Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Euskaltegietako irakasleen soldata %36 igoko da, Jaurlaritzak lagunduta

Herri ekimeneko euskaltegiekin akordioa egin du Eusko Jaurlaritzak, diru laguntzetan egun baino 10 milioi euro gehiago jasotzeko lau ikasturte barru. Irakasleen eskola orduak %26,5 murriztuko dira
Eusko Jaurlaritzako eta herri ekimeneko euskaltegietako ordezkariak, atzo, lortutako akordioaren aurkezpenean, Bilbon.
Eusko Jaurlaritzako eta herri ekimeneko euskaltegietako ordezkariak, atzo, lortutako akordioaren aurkezpenean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2021eko apirilak 15 - Bilbo

Mugarria eta historikoa. Bi hitz horiek erabili zituzten atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Isabel Isazelaia eta Laida Beristain herri ekimeneko euskaltegietako ordezkariek. Akordioa sinatu dute alde biek euskaltegietako irakasleen lan baldintzak hobetzeko. «Euskaltegien aspaldiko aldarrikapena bete dugu», esan zuen Zupiriak, eta Beristain antzera mintzatu zen: «Azken 40 urtean egindako aldarrikapena beteko litzateke». Jaurlaritzak euskaltegiei ematen dien laguntza handituko da, eta lau ikasturtean soldatak %36 igoko zaizkie irakasleei, eskola orduak %26,5 murriztuz.

Jaurlaritzak herri ekimeneko euskaltegietara bideratzen duen diru laguntza handituko du datozen lau ikasturteetan: ikasturte honetan 22,4 milioi euro bideratu dira euskaltegietara, eta 2024-2025ean 32 milioi euro izango dira. Hau da, 10 milioi euroan emendatuko da Jaurlaritzaren inbertsioa. Orain bezala, HABEk bideratuko ditu diru laguntza horiek, eta euskaltegien finantzaketa publikoa %63tik %70era igaroko da.

Akordioaren oinarrian euskaltegietako irakasleen prekaritatea dago. Herri ekimenekoen lan baldintzak udal euskaltegietakoekin alderatuz gero, ezberdintasuna agerikoa da: bi sareetako irakasleen arteko soldata aldea %40koa da, eta lehen sarean 1.000 eskola ordu ematen dituzte, eta bigarrenean 735 —%26ko aldea—. Arrazoi horiek tarteko, herri ekimeneko irakasleen profila asko zahartu da, eta euskaltegiek zailtasunak dituzte irakasle gazteei eusteko. «Euskaltegietan lanean hasten diren irakasleen asmoa ez da epe luzerakoa izaten; gehienek esperientzia hartzeko baliatzen dute, eta ondoren alde egiten dute», azaldu zuen Zupiriak. Atzo emandako datuaren arabera, azken ikasturtean 10 irakasletik batek utzi egin du herri ekimeneko euskaltegietako irakaskuntza.

Bertan eskatzen den maila akademikoa irakaskuntzako beste sare batzuetan eskatzen denaren parekoa da, baina lan baldintzak eskasagoak dira. Horregatik daukate herri ekimeneko euskaltegiek halako zailtasuna lantaldea berritzeko. Kontuan izan behar da, euskaltegi horietako langileen herenek 50 urte baino gehiago dituztela, eta, beraz, hamar urtean langile kopuru handi bat berritu beharko dutela. Arazo horri aurre egin, eta euskaltegitako irakasleen baldintzak hobetzeko sinatu dute akordioa administrazioarekin.

Eusko Jaurlaritza osatzeko gobernu akordioan bertan hitzartu zuten jeltzaleek eta sozialistek euskaltegietako irakasleen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa. Lau urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleek jasotzen duten 25.000 euroko soldata 34.000 eurora igoko litzateke, eta 1.000 eskola orduetatik 809 ordura jaitsi. Horrek guztiak nabarmen hobetuko lituzke irakasleen lan baldintzak, baina ez hori bakarrik: euskara irakatsi nahi dutenei bidea erraztu gura die horrela administrazioak, eta «jarduten dutenei aitortza ekonomikoa zein soziala emango zaie».

Landu beharreko ildoak

Herri ekimeneko euskaltegiek esan zutenez, atzokoa «egun pozgarria» izan zen, eta azken 40 urtean egin duten lanaren aitortza gisa sentitu zuten. Dena den, atzoko akordioa «abiapuntua besterik ez da», Isazelaien arabera. Datozen urteetan landu beharreko ildo nagusiak zerrendatu zituen, eta zehaztu HABErekin hitz egiten ari direla horien garapena nola egin ikusteko.

Batetik, matrikula prezioen auzia aipatu zuten. «Gure ikasleek udal euskaltegietan ordaindu behar denaren bikoitza ordaintzen dute zerbitzu bera jasotzeagatik». Doakotasunarekin lotutako auzia da hori, eta onartu duten arren azken urteetan arlo horretan aurrerapausoak eman direla, egungo sisteman B2ra arte ikasleek dirua aurreratu behar dute, ondoren berreskuratzeko. «Kontua ez da dirua berreskuratzea, dohainik ikastea baizik». Bestalde, finantzaketaren arloan sakontzeko eskaera egin zuten herri ekimeneko euskaltegiek: «Lan baldintzak txukuntzeko, urteetan bazterrera utzi behar izan ditugu bestelako inbertsioak, hala nola lokaletan, teknologian, didaktikan eta kalitatean». Azkenik, administrazioekin lankidetzan aritu direnean jaso duten ordainaren inguruko gogoeta ere plazaratu zuten herri ekimeneko euskaltegiek: «Administrazioekin ere lan egin dugu oso prezio merkean, eta kontratazio irizpide oso zorrotzei men eginda». Eskaintzen dituzten zerbitzuen prezioak marko berrira egokitzeko beharra ere aldarrikatu zuten.

Eskertu zuten administrazioek akordioa lortu ahal izateko egindako esfortzua, baina erdietsitakoak aurrera begira baldintzak gehiago duintzeko balio dezala ere eskatu zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk bandera moreak astintzen, Bulebarrean. ©JON URBE / FOKU

Ozen berriz: «Aski da!»

A. Iraola - I. Orzaiz - M. Asensio Lozano

Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Justizia «feminista» aldarrikatu dute. Instituzioen elkarretaratzeak ere izan dira

Ikastetxe bateko korridorea eta ikasgela, artxiboko irudi batean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Hezkuntza Legeari eginiko ekarriak, murgiltzetik «laikotasun positibora»

Irati Urdalleta Lete

35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari; euskarak eduki beharreko garrantzia da ardatzetako bat

<b>Txapa.</b> 'Ahobizi' txapa andre baten paparrean (artxiboko irudia). ©J.U. / FOKU

Euskarak, maitale asko eta etsai gutxi

Irati Urdalleta Lete

Nolako jarrera dute euskal herritarrek euskararen inguruan? EHUko NIK ikerketa taldearen esanetan, jarrerak onak dira orokorrean, baina badaude ahulguneak: zenbaitek mundu tradizionalarekin lotzen du oraindik ere euskara; ez, ordea, gai espezifikoekin edo lagunartean erabiltzearekin.
Indarkeria atxistaren aurkako elkarretaratze bat, Tuteran, artxiboko irudian ©Iñigo Uriz / foku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...