Bilboko Gotzaintza hamalau apaiz ikertzen ari da sexu abusuengatik

Joseba Segura Bilboko gotzainak adierazi du «kasu gehiago egongo direla», nahiz eta horietako batzuk «inoiz ez diren jakingo». Sinesgarritasuna eta «ausardia» aitortu dizkie biktimei

Salestarren eskolako abusuen aurkako elkarretaratze bat, Bilbon, 2019an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Bilboko Gotzaintza hamalau apaiz ikertzen ari da Eliza katolikoaren menpeko ikastetxeetan izandako sexu abusuen aferarekin lotuta. Elizbarrutiaren ikerketa batzordeak abiatutako ikerketaren berri eman zuen atzo Joseba Segura Bilboko gotzainak. Radio Euskadi irratian eginiko elkarrizketa batean mintzatu zen gaiari buruz, eta aurreratu zuen «kasu gehiago» egongo direla, nahiz eta horietako batzuk «inoiz ez diren jakingo, biktima batzuek ez dutelako horri buruz hitz egin nahi edo galdu egin direlako».

Azken urteotan tantaka azaleratuz joan dira Eliza katolikoaren ikastetxeetan gertatutako sexuabusuen salaketak, eta, horiek ikertzeko asmoz, adingabeak babesteko eta sexu abusuak prebenitzeko batzorde bat eratu zuen Bilboko Gotzaintzak, 2019ko uztailean. Aurtengo otsailean, elizbarrutiak berak jakitera eman zuen batzorde horrek hogei salaketatik gora jaso zituela, eta horietatik seik apaizei eragiten zietela. Ikerketapean zituen kasuen berri emateaz gainera, Bizkaiko Elizak abusu horietan zuen erantzukizuna aitortu zuen, eta zauriak ixteko borondatea agertu.

Sexu abusuak salatu dituzten biktimen lekukotzak sinesgarritzat jo ditu Bilboko gotzainak, eta salaketak egiten dituzten guztiei hitza ematearen alde agertu da. «Biktimei aukera eman behar zaie euren istorioa kontatzeko; ez dazalantzan jarri behar euren egia, eta lekukotza emateko ausardia aitortu behar zaie», adierazi du.

Segurak jakinarazi du Bilboko Gotzaindegia elkarlanean ari delasexu abusuak ikertzeko Espainiako Arartekoak sortutako Egiaren Batzordearekin, eta helburu bat finkatu du: iritzi publikoak argi izan dezala ez dutela inongo informaziorik ezkutatu. Aurtengo martxoan eratu zen batzorde hori Espainiako Kongresuan, Eliza katolikoaren menpeko ikastetxeetan sexu abusuak pairatutako biktimei hitza emateko asmoz. Egiaren Batzorde independente bat da, Espainiako Arartekoaren parte hartzearekin, eta, bertan, zentro erlijiosoetan bizi izandako tratu txarrak eta abusuak kontatu ahalko dituzte biktimek.

Beste elizbarruti batzuek ikerketa ofizial horretan izan duten lankidetzari buruz, Segurak esan du haiek «autonomia» dutela «gehiago edo gutxiago laguntzen duten erabakitzeko», baina aitortu du inork ez duela laguntzeko oztoporik jarri.

Bestalde, Leioako Gaztelueta eskolan (Bizkaia) irakasle batek umetan abusuak egin zizkion gaztearen kasuaz ere aritu da Segura. Jose Maria Martinez Sanz ikastetxeko irakasleari bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ikasle ohi bati sexu abusu jarraituak egiteagatik; hala ere, Bizkaiko Auzitegiak erabaki zuen ez zuela espetxera sartu behar. Ebazpenaren ostean, biktimaren aitak ikastetxeari eskatu zion sexu abusuak izan zirela aitortzeko eta barkamena eskatzeko, baina ez zen halakorik gertatu. Segurak esan du bere esku egon izan balitz berak beste gutun bat idatziko zuela, eta irakasleak gertatutakoa aitor zezan saiatuko zela. Horrez gain, sinesgarritasun osoa eman dio sexu abusuak salatu zituen ikasleari.

Ertzaintzaren ikerketa

Ezin da jakin zenbat abusu kasu izan diren Eliza katolikoaren barruan, baina gero eta gehiago ateratzen ari dira argitara. Iazko azaroan, haurrei egindako abusuen salaketen berri eman zuen El País egunkariak. Kazeta horrek, orotara, 251 salaketa jaso zituen Espainiako Elizan adin txikikoei egindako abusuen inguruko txostena izeneko azterlanean. Sexu abusu horien berri Vatikanoari eta Espainiako Eliza katolikoari eman zien egunkariak, eta horietatik bost ziren Bizkaian gertatutakoak. Ertzaintzak ere abian du ikerketa lerro bat. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun kontseilariak martxoan jakinarazi zuen 58 abusu salaketa ikertzen zebilela .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.