BERRIAk irabazi du Emakunderen aurtengo Berdintasun saria

'Pikara Magazine' aldizkariak eta aurten hildako Lucia Martinez Odriozola irakasleak ere jaso dute saria. BERRIAk feminismoarekin eta berdintasunarekin duen konpromisoa saritu du epaimahaiak

Maite Asensio Lozano, Andrea Momoitio, Irune Pascual Ugarte eta Izaskun Landaida, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak BERRIAri eman dio 2021eko Berdintasun saria. Horren bidez, «emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako» kazetaritza goraipatu nahi izan du: BERRIAri ez ezik, Pikara Magazine aldizkariari eta Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakasle izandakoari ere eman diete saria —aurtengo abuztuan hil zen Martinez—. Eguneroko kazetaritza jardunean ikuspegi feminista eta genero ikuspegia sustatzen dutelako jasoko dute saria hirurek, epaimahaiak nabarmendu duenez. 2022ko maiatzean banatuko dituzte sariak.

Atzo eman zituzten saridunen izenak, Gasteizen, Emakunderen egoitzan, eta bertan izan ziren Maite Asensio Lozano kazetaria BERRIAren izenean, Andrea Momoitio kazetaria Pikara Magazine aldizkariaren ordezkari gisa, eta Irune Pascual Ugarte, Lucia Martinez Odriozola zenaren izenean. Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak nabarmendu zuen aurten saritu nahi izan dutela formakuntzatik bertatik genero ikuspegia txertatu eta praktikara eraman duen kazetaritzaren bidea. «Berdintasunean oinarritutako balioak praktikara daramatzan kazetaritza egitea bidezkoa ez ezik, erantzun beharreko gizarte eskaera bat ere bada», azaldu zuen.

BERRIAk berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, bai eta «kalitatezko informazioaren» bidez genero ikuspegia eguneroko praktikan txertatzen egiten duen lana ere, Landaidak jakinarazi zuenez. Euskal kazetak indarkeria matxisten tratamenduari egiten dion ekarpena bereziki azpimarratu du epaimahaiak, gogora ekarrita BERRIAk estilo liburua atondu eta berdintasun planak diseinatu dituela, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu duela, eta Begira komunikazio eta publizitate ez-sexisten kode deontologikoaren eta Bai sarerako kide dela. «Jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak dira orotariko gainerako komunikabideentzat».

[YouTube]https://youtu.be/ekxcnigfHew[/YouTube]

BERRIAren izenean, saria eskertu zuen Asensiok. Adierazi zuen «zirraragarria» dela Pikara Magazine-rekin batera saria jasotzea, eta gogoan izan zituen Emakunderen Berdintasun saria jaso duten beste eragile feminista batzuk: Cony Carranza, Teresa del Valle, Bizkaiko Emakumeen Asanblada eta Irungo eta Hondarribiko alarde parekideak tartean.

Gogoratu zuen BERRIAk aspaldi duela konpromisoa berdintasunarekin, eta Euskaldunon Egunkaria-n emakume feministen talde batek bidea urratu zuela. «Haiei zor dizkiegu egun dauzkagun oinarri sendoak. Sari hau Euskaldunon Egunkaria-rena ere bada». BERRIAn berdintasunaren aldeko «apustu kolektibo» bat dagoela azaldu zuen kazetariak, eta, beraz, saria «etxe osoarena» ere badela. «Talde oso bat dago ikuspegi feminista nola txertatu hausnartzen, bai erredakzioan, bai diseinuan, bai euskara taldean, bai marketinean, bai antolakuntzan». Azpimarratu zuen emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazioa «giza eskubideen aurkako eraso bat» dela, eta ez «klik gehiago lortzeko edo egunkari gehiago saltzeko aukera bat», eta ideia horrekin engaiatuta dagoela egunkaria.

Halaber, saria euskarazko hedabide bati emateak duen garrantzia nabarmendu zuen Asensiok: «BERRIAn askotan sentitu dugu gure erakunde publikoek ere txiki sentiarazten gaituztela, garrantzirik gabeak, gure lanak garrantzirik ez balu bezala». Hala, Emakundek BERRIAren lana aitortu izana eskertu zuen.

Kazetaritza feminista

Landaidak azaldu zuen Pikara Magazine aldizkari feministari saria emateko kontuan hartu direla, besteak beste, agerkariak giza eskubideekin eta emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekin duen konpromisoa. Momoitiok saria eskertu zuen aldizkariaren izenean: «Sari honek mahai gainean jartzen du kazetaritza feministaren garrantzia». Azaldu zuen 2010ean aldizkaria martxan jarri zuten lehen unetik saiatu direla kazetaritza feministaren beharrari erantzuna ematen.

Lucia Martinez Odriozolaren kasuan, Emakundek saritu nahi izan du arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako ekarpen «aitzindaria eta erreferentziala». Irakasle zenak utzitako ondarea gogoratu zuen Pascual Ugartek: «Oinordetzan utzi digu publizitate sexistaren aurka egindako lana eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeak berriz ez biktimizatzeko kazetaritza ikasleei irakatsitako guztia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.