Artilleria astunaren ordua

Esparzak PSOEri leporatu dio «odolez zikindutako aulkiekin» akordioa egin izana, eta Nafarroa «ez saltzeko» eskatu du Casadok. «Manipulazio eta demonizazio estrategia» arbuiatu du Geroa Baik

Javier Esparza eta Pablo Casado UPNko eta PPko presidenteak, atzo, Nafarroako Parlamentuan. VILLAR LOPEZ / EFE.
jon olano
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Asteazkenean Nafarroako Parlamentuko presidentetza Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariaren esku geratzeak eta mahaiaren bigarren idazkari Maiorga Ramirez EH Bilduko ordezkaria izateak alarmak eta haserreak piztu ditu Nafarroako eta Espainiako eskuinean. Atzo, legebiltzar horretan batzartu ziren Pablo Casado PPko presidentea eta Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako lehendakarigaia, eta biek igo zuten PSOEren, PSNren eta EH Bilduren aurkako kritiken tonua.

Casado 09:30ean iritsi zen parlamentura, eta, Esparzaz gain, harekin bildu ziren Ana Beltran PPNko presidentea, Yolanda Ibañez UPNko idazkari nagusia, Enrique Maia Iruñeko alkatea eta Jose Suarez PPko idazkari nagusia. Bileraren ostean, Casadok Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko presidentegaiari eskatu zion «Nafarroa ez saltzeko» eta «Espainiaren eta [Nafarroako] foru erkidegoaren gobernabidea Navarra Sumarekin adosteko». Izan ere, Casadoren iritziz, «immorala» litzateke «Nafarroa saltzea hainbeste urtetan 800 hilketa zuritu dituztenei».

Casado prest agertu da asteazkenean Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren osaketan «gertatutakoa ahazteko», betiere Navarra Sumarekin ados jartzen bada gobernuak osatzerakoan: «Asteazkenean, argi eta garbi, akordio bat egon zen alderdi sozialistaren eta Bilduren artean, bigarren atal bat izan dezakeena gobernabideari dagokionez, baina hori saihesteko garaiz gaude». Eta, hori galarazteko, Casadok Navarra Sumaren babesa eskaini zion Sanchezi, ez dadin «independentisten eta Batasunakoen mende» egon: «Hemen dauka alderdi foral konstituzionalista bat, Nafarroaren aurrerabidea eta batasun nazionala babesten dituena, inbestidura akordio bat lortzeko».

PPk kritikak jaso ditu azken egunetan, udaletako gaur zortziko inbestidura saioen harira, Espainiako zenbait hiritan Vox eskuin muturreko alderdiarekin ados jarri delako. Atzo, Casadok erantzun zuen «distantziakidetasun faltsu bat» sortzen ari dela «beste alderdi batzuen eta Bilduren» artean: «Batzuei ez zaie Vox gustatuko, baina beharbada ahaztu dute Voxen [ETAk bahitutako Jose Antonio] Ortega Lara dagoela, ez Josu Ternera [Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkari ohia]».

PSOEren aurkako hitzetan ez zen atzean geratu Javier Esparza, egotzi baitzion Nafarroan «odolez zikindutako aulkiekin» ados jartzea eta «bedeinkapena» ematea Esparzaren arabera PSNk eta EH Bilduk eginiko akordioari: «Nafarroako gobernabidea eman diote EH Bilduri, eta legezkoa da hori, baina haren aulkiak ez dira besteenak bezalakoak; odolez zikinduta daude». Parlamentuko Mahaian bigarren idazkaria EH Bildukoa izatea «inoiz gainditu gabeko marra bat» dela uste du Esparzak: «Espainiako ezein presidentek ez du akordiorik egin hiltzaileen oinordekoekin».

PSNren erabaki «ulertezinak» arbuiatzeko, Vecinos de Paz eta Desolvidar elkarteek elkarretaratzera deitu dute gaur arratserako; sozialisten egoitzan batzera deitu zuten aurrena, baina, azkenean, Vinculo plazan elkartuko dira.

Esparzaren eta Casadoren jokabidearekin kritiko agertu zen, ordea, Geroa Bai. Ohar batean, salatu zuen PP, UPN eta Ciudadanos Nafarroaren «manipulazio eta demonizazio estrategia bat» garatzen ari direla, herrialdea «trukerako objektu» gisa erabiltzeko. Bien adierazpenak «oso larriak eta arduragabeak» iruditzen zaizkio, eta «helburu bakarra dute gizartea konfrontatzea eta asaldatzea». Areago, salatu du Navarra Sumak bat egin duela «hitz potoloen politikarekin» eta «adingabetzat» jotzen dituela herritarrak.

Casado eta Esparza jomugan izan ditu Odon Elorza PSOEko diputatuak ere. Sare sozialetan, Casadori egotzi dio aldagai bat «ezkutatzea»: «Bilduk ezezkoa ematen badio Txibiteri, gobernua eskuinari emango dio. Itunik gabeko abstentzioak, ordea, PSOEri egiten dio mesede. Casadoren eta Riveraren zinismoari ezezkoak baino ez dio balio».

Parlamentuko Mahaiaren osaketak sortutako harrabotsa, ordea, «polemika faltsutzat» jo du EAk. Alderdi horretakoa da Maiorga Ramirez, mahaiko bigarren idazkaria, eta EAk gogora ekarri du alderdiak «24 urtetan» ordezkaritza izan duela Nafarroako Parlamentuan. Era berean, ohartarazi du ez duela «inoren irakaspen moralik onartuko indarkeria guztien aurkako bere posizionamenduan».

Bilerak, datorren astean

Eztabaidatik harago, Unai Hualde hasi da lanean, eta espero du datorren astean zehar egitea bilerak legebiltzarreko taldeekin, uztailaren 1erako «ondorioak» izateko. Ondorioa litzateke Nafarroako Gobernurako lehendakarigai bat proposatzea bozketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.