Lehorteen plana sortu du Jaurlaritzak, eta fenomeno larrien aurkakoak berritu

Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak esan du ur hornidura bermatuta dagoela datozen asteetarako. Zenbait eskualdetako egoera kaskarra dela esan du

Arantxa Tapia, hizketan, uraren kudeaketarako planen aurkezpenean, Adunan (Gipuzkoa). JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA.
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Uraren kudeaketarekin zerikusia duten hiru plan aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horietatik bi lehenagotik zetozen, eta, orain, Jaurlaritzak berriztu egin ditu: Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana. Bestea, berriz, lehenengo aldiz jarri du Jaurlaritzak abian, eta lehorteei aurre egitea du xede. Jaurlaritzaren ustez, «ezinbesteko tresna estrategikoak» dira, sinetsita baitago klima aldaketaren ondorioz handitu dela «muturreko fenomenoak» gertatzeko aukera.

Hasteko eta behin, arazoak arazo, ur hornidura bermatuta dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualde gehienetan datozen asteetarako, egungo lehorteak iraungo balu ere. Hala adierazi du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, ura kudeatzeko tresna berriak aurkeztu dituenean. Hala ere, ohartarazi du EAEko lurraldearen %10ean ura «erreketatik edo iturburu txikietatik» hartzen dutela, eta, horietan emariaren gorabeherak handiagoak direnez, eskualde horietan egoera «askoz kaskarragoa» dela.

Tapiak esan du urtegien betetze maila %70 eta %90 bitartekoa dela, eta hori ohikoa izaten dela urte sasoi honetan. «Esan dezakegu urtegietan oinarritutako hornidura duten eskualdeetan egoera normala dela», esan du, eta gogorarazi du hiru herrialdeetan herritarren %90 inguruk dutela hornidura sistema hori.

Besterik da eskualde jakin batzuetan dagoen egoera, Tapiak «alarma egoera» gisa definitu duena. Batez ere, Bizkaiko Urdaibai eskualdean eta Arabako Lautadako zenbait herritan daude arazoak.

Horiei erreparatuta, honako hiru plan hauek aurkeztu zituen atzo Tapiak:

LEHORTEEN PLAN BEREZIA

Orain arte, Jaurlaritzak ez zeukan lehorte planik, horren mehatxua ez zelako hain larria, baina, egoerak hartaratua, Lehorteen Plan Berezia diseinatu du. Are gehiago: Jaurlaritzak jakinarazi du duela bi aste hasi zela ezartzen, orduan oraindik onartu gabe bazegoen ere, Bizkaiko Busturialdean eta Lea Artibain dagoen egoerari erantzun ahal izateko. Planean egoera diagnostikatzeko adierazle sistema bat ezarri dute, bai eta hartu beharreko neurriak ere, egoeraren larritasunaren arabera sailkatuak.

Larrialdietan ura beste leku batzuetatik hartu ahal izatea, funtsezkoak ez diren erabilerak mugatzea, gauez ura moztea eta antzeko neurriak agertzen dira planean.

PLAN HIDROLOGIKOA

Jaurlaritzak aurkeztutako Plan Hidrologikoaren xede nagusiak dira uren egoera ona lortzea, uraren segurtasuna eta hornidura bermatzea, betiere «jasangarritasun irizpideek eta uraren erabilera eraginkorrak gidatuta», eta muturreko fenomenoei erantzun egokiak eman ahal izatea.

Planean hainbat inbertsio aurreikusi dituzte. Alde batetik, baliabideak jarriko dituzte hondakin uren saneamendu eta arazketa sistemak hobetzeko: besteak beste, Nerbioi Garaian, Donostialdean, Bilbo inguruan, Txingudin eta beste zenbait lekutan saneamendua hobetzeko lanak egingo dituzte inbertsio horiei esker. Beste alde batetik, ur hornidura bermatzeko inbertsioak ere egingo dituzte, batez ere Bilbo inguruan, Bizkaiko Urdaibai, Lea Artibai eta Enkarterri eskualdeetan, Añarbeko ubidean (Gipuzkoa) eta Arabako Laudion, Amurrion, Okondon eta beste zenbait herritan. Orotara, 900 milioi euro inbertitzea aurreikusi dute. Horietatik, 600 milioi euro Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek jarriko dituzte.

UHOLDE PLANA

Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak zenbait irizpide, lehentasun eta jarduera garatzen ditu uholdeen arriskuari aurre egiteko. Oraingo planak badu berrikuntza bat aurrekoekin alderatuta: izan ere, hirigintza edo hiri ingurunea ingurune hidrikoarekin hobeto uztartzeko neurriak gehitu dira. Horrez gain, uholdeen inpaktua gutxitzeko beharrezkoak diren iragarpen eta alerta sistemak hobetuko dira, erakundeen plangintza hobetzeko jarduerak prestatuko dituzte, eta uholde arriskua ez areagotzeko neurriak hartuko dituzte.

Planaren arabera, inbertsioak egingo dituzte hogei bat udalerritan, uholdeen arriskutik babesteko. Laudion (Araba), Abadiñon, Durangon, Arangurenen, Alonsotegin, Mungian eta Sudupen (Bizkaia), eta Azpeitian, Beasainen, Ordizian, Tolosan, Andoainen eta Ergobian (Gipuzkoa) egingo dituzte lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.