Hezkuntza publikoa ere, grebara: «Nafarroako Gobernuak gutxietsi gaitu»

LABek, Steilasek, CCOOk, ELAk eta UGTk deituta, greba eginen dute Nafarroako eskola publikoetan. Ratioak txikitzea eta erosahalmena berreskuratzea eskatu dute

Hezkuntzako sindikatuek ratioak txikitzea eskatzeko eginiko elkarretaratze bat, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zerbitzu publikoen eltzea bor-bor ari da Nafarroan. Funtzio publikoko sindikatuek otsailaren 15ean eginiko grebaren eta Osasunbideko intersindikalak martxoaren 23rako egina duen deialdiaren ostean, LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztera deitu dituzte hezkuntza publikoan lanean diren 10.000tik gora langileak. Apirilaren 3an izanen da, eta atzo egin zuten iragarpena, Iruñeko Gurutzeko Plaza institutuaren aurrean.

Sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernuak «ez diela inongo erantzunik eman» sektoreak otsailaren 15eko greban eginiko aldarrikapenei eta eskaerei. Osasun langileek egunotan plazaratu dituzten kexen gisakoak entzun daitezke orain, irakasleen ahotan: «Gutxietsi gaituzte», laburbildu du Steilas sindikatuko Diana Bruño Artazkozek: «Legealdi honetan, ez diote baliorik eman mahai sektorialeko ordezkaritza sindikalari. Negoziazio kolektiborako tresna nagusia kontsulta organo huts bihurtu nahi izan dute; ez da izan guztioi eragiten diguten lan baldintzei buruz negoziatzeko gunea». Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatu diote «premiazko negoziazio batera» lotzeko, «irakasleen zilegitasuna eta babesa duten mahaietan». Hezkuntzako mahai sektorialean eta funtzio publikoko mahai orokorrean, alegia.

Zehazki, sei aldarrikapen egin dizkiote Nafarroako Gobernuari: ratioak txikitzea hezkuntza ziklo guztietan; soldatak KPI kontsumorako prezioen indizearen arabera igotzea eta 2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea (%20); funtzionario mailak eta titulazioak eguneratzea; lanbide karrera ezartzea langile guztientzat; behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea; eta gainkarga burokratikoa murriztea, «ikasleen premiei denbora gehiago eskaini ahal izateko».

Eskaera horiek bete ahal izateko «baliabide gehiago» beharko direla gogorarazi diote Maria Txibiteren kabineteari. «Guk argi dugu aldarrikapen hauek lortzeak, irakasleen lan baldintzak hobetzeaz gain, zuzenean ekarriko duela eskaintzen den zerbitzu publikoa nabarmen hobetzea», esan du UGTko Isabel Fernandezek. Gaineratu dute hezkuntza dela «gizartea hobetzeko tresna nagusia» eta «justizia sozial handiagoa lortzeko funtsezko zutabea».

Gimenoren «itxikeria»

LABeko Oihane Jordanak adierazi du Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren departamentuak «itxikeriaz» jokatu duela irakasleekin, eta ez dela haiengana zuzendu. Horregatik, ikastetxeak deitu dituzte atxikimendua ematera klaustroetan eta eskola kontseiluetan, «Hezkuntza Departamentuak zuzenean jakin dezan eta ezinegonaz jabetu dadin». Gainerako hezkuntza eragileei ere dei egin diete sindikatuek, apirilaren 3ko deialdiarekin bat egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.