EAJren Aberri Batzarrak eta PSEko militanteek akordioa berretsi dute

Aberri Batzarrak «aho batez» onetsi du gobernu hitzarmena, eta botoa eman duten PSEko militanteen %93k babestu dute ituna. Koalizio akordioa sinatuko dute gaur Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia botoa ematen, atzo, PSEren Bilboko egoitzan. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
EAJko Aberri Batzarrak eta PSEko oinarriek baiezkoa eman diote, ia aho batez, bi alderdiok joan den astean lortutako gobernu akordioari. EAJko eta PSEko zuzendaritzek joan den ostegunean itxi zuten koalizio gobernu baterako aurreakordioa, eta alderdi bakoitzeko organoek atzo zuten oniritzia emateko azken eguna. Jeltzaleek Aberri Batzarra bildu zuten arratsaldean Bilbon, Sabin Etxean, eta iluntzean ohar batean jakinarazi zuten barne organo horrek behin betiko onespena eman diola itunari, «aho batez».

Sozialistek, berriz, militanteen artean egin dute galdeketa: igandean hasi zuten kontsulta, eta atzo arte zuten botoa emateko epea. Igandean bertan, botoa telematikoki eman ahal izan zuten, eta atzo, telematikoki nahiz aurrez aurre, PSEren egoitzetan. Orotara, 5.115 kide zeuden deituta botoa ematera, eta 2.992 boto zenbatu zituzten, erregistratutako militanteen %58,49. Horien artean, %93,15ek babestu dute gobernu akordioa; %5,65ek bozkatu dute kontra, eta %1,2k eman dute boto zuria. PSEko militanteek galdera bati erantzun behar zioten kontsultan: «PSEk Euskadiren gobernabiderako akordio bat lortu du EAJrekin. Babesten al duzu akordio hori? Bai/Ez».

Programari buruzko akordioaren eduki osoa ezagutu gabe eman dute botoa PSE-EEko militanteek. Joan den ostegunean zuzendaritzek onartutako dokumentua bost orrikoa da, eta itunaren ardatz nagusiak baino ez ditu jasotzen. Ehundik gora orri ditu koalizio gobernurako akordioak, eta gaur dira sinatzekoak legebiltzarrean Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria, Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidentea, eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia. Gaur ezagutuko dira, beraz, itunaren xehetasunak.

Hitzarmenak EAJko eta PSEko barne organoen babesa lortu eta gero, gobernu berriaren osaketaren berri izatea falta da. Sailen banaketari buruzko negoziazioetan ari dira bi alderdietako zuzendaritzak, eta astea amaitu baino lehen jakingo dira Jaurlaritzako sailburu berrien izenak. Azken legegintzaldian hiru sail egon dira sozialisten esku, eta litekeena da datorrenean ere pisu berbera izatea. Azken egunotan hainbat iturrik zabaldutakoaren arabera, sozialistek nahi dute Idoia Mendia lehendakariordea izatea.

Mendiari aukera horri buruz galdetu zioten atzo kazetariek, militanteen artean deitutako kontsultan bozkatzera joan zenean. Bertan esan zuen «goiz» zela esateko berak kargu hori beteko duen, baina ez zuen atea erabat itxi: «Orain militantziak botoa emateko ordua da, iritzia eman dezan EAJrekin lortu dugun akordioaz, eta, ondoren, EAJrekin eta lehendakariarekin lan egingo dugu gobernuaren egituraz, lortutako akordioari erantzun diezaion». Duela lau urte bere burua Eusko Jaurlaritzatik kanpo uztea erabaki zuen Mendiak, inolako ardurarik hartu gabe, baina orain egoera «bestelakoa» dela aitortu zuen atzo PSEko idazkari nagusiak. Izan ere, 2016an krisi betean zeuden sozialistak, eta alderdiaren norabidea finkatzeko lanetan buru-belarri sartuta zegoen Mendia. Orain, berriz, sozialistak gehiengo osoa bermatzeko giltza dira legebiltzarrean, PSEko idazkariak nabarmendu zuenez: «Zorionez, PSEren egungo egoera oso ezberdina da».

Urkullu eta Iriarte

Etzi aukeratuko dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Legebiltzarreko inbestidura saioan bi hautagai izango dira aurrez aurre: EAJk Urkullu aurkeztuko du lehendakarigai, eta EH Bilduk Maddalen Iriarteren hautagaitza aurkeztuko du saio horretarako. Jeltzaleen eta sozialisten akordioari esker eskuratuko du Urkulluk lehendakari izateko babes nahikoa: 41 boto izango ditu, gehiengo osoa. Elkarrekin Podemosek aurreratu du abstenitu egingo dela.

Hurrengo pausoak bata bestearen atzetik etorriko dira: larunbat honetan egingo du Urkulluk lehendakari karguaren zina Gernikan (Bizkaia), hurrengo astean jabetuko dira karguaz gobernuko sailburu berriak, eta irailaren 8an egingo dute lehenengo gobernu bilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.