Lehen aldiz zigorra Madrili, atxilotu bati abokatua hautatzen ez uztearren

Defentsak uste du Estrasburgok Espainiari Atristainen kasuagatik jarritako zigorra «aurrekari» bat izan daitekeela. 2010ean atxilotu zutenean torturak salatu zituen. 20.000 euro eman beharko dizkiote

Xabier Atristain, 2010ean, atxilotu ondotik Guardia Zibilak miaketa bat egitera eraman zuenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertze zigor bat jarri dio Espainiari euskal herritar baten giza eskubideak urratzeagatik, baina ez zehazki orain arte bezalakoa. Oraingo honetan, Xabier Atristain Gorosabel euskal presoaren kasuagatik jarri diote zigorra, 2010ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik, eta, horren bidez, prozesu «justu eta ekitatezko» bat izatea eragozteagatik. Sententziak «espresuki» aipatzen du inkomunikazioa, Zigor Reizabal abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, eta, beraz, uste du «oso larria» dela Espainiari jarritako zigorra. «Positiboa» ere bai, epaiak «lehenengo aldiz» zehazten baitu «hain garbi» atxilotu bati aukerazko abokatua edukitzeko eskubidea urratu zitzaiola. «Aurrekari oso garrantzitsua» izan daiteke, abokatuaren ustez, eta aztertzen ari dira «norainokoa» izan daitekeen haren eragina. Izan ere, Atristain bezala, euskal preso gehiago daude kartzelan inkomunikazio garaian egindako adierazpenen ondorioz.

Espainiako Auzitegi Gorenean berrikuspen helegitea jarri ahal izateko baimena eskatuko du orain defentsak. Abokatuak uste du onartu beharko luketela, Estrasburgoren sententziak lotesleak direlako, eta, hala gertatzen bada, Gorenak sententzia bidez ebatzi beharko luke helegitea. Atristainen zigorra bertan behera uztea galdeginen du abokatuak, eta, Gorenak kasu eginez gero, bi aukera lituzke: edo presoa libre utzi beharko lukete —kartzelan dago gaur egun, Martutenen (Donostia)—, edo berriro epaitu beharko lukete. Bigarren kasua gertatuko balitz, halere, Atristain epaitzeko erabilitako inkomunikazio aldiko deklarazioak ezin izanen lituzkete berriro froga gisa aurkeztu. Urtebete edo gehiago pasatu daiteke Gorenak auziaz erabakitzen duen arte, baina defentsak eskatu du bitarte horretan eten egin dezatela Atristainen espetxe zigorra.

Inkomunikazio aldiaren ondotik torturak salatu zituen Atristainek. Bertzeak bertze azaldu zuen poltsa «askotan» egin ziotela, konortea galdu arte, bi aldiz botaka egin zuela, goma aparrarekin biltzen zutela, eta horren guztiaren ondorioz takikardiak izateagatik botika bat eman ziotela. Tortura psikologikoak ere salatu zituen: bigarren deklarazioan erran zuen, erraterako, bere neska laguna atxilotuko zutela egin ziotela mehatxu.

Espainiak 20.000 euroko kalte ordainak eman beharko dizkio orain Atristaini, Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6. artikulua urratzeagatik. Epaiak dioenez, abokatua aukeratzeko debekuak «gero egin zen prozesu penalaren ekitatea hautsi» zuen: «Izan ere, akusatuaren lehen deklarazioa proba gisa onartu zen». Estrasburgok esku hartzea ere arrazoitu du auzitegiak, erranez haren lana dela halako epaiketak bidezkoak direla zaintzea.

Hamazazpi urte

Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berehala agindu zuen hura inkomunikatzeko, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeela argudiatuta. Orduan egindako deklarazioetan, bere burua hainbat ekintzaren erantzuletzat jo zuen, eta adierazpen horiek oinarri hartuta hamazazpi urteko espetxe zigorra jarri zioten 2013an, ETAko kide izatea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.