Albistea entzun

Udal legea, Konstituzionalera

EAEko Auzitegi Nagusiak galdetuko dio euskararen erabilerari buruzko artikuluak Espainiako Konstituzioa urratzen ote duen. Auzitegiak uste du «hizkuntzen oreka» arriskuan egon daitekeela
Euskalgintzako eragileek EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean maiatzean egindako elkarretaratzea, Bilbon.
Euskalgintzako eragileek EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean maiatzean egindako elkarretaratzea, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2021eko irailak 14

Azkenean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsiko da Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Legea, eta hark ebatziko du udal aktak euskara hutsez egitea zilegi den ala ez. Euskararen erabilerari buruzko artikulu bat Espainiako Konstituzioaren aurkakoa ote den aztertzen hasi zen EAEko Auzitegi Nagusia uztailean, eta joan den astean ebatzi zuen gaia Auzitegi Konstituzionalaren esku uztea. Administrazioarekiko Auzien Salaren ustez, Espainiako Konstituzioaren 3, 14 eta 23. artikuluetan jasotako printzipio bat urra dezake legeak, hau da, gaztelaniak eta hizkuntza koofizialek «orekan» bizi behar dutela, «eta ez bata bestearen aurretik lehenetsiz edo hobetsiz».

Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegite batetik dator auzia: Eusko Jaurlaritzak 2019an onartutako dekretua eraman zuen epaitegira, hizkuntza ofizialak udaletan nola erabili arautzen duena. EAEko auzitegiak, ordea, Udalen Legearen 6.2 artikuluan jarri du arreta: puntu horrek zehazten du toki erakundeetako aktak eta beste zenbait agiri euskara hutsez idatz daitezkeela, «baldin eta, toki erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira». Bada, «behar bezala alegatzea» zertan datzan ez dago argi, Administrazioarekiko Auzien Salaren aburuz; alegia, lege testuan ez da zehazten erakundeotako langileek nola egiaztatu behar duten ez dakitela euskaraz: «Arauak ez du interpretaziorako jarraibiderik ematen [...]. Agerikoak dira ziurgabetasun juridikoa eta apetazko jardunerako arriskua». Era berean, auzitegiak txarretsi du gaztelania erabiltzeko «arrazoi bakarra» izatea langileek euskaraz ez jakitea, eta ez «nahiago izatea, edozein dela arrazoia —eta, askatasun konstituzionalak direla medio, ez daude horiez mintzatzera behartuta—, harremanak gaztelaniaz egitea».

Gainera, auzitegiak uste du udalen jardunean euskara bakarrik baliatzeak «gaztelania erabiltzeko aukerarik gabe» utziko lukeela «modu injustifikatuan»: «Bi hizkuntzen arteko berdintasuna hautsiko luke horrek». Ildo horretan, ebatzi du Espainiako Konstituzioaren bi artikulu urra ditzakeela legeak: 3.a —gaztelania ezagutzeko derrigortasuna ezartzen du— eta 14.a —berdintasunari buruzkoa—.

Legearen 6.2 artikuluak ordezkaritza politikoari ere eragin diezaiokeela ondorioztatu du Administrazioarekiko Auzien Salak: «Udalen eta bertako langileen zein herritarren ordezkariei eragiten die, eta, zeharka, herritarren eskubideetan ere eragin dezake, haiek ordezkatzeko lana erasan dezakeelako».

Erakundeen erreakzioak

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, ordea, ez du auzitegiaren erabakiaren inguruko iritzirik eman nahi izan: «Auzitegiaren areto batek kontsulta egin dio Auzitegi Konstituzionalari, eta orain erantzun horren zain gelditzen gara», esan du. Edonola ere, azaldu du espero duela ebazpen horrek bide ematea «gaztelaniaz bezala euskaraz ere gure harremanak eraikitzeko aukerari».

EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia «oso kezkagarria» dela adierazi du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkanok: «Berriro jartzen du jopuntuan udalerri euskaldunen jardun eredugarria». Ebazpenak emandako argudioei erreparatuta, euskara hizkuntza gutxitua dela nabarmendu du Lazkanok: «Bidegabea da hura normalizatzeko bidean oztopoak jartzea horrelako argudioak erabiliz. Uemako udalak ari dira bidea urratzen administrazioak euskaraz funtziona dezan, eta horren aurkako ebazpena da hau. Berriro ere epaitegiak sartu dira hizkuntza politikan, eta berriro ere euskararen normalizazioa trabatzeko». Era berean, Eusko Jaurlaritzari «babes osoa» agertu dio «Udal legea defendatzeko bidean».

Vox alderdi ultraeskuindarra, berriz, «harro» agertu da bere helegiteak egin duen bidea dela eta, baina, alderdiko legebiltzarkide Amaia Martinezek esan duenez, espero dute Auzitegi Konstituzionalak lege osoa aztertzea, «eta ez 6.2 artikulua bakarrik».

Gogora ekartzekoa da eztabaida luzeak eragin dituztela udal agiriak euskaraz egiteko oztopoek. Mariano Rajoy (PP) Espainiako gobernuburu zenean, Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkariak gurutzada propioa hasi zuen aktak euskaraz idazten zituzten udalen aurka. Haien erabakien berri gaztelaniazko itzulpenik gabe ematen zioten udalen dokumentuak ez-hartutzat jotzen hasi zen, eta, agiri horiek bidaltzea derrigorrezkoa zenez, legea ez betetzea egotzi zien udalei. Hala, dozenaka udal salatu zituen, batik bat Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatekoak.

Alabaina, 2015ean, Donostiako Auzitegiak lehenik eta EAEko Auzitegi Nagusiak ondoren, ebatzi zuten legezkoa zela udalek aktak euskaraz egitea eta gobernu ordezkariari hizkuntza horretan bidaltzea. Ostera, Eusko Legebiltzarrak Udalen Legea onartu zuen 2016an, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozekin, eta, haren bitartez, euskararen erabilera bermatu zuten erakundeen arteko harremanetan, «beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Beatriz Artolazabal sailburua (erdian), bere saileko kide Monika Hernando eta Jose Antonio Rodriguez Ranzekin, atzoko aurkezpenean. ©JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA

Jaurlaritzak Udaberri plana onartu du, eta «gogoeta kritikoa» eskatu

Gotzon Hermosilla

Planak Jaurlaritzaren lan ildoak zehazten ditu bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren arloetan. Presoei harrera egiteko ekitaldiak gaitzesten dituen pasarte bat sartu dute azken bertsioan
 ©BERRIA

Aitortza ezetz esan zutenei

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak intsumisioari eta kontzientzia eragozpenari buruzko «ahozko eta idatzizko memoria» bildu du. Sarean eskuragai jarri dituzte dokumentu eta testigantza ugari
Miarritzeko pisu turistiko batera sartu ziren atzo Aldako kideak. ©BOB EDME

Airbnb plataformaren iruzurra salatu du Aldak Miarritzen

Oihana Teyseyre Koskarat

Miarritzeko pisu turistikoen herenak ez direla behar bezala deklaratuak salatu du mugimenduak. Manifestazioa eginen dute azaroaren 20an
Jaurlaritzak COVID-19aren biktimei egindako omenaldia, atzo, Gasteizen. ©IREKIA

Arintzea, egonkortzen

Uxue Rey Gorraiz

Testen %1,7 izan dira positiboak. Jaurlaritzak espero du bizpahiru aste barru bukatzea egoiliarrei hirugarren dosia ematen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.