Lehen geltokia, Parlamentuko Mahaia. Ofizialki, gaur hasiko da hamaikagarren legealdia. Parlamentuko lehendakariaren aukeraketak eta biharko udalen osaerak markatuko dute maiatzaren 28aren osteko agertoki politikoaren lehen atala. Datorren astetik aurrera, bide luzea geratuko da egiteko Nafarroako Gobernua osatzeko, baina, duela lau urte ez bezala, PSNri nahasi egin zaio negoziazioa. Aurreko lau urteetako esperientziak eta gobernu barruan bazkide txikiagoek emaitzetan jasandako higadurak jokalekua aldatu dute. Negoziazioen hasiera horretan, Geroa Baik sozialistei eskatu die hasieratik argitu dezatela zer gobernu mota nahi duten. Sozialistek aurrera jo nahi izan dute, eta Geroa Baik salatu du konfiantza urratu dela. Pultsu horren erdian, ikusteko dago zer gertatuko den gaurko Parlamentuko Mahaiaren osaeran.
Herenegun, Geroa Baik aurreratu zuen Unai Hualde aurkeztuko duela legebiltzarreko lehendakari izateko. Bien arteko tentsioa azaleratu bada ere, PSNk ez luke oztopatuko Hualderen hautagaitza. PSNk ziurtatu du Geroa Baiko hautagaiaren alde bozkatuko duela, eta «mahai plurala» onesten duela; hots, mahaia legebiltzarreko ordezkaritzaren isla den heinean, bigarren idazkaria EH Bildukoa izango da, PSNren abstentzioarekin.
Egiazki, sozialistei ez zaie beste erremediorik geratzen. Duela bi aste, Txibitek aitortu zuen legebiltzarreko lehendakaria sozialista izatea nahi zuela, baina iragan astean begi onez hartu zuen Geroa Baikoa izatea. Txibiteren hitzetan, «eskuzabal» jokatu zuten, eta «amore eman» zuten. Negoziazioaren estrategiari begirako adierazpen horren atzean, lerro artean, uler zitekeen aipatutako eskuzabaltasun hori gobernuan botere gehiago lortzeko presio neurri bat izan zitekeela.
Alta, gaurko bozketaren sistema aintzat hartuz gero, PSNrentzat ezinezkoa da presidentetza lortzea, baldin eta UPNk ez badu haren alde egiten. Hipotesi horrek ez du zentzurik. Gobernuko bazkide nagusi izandakoarekin konfiantza urratua den honetan, are gehiago okertuko lukeelako egoera. Hautagai sozialista bat aurkezte hutsa opari bat litzateke UPNrentzat: bazkideen arteko gatazka elikatuko luke, eta hankaz gora utzi egungo elkarrizketa prozesua, Txibiteri inbestidurara onik iristeko helburua nabarmen zailduta.
Geroa Baik argi utzi die sozialistei Nafarroako Parlamentuko lehendakaritzaz gain egungo ordezkaritza instituzionalari eutsi nahi diotela gutxienez. Aurreko legealdiarekin alderatuta bi parlamentari gutxiago izan arren, koalizioak nabarmendu du bere zazpi botoak behar direla gobernua aurrera atera ahal izateko.
Horri buruz eta gobernu funtzionamenduaz zein ereduaz hitz egiteko bilera hitzartua zuten aste hasieran, baina Txibitek berak hitzordu hori bertan behera utzi izanak piztu du krisia, eta ikusi beharko da nola bideratzen den. PSNk ekainaren 21eko 10:00etarako deitu du bilera Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin, 2019ko akordio programatikoaren nondik norakoak aztertzeko eta zer eduki txertatu daitekeen ikusteko.
EH Bilduren biltzarra
Bihar udalak osatuko dira, eta badirudi Cristina Ibarrolak hartuko duela Iruñeko aginte makila. PSNk hasieratik esan du ez zuela EH Bilduko hautagaiaren alde egingo. Sozialistek, aldi berean, beste hautagairen bati botoa emateko prestasuna azaldu badute ere, EH Bilduk errotik baztertu du aukera.
Herenegun EH Bilduren biltzarrak aho batez onartu zuen Joseba Asiron aurkeztea hautagai gisa. Koalizioak aurretik adierazi bezala, biltzarrak berretsi zuen ez dutela «hirugarren biderik babestuko».
Pultsuaren erdian, parlamentua jokoan
Geroa Bai eta PSNren arteko tentsioak baldintzatuko du 11. legealdiaren hasiera. Mahaiko kideak aukeratuko dira, eta Unai Hualdek izango du presidente izateko aukera gehien

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu