Urkulluk ez du «hipotesirik» egin nahi gobernu berriaren osaketaz

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak espero du EAJk eta PSE-EEk aste honetan ixtea datorren legegintzaldirako gobernu akordioa. Bi alderdiak «lau lan alor» ari dira lantzen

Eusko Jaurlaritzako jarduneko kideak, Iñigo Urkullu lehendakaria eta sailburuak, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Igor Susaeta.
Donostia
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren hurrengo legegintzaldirako koalizio gobernua negoziatzen jarraitzen dute EAJk eta PSE-EEk. Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak espero dubi alderdiek aste honetan bertan ixtea akordioa. Atzo galdetu zioten ea erabakita dagoen nortzuek osatuko duten gobernua, nortzuk izango diren sailburuak. Urkulluk erantzun zuen ez duela «hipotesirik» egin nahi gobernu berriaren osaketaz.

Datorren ostegunerako programatuta dago Jaurlaritzaren datorren lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioa, irailaren 3rako, eta, sekulako okerrik ezean, Urkullu hirugarrenez jarraian aukeratuko dute lehendakari, gehiengo osoz, lehen bozketan. Izan ere, EAJk 31 eserleku lortu zituen uztailaren 12ko hauteskundeetan, PSE-EEk hamar, eta gehiengo osoa lortzeko 38 behar dira. EH Bilduk etzi argituko du Maddalen Iriarte lehendakarigai izango den, baina ez du inbestitua izateko aukerarik.

Urte politikoa Donostiako Miramar jauregian hasi ohi du Jaurlaritzak, eta orain ere hala egin du, nahiz eta atzo jauregian egindako gobernu kontseilua berezia izan zen, leku berean egin izan diren beste batzuekin alderatuta. Izan ere, jarduneko gobernu batek lehen aldiz eman dio hasieraurte politikoari. Gainera, hamaikagarren legealdiaren azkenengo gobernu kontseilua izan zen atzokoa.

Gobernu kontseiluaren ondoren egindako agerraldian jarduneko lehendakariak nabarmendu zuenez, eskerrak eman dizkie sailburu guztiei, «egindako lanarengatik». Azken legealdian sailburu izan direnen izenak zerrendatu zituen Urkulluk. Jon Darpon ere aipatu zuen, nahiz eta Osasun sailburu izandakoak iazko martxoan dimisioa eman zuen, Osakidetza auzia zela medio.

Azken legegintzaldian 11 sailburu izan ditu Jaurlaritzak, eta horietako hiru PSE-EEkoak izan dira. Zenbait hedabidek negoziazioetako iturriak aipatuz kaleratutako informazioen arabera, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gobernuan egon nahi du, are lehendakariorde gisa—2009az geroztiko Jaurlaritzan ez da figura hori egon—. Horri buruz galdetu zioten Urkulluri atzo, baina jarduneko lehendakariak ez zuen «hipotesirik» egin nahi izan. Esan zuen «oinarri programatikoak» lantzen ari direla bi aldeak, «akordio bat lortzeko espirituarekin».

Jarduneko lehendakariaren esanetan, bi alderdiak «lau lan alor» ari dira lantzen. Ez zuen zehaztu, ordea, alor horiek zeintzuk diren. Hauteskundeak egin eta egun batzuk pasatu ondoren hasi ziren gobernu programa negoziatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.