Albistea entzun

Espainiako Gobernuak beste bi batxilergo mota sortzea proposatu du

Guztira bost batxilergo adar egongo dira. LOMLOE hezkuntza legea garatzeko araudia dekretu bidez onartu asmo du Madrilek; beraz, Hego Euskal Herrian bete beharrekoak izango dira aldaketak
Ikasle batzuk Burlatako Askatasuna ikastetxean, joan den ikasturtearen hasieran.
Ikasle batzuk Burlatako Askatasuna ikastetxean, joan den ikasturtearen hasieran. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko irailak 30

LOMLOE legea garatzeko, irakasgaien diseinu berria egin du Espainiako Gobernuak. Behin-behineko dokumentuan hainbat berrikuntza jaso dituzte, batez ere Batxilergoan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Atzo bildu zen Hezkuntza Batzorde Orokorra, eta autonomia erkidegoetako ordezkariei antolaketa akademiko berria jakinarazi zieten. Aldaketak datorren ikasturtetik aurrera egongo dira indarrean maila bakoitietan, eta hurrengotik aurrera bikoitietan. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak proposamena jaso dute, eta iradokizunak egiteko aukera izango dute. Madrilek dekretu bidez onartu asmo ditu aldaketak; beraz, Hego Euskal Herriko ikastetxeek ere nahitaez ezarri beharko dituzte.

Hezkuntza legea garatzeko «funtsezko pilarea» da antolaketa akademikorako proposamen berria, Hezkuntza Ministerioarentzat. Iazko abenduan onartu zuten LOMLOE hezkuntza legea, eta bertan behera geratu zen LOMCE lege polemikoa. Dekretuak hainbat berritasun ekarriko ditu. Honatx nagusiak:

BOST BATXILERGO MOTA

Egun, hiru batxilergo mota daude aukeran —zientziak, giza eta gizarte zientziak, eta artea—; bost izango dira aurrerantzean: zientziak eta teknologia; giza eta gizarte zientziak; artea musikaren eta arte eszenikoen adarrarekin; artea arte plastikoen, irudiaren eta diseinuaren adarrarekin; eta orokorra —arlo zientifikoko eta letretako gaiak uztartuko ditu—.

DBH-N, IRAKASGAI BERRIAK

DBHn, errotiko aldaketarik ez dago, baina irakasgai berriak bai. DBH1etik DBH3ra, Teknologia eta Digitalizazioa izango dute, gutxienez ikasturte batean. Laugarren mailan, berriz, bi aukera izango dituzte: Teknologia edo Digitalizazioa. Gainera, DBH4n aukerako beste irakasgai bat izango dute: Formakuntza eta Orientazio Pertsonala eta Profesionala; psikologian, soziologian eta antropologian oinarrituta egongo da.

Balio Zibikoak ikasgaia ere eskaini beharko dute eskolek. Lehen Hezkuntzako bosgarren edo seigarren mailako umeek eman beharko dute, baita DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailakoek ere, ikasturte batez. Filosofian ere, aldaketak: ez da derrigorrezkoa izango DBH4n; bai, ordea, Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan —orain, lehenengoan soilik da derrigorrezkoa—. Agora filosofia elkarteak gaitzetsi egin du Filosofia eta Balio Etikoak irakasgaiak derrigorrezko hezkuntzatik kanpo uztea, eta «blindatzeko» eskatu dio Jaurlaritzari.

BATXILERGOKO IRAKASGAIAK

Batxilergoan ere irakasgai berriak izango dituzte aukeran. Zientziak eta teknologia batxilergoa hautatzen dutenek, ohiko Matematikaz gain, Giza Zientzietara Aplikatutako Matematikak ikasi ahal izango dituzte. Giza eta gizarte zientzietan, ez dute Latina edo Matematika aukeratu beharko, biak egiteko aukera izango baitute. Gainera, Marrazketa Teknikoak bi aldaera izango ditu: teknologiari eta arkitekturari lotutako ikasketak egin nahi dituztenentzako bat, eta alderdi artistikoari lotuago egongo den beste bat.

HH-KO DEKRETUA

Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak erregulatzeko dekretuaren zirriborroa ere landu du gobernuak. 0-3 urteko etapa arautu nahi du lehenengoz. Helburuak zehaztu ditu: garapen fisikoari, afektiboari, sozialari, kognitiboari eta artistikoari eta bizikidetzarako hezkuntzari laguntzea. Genero ikuspegiari dagokionez,aldaketa batzuk egin dituzte, zirriborro batek harrabotsa eragin ostean: ez da agertuko «sexu eraikuntza» kontzeptua, ezta «sexualitatearen aurkikuntza pertsonala eta generoaren eraikuntza» ere; «pertsonalitatearen garapena eta haurraren identitatea» aipatuko du.

AZTERKETAK

Ebaluazioari eta Promozioari Buruzko Dekretua ere onartu nahi dute Madrilen. Horren arabera, DBHko ikasleek ez dituzte errekuperazioak egingo udan. Pilar Alegria Hezkuntza ministroak jakinarazi du ikasturte honetan etsaminei eusteko aukera egongo dela. Nafarroako Gobernuak BERRIAri esan dionez, bertan behera uztea erabaki zuten hasieran, baina orain ikastetxeekin erabakiko dute. Eusko Jaurlaritzak ere ez du erabaki oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO / FOKU

EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Erredakzioa

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Edurne Begiristain

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek
Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

Irati Urdalleta Lete

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.