Albistea entzun

Aginte makila, orekatzen

Gizonek agindu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan, baina azken bietan emakume batek hartuko du kargua maiatzeko hauteskundeetan
Elixabete Etxanobe izango da EAJren hautagaia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko.
Elixabete Etxanobe izango da EAJren hautagaia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko urriak 27

2019ko udal eta foru hauteskundeek, kolore politikoez harago, argazki argi bat erakutsi zuten: hegoaldeko lau alkatetik bakarra da emakumea azken legealdian (%26,42), eta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gizonek dute aginte makila hiru foru aldundietan nahiz Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udaletan. Ikusteko dago udal mapak zer kolore hartzen duen datorren urtean, baina jada alderdiek ezagutarazi dituzten hautagaitzek aditzera ematen dute andreek presentzia handiagoa izango dutela aldundietan nahiz hiriburuetako alkatetzetan.

Diputazioetan, ziurtzat jo daiteke hirutatik bitan emakumeek hartuko dituztela aginte makilak. Duela hiru urte, EAJk irabazi zituen hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hiruretatik Ramiro Gonzalezek baino ez du errepikatuko ahaldungai nagusi gisa. Bizkaian, EAJren nagusitasunak ia ziurra egiten du Elixabete Etxanoberen garaipena. Otxandiarrak aldeko ditu alderdiaren nagusitasun historikoa eta 2019ko emaitzak, baina baita azken hilabeteetako inkestak ere; EAJ duela hiru urteko emaitzak hobetzeko eta botoen %44tik gora lortzeko moduan da. Sorpresarik ezean, hura izango da Bizkaiko lehen ahaldun nagusi andrea.

Ikusi gehiago: Emakumeak erakundeen «lehen lerroan» jarri nahi ditu EAJk

Gipuzkoan ere gizonak baino ez dira egon agintean. Aldakorragoa izan da alderdien arteko indar harremana, baina azken hamarkadan alderdi abertzaleen arteko lehia azaleratu da. Maiatzean bi emakume egongo dira aurrez aurre: EAJk herenegun jakinarazi zuen Eider Mendoza izango dela Markel Olano ordezkatzeko hautagaia, eta EH Bilduk joan den astean baieztatu zuen Maddalen Iriarteren aldeko apustua egiten duela 2011-2015 artean Martin Garitanorena izan zen bulegoa berreskuratzeko. Duela hiru urte, lau punturen aldearekin nagusitu ziren jeltzaleak, baina maiatzean EITBk argitaratutako inkesta eta joan den astean Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak zabaldutako boto aurreikuspena bat datoz: EAJk gora egingo duena baino gehiago haziko da EH Bildu.

Hiriburuetan, aldaketa haizeak Gasteizera iritsiko dira. EAJko Araba Buru Batzarrak herenegun jakinarazi zuen Gorka Urtaranek ez duela segituko karguan, eta haren ordezkoa izateko hautagaia Beatriz Artolazabal izango dela. Artolazabalek, ordea, emakumezkoak izango ditu arerio nagusiak: EH Bilduko Rocio Vitero, PSE-EEko Maider Etxebarria eta PPko Ainhoa Domaika. Gizakerren nahiz Ikerfelen neurketak EAJri ematen diote boto portzentaje handiena, baina, duela hiru urteko emaitzei jarraituz, lau indarrak sei punturen aldean leudeke. Lehia estua espero da beraz.

Txanponaren beste aldean, Donostia: Gipuzkoako hiriburuak ez du oraindik emakumezko alkaterik ezagutu, eta zaila dirudi joera hori irauliko denik datorren maiatzeko hauteskundeetan. EAJk baieztatua du Eneko Goia saiatuko dela azken zazpi urteetako alkatetzari segida ematen; urteotan Reyes Karrere izan da oposizioko burua, baina maiatzeko bozetan Juan Karlos Izagirre izango da EH Bilduren alkategaia. Emakumezko batek alkatetza lortzekotan, PSE-EEko Marisol Garmendiak beharko luke; lan nekeza du, kontuan hartuta hirugarren indarra dela eta, Jaurlaritzaren iragan asteko inkestaren arabera, jeltzaleak hamabi puntu gainetik dituela. Baina badu baikor izateko heldulekurik ere: PSE-EEren primarioetan Odon Elorza garaitu eta gero, Jaurlaritzaren inkestak dio Garmendiak 2019ko bozetan baino ia lau puntu gehiago eta maiatzeko EITB Focusean baino bost gehiago lortuko lituzkeela. Duela bost hilabete, jeltzaleekiko aldea hogei puntukoa zen. Bilbon, berriz, ezuste handirik ezean, Juan Mari Aburtok segituko du alkatetzan, EAJren ohiko nagusitasunarekin.

Nafarroan eta Iruñean, Laura Aznal da berritasun nagusia: hura izango da EH Bilduren lehendakarigaia Bakartxo Ruizen ordez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sarraskia gertatu zen lekua, Pasaian, artxiboko irudi batean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Txosten baten arabera, Pasaiako sarraskiaren auzian ez zen «ikerketa judizial eraginkorrik» egon

Gotzon Hermosilla

EHUren Unesco katedrak argitaratu du. Txostena 2020ko martxokoa da, baina senideek orain izan dute haren berri: «Minduta gaude». Gaur bete dira 39 urte Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik Pasai Donibanen: Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura.

Elkartasun idatzirik ez Fernandez de Betoñorentzat

Elkartasun idatzirik ez Fernandez de Betoñorentzat

Xabier Martin

Eusko Legebiltzarreko mahaiak atzera bota du EH Bilduko parlamentari «mehatxatuarekin» elkartasuna azaltzen duen adierazpen bat

PSNren udaleko zerrendako lehen postuetan doazen hautagaiak, Elma Saiz zerrendaburua eta Maria Txibite idazkari nagusia. ©PSN

Iruñeko Udalean, PSN «UPNren eta EH Bilduren alternatiba» izango dela aldarrikatu du Saizek

Joxerra Senar

Publikoki bere hautagaitza eta haren taldea aurkeztu du alderdi sozialistak Iruñeko Lezkairu auzoan

EAJk iaz ospatutako Aberri Eguna, Bilboko Plaza Barrian ©Miguel Toña / EFE

EAJk 'Gure izaera. Gure aberria' lelopean ospatuko du Aberri Eguna

Berria

Apirilaren 9an Bilbon batuko dira. Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk hartuko dute parte emanaldian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.