Hurrengo talka, AHTa

Geroa Baik eta Navarra Sumak nahi dute Ezkion egitea 'euskal Y'-arekiko lotura. PSNk dio garrantzitsuena dela «AHTa Nafarroara iristea, ez non lotzen den»

Nafarroako Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko kideak, Garesko Udaleko zinegotziekin, atzo. UNAI BEROIZ / NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Nafarroan, litekeena da gobernu barruko hurrengo talka nagusia AHTa izatea. Lau urte eta gero, oraindik zehazteko dago Nafarroako AHTaren eta euskal Y-aren arteko lotura non egingo den. Ekainean biltzekoak dira Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, eta mahai gainean dauden bi aukera nagusiak aztertuko dituzte: Gasteizko lotura eta Ezkiokoa (Gipuzkoa). Bilkura horri begira, atzo Geroa Baik eta Navarra Sumak eskatu zuten Ezkioko loturaren alde egiteko. PSNk, berriz, ez zuen bietako bat hobetsi: «Garrantzitsuena AHTa Nafarroara iristea da, ez nondik iristen den», aipatu zuen Ramon Alzorrizek.

Duela lau urte PPren gobernuak txosten bat egin zuen, eta bost proposamen aztertu zituzten bi norabidetan: Iruñetik Gasteizerantz eta Iruñetik Ezkiorantz. Bost proposamenen artean, Gasteizera zihoanetako bat hobetsi zuten. Haatik, informazioa jasotzeko prozesu bat ireki zen, eta 10.000 alegazio aurkeztu ziren. Ondoren, ingurumen eraginari buruzko adierazpena egitea espero zen, baina prozesu hura guztia gelditu egin zen. Hala egon da lau urteotan.

Egungo Espainiako Garraio Ministerioak oraindik ez du zehaztu zer lotura nahiago duen. Berez, bost proposamenei buruz 2018an egindako txostena berrikusteko konpromisoa hartu du. Litekeena da beste bi gobernuekin egingo duen bilera horretan bere ikuspegiari buruzko argibide batzuk ematea, edo bigarren txostenari buruzko datu gehiago ematea.

Nahiz eta Madrilgo egungo gobernuak ez duen zehaztu zer aukera nahiago duen, Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin orain arte izandako bilkura teknikoetan iradoki du Gasteizko proposamena nahiago duela: nabarmen merkeagoa da, eta teknikoki konplexutasun txikiagokoa. Aldiz, Jaurlaritzak Ezkioko lotura nahiago du, eta Barkosen gobernuak ere bigarren aukera horren alde egin zuen iragan legealdian.

Testuinguru horretan eta Madrilgo bilkurari begira, gaia hizpide izan zuten atzo taldeek asteleheneroko Nafarroako Parlamentuko Eledunen batzordean. Navarra Sumak Ezkioko aukeraren alde egin zuen, iraganean Gasteizkoa hobetsi arren. «Guk argi utzi dugu Ezkiokoa nahiago dugula eta obrak lehenbailehen egitea nahi dugula».

Halaber, deigarria izan zen PSNren jarrera. Ministerioaren modura, nahiago izan zuen aukera jakin baten alde ez egin. «Gure lurraldearen etorkizunerako aukerarik hoberenak hobetsiko ditu Nafarroako Gobernuak», esan zuen Ramon Alzorrizek, PSNko eledunak. Kritiko agertu zen Navarra Sumak duela urte batzuk Gasteizko loturaren alde egin zuelako eta orain Ezkiokoaren alde: «Ez dakit Espainiako Gobernuarekin gatazka bilatzen duen edo Nafarroak aurrera egin dezan irtenbide positiboak eman nahi dituen».

Eusko Jaurlaritzak bezala, Geroa Baik Ezkioko aukera nahiago du. Uxue Barkosek onartu zuen Gasteizko proposamena «askoz ere merkeagoa» dela, baina gaineratu zuen kontuan hartu behar direla beste arrazoi batzuk: «Egia da halaber Gasteizko proposamenak ingurumenari kalte handiagoa egiten diola eta iraupen motzagoa eduki dezakeela, lotura Gasteizen egiteak trabak sor ditzakeelako». Gogora ekarri zuen 10.000 alegazio aurkeztu zirela.

Geroa Bairen mezua PSNri

Beraz, baliteke auziak txinparta gehiago sortzea gobernu barruan. PSNren menpeko departamentua hain argi mintzatu ez denez, Barkosek eskatu zuen «aukerarik hoberenaren aldeko konpromisoa» har dezala: «Kostu handiagoa izan arren, ingurumenari kalte txikiagoa eragin eta gehiago iraungo duen aukeraren alde egitea da aukerarik hoberena».

Azpiegitura horren aurkako jarrera dute EH Bilduk, AhalDugu-k eta Ezkerrak. EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «etxea teilatutik eraiki nahi da» euskal Y—aren loturari buruz edo Iruñeko geltokiari buruz eztabaidatuta —iragan astean Espainiako Garraio Ministerioak aurreratu zuenez, Iruñeko geltokiari buruz lau proposamen ditu mahai gainean, eta inbertsioa hamalau milioi eta 67 milioi euro artekoa da—. Ruizen arabera, hiru hamarkada daramate proiektu beraren inguruan jiraka, baina horren aurrean alternatibak daude. Haren irudiko, Trenaren aldeko Nafarroako Plataformak proposamen interesgarria plazaratu zuen.

Ahal Dugu-ren irudiko, egungo proiektuak «ez du zentzurik», eta hura amaitzeko «garaiz» daude oraindik. «Irtenbidea da egungo trena indartzea», aipatu zuen Mikel Builek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.