Albistea entzun

EHUk atxiki gisa onartuko du UEU, irakasle masterra 'online' emateko

Eskari handiko masterra da Bigarren Hezkuntzako irakasle izatekoa, eta gaztelaniaz egin behar izaten dute ehunka ikaslek. UEUren bitartez, euskaraz eskainiko dute 'online': 120 postu atera asmo dituzte
EHUren Leioako campusa. Artxiboko irudia.
EHUren Leioako campusa. Artxiboko irudia. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 14

Euskarazko online ikasketen eskaintza zabaldu egingo dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak: EHUk zentro atxiki gisara onartuko du UEU, zehazki hark online ikasketetarako sortutako institutua. Urrats horren bitartez, euskaraz eskainiko dute Bigarren Hezkuntzako irakasle jarduteko masterra. Eskari handiko masterra da, derrigorrezkoa baita Bigarren Hezkuntzan irakasle izateko. EHUk eskaintzen du, baina urtero geratzen dira kanpoan ehunka ikasle, eta horietako askok jotzen dute online egitera, erdaraz, ez baitago euskarazko eskaintzarik. Bi aldeen asmoa da 2019-2020ko ikasturtean hastea masterra euskaraz ematen. Hori baino haragoko asmoak ere baditu UEUk: gradu batzuk ere euskaraz ematea on- line. Urrats gisa ikusi du oraingoa.

EHUren gobernu kontseiluan babes zabalarekin onartu zuten proposamena atzo: alde bozkatu zuten 31 ordezkarik, aurka seik, eta abstentziora jo zuten lauk. Tramite hori gaindituta, EHUko Gizarte Kontseilura bidaliko dute proposamena orain, txostena egin dezan. Azken onespena Eusko Jaurlaritzak eman behar dio.

Nekane Balluerka errektoreak hauteskunde programan sartua zuen UEU zentro atxiki gisa hartzeko proposamena, eta, zehazki, irakasle izateko masterra eskaintzea online bidez. EHU eta UEU gaur egun ere jarduten dira lankidetzan, graduondoak eskaintzen.

Beste 120 postu

Irakasle masterrari buruzko proposamena aztertzen denbora daramate bi aldeek. EHUk 240 ikasle hartzen ditu master horretarako, baina askoz handiagoa da eskaria: 700-900. Kontuan izan behar da titulu hori eduki behar dela Bigarren Hezkuntzan aritzeko. Horrek esan nahi du ikasle gehienak kanpoan geratzen direla, eta beste unibertsitate batera jo behar dutela; gehienetan, unibertsitate erdaldunetara. Online eskaintzan 120 ikasle hartuko dituzte, Araceli Garin EHUko Graduondoko Ikasketen errektoreordeak BERRIAri aurreratu dionez. Hiru espezialitate eskainiko dituzte: hizkuntza eta literatura, humanitateak eta gizarte zientziak, eta natur zientziak eta matematika. «Arlo horiek daukate eskaririk handiena».

Urratsarekin pozik mintzatu da Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria. Gogorarazi du ehunka ikaslek jo behar izaten dutela masterra erdaraz egitera, dirutza pagatuta. Sarasolak aitortu du UEUren masterreko prezioak ez direla izango EHUn bezalakoak, garestiagoak baizik: 3.000 euro inguru. Gisa bereko beste unibertsitate batzuetako prezioen erdia, hala ere. «Gure asmoa ez da dirua egitea».

Aurkakoak agertu dira bidean, Sarasolak eta Garinek aitortu dutenez: irakasle batzuek ez dute begi onez ikusi masterra UEUk ematea. Garinek azaldu du ezinezkoa dela EHUk online bidez eskaintzea ikasketa horiek, Espainiako dekretu batek debekatu egiten baitio. «Asko araututako masterra da». Errektoreordearen hitzetan, «erresistentziak» izan dira unibertsitate barruan, baina aurrera egin du zuzendaritzak. Atzoko gobernu kontseiluan ere izan ziren aurkako ahotsak, baina erabakia babestu zuten gehienek.

Aurkako ahots horiek zer dioten, argigarria da orain urtebete Iñaki Alegria UEUko zuzendariak kargua utzi aurretik BERRIAn elkarrizketa batean ohartarazitakoa: «Esan digute UEU pribatua dela —espero ez genuen sektore batzuetan ere bai—, eta lankidetzarako errezeloak daude. Lan egin behar dugu UEU ezagutarazten».

Graduetarako bidea

Norabide horretan egindako pausoa da oraingoa, Sarasolaren esanetan: «Sinesgarritasuna lortu dugu: UEUk urteetan egindako lana aitortu da. Abiapuntua da beste ate batzuk irekitzeko». Gogoan izatekoa da UEUk proposamen zabalagoa aurkeztua duela online ikasketak euskaraz emateko: graduondoak ez ezik, graduko ikasketa batzuk ere bai. Horri buruz galdetuta, baikor agertu da Sarasola: «Hau ondo egiten badugu, irekiko dira beste aukera batzuk». Nabarmendu du balorazio ona duela UEUren jardunak.

Graduko eskaintzara igarotzeak askoz zailago dirudi oraingoz, hala ere. UEUren arabera, aukera egon daiteke sei-zortzi titulu eskaintzeko. Graduen aukerari buruz galdetuta, ordea, ez du atea ireki EHUko ordezkariak: «Graduak online eskaintzeko, ez dugu behar zentro atxikirik. Badakigu erronka bat daukagula hor». Ohartarazi du aldaketa handia dela irakasleen jardunean, «lan handia»: materialak, irakasteko modu berriak, tutoretza eredua...

Gai horretan badute, beraz, desadostasuna unibertsitateek. Online graduen proposamena aurkeztu zuenetik, UEUk defenditu du beste ikasle mota bat duela buruan, ez 18 urtekoak: «25 urtetik gorakoak, lanean ari direnak, eta heziketa osatu nahi dutenak, euskaraz». Hor ikusten du hutsune bat gaur egungo eskaintzan: «Ez dago euskaraz online eskaintzarik. Egin dezagun. Bestela, kanpoko unibertsitateek beteko dute espazio hori. Estrategikoa da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maiaren adierazpenen aurkako protesta egin zuten ostegunean, SOS Arrazakeriak deituta. Irudian, manifestari bat, alkatearen aurkako afixa batekin. ©JESUS DIGES / EFE

Maia, datuek gezurtatua: delituen %0,3 dagozkie migratzaile adingabeei

Ion Orzaiz

Adingabeen Fiskaltzak 522 espediente ireki zituen iaz Nafarroan, eta soilik 99 izan ziren migratzaileei egotzitakoak. Iruñeko alkateak dioenaren kontrara, delitu horien ehunekoa apaldu egin da 2019tik
Frantziako Polizia osasun ziurtagiria eskatzen, Miarritzeko ostatu batean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txertatze ziurtagiriaren alde egin du Konstituzio Kontseiluak

Oihana Teyseyre Koskarat

Astelehenetik goiti beharrezkoa izanen da Ipar Euskal Herriko hainbat leku publikotara sartzeko. Kontseiluak atzera bota du ekitaldi politikoetan parte hartzeko agiria eskatzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.