EAJri ohartarazi zion «esperientzia hori» ezaguna dela. «Esperientzia hori jarraitu zuen Kataluniak, eta esperientzia hori da Euskadirentzat nahi ez duguna». EAJri eskatu dio «maximalismo nazionalistak» albo batera uzteko. «Orain jeltzaleei dagokie erabakitzea euskal gizartearen parte bat baztertu nahi duten, ala hurrengo berrogei urteetarako akordio zabal bat lortu nahi duten».

Sozialisten eta jeltzaleen arteko «aldeek» bere hartan jarraitzen dute, Mendiaren iritzian. Horietako bat da erabakitze eskubideari buruzkoa. «Sozialistak ez gara hor egongo. Erabakitzeko eskubidea deitutakoa ez baita eskubide hori: beharrezkotzat hartzen bada independentzia erabakitzeko nazionalisten aldarrikapena da». Bestalde, adituen testuak jasotako kontsulta gaitzaileari dagokionez, Mendiak uste du horrek «gehiengo soziala eta legezkotasuna konfrontatu» nahi dituela, eta «ahalegin esklusiboki nazionalista» dela. Horrenbestez, iruditzen zaio sozialistek ezin dutela «proposamen propio gisa onartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.