EAJk eta PSE-EEk adierazi dute ituna «sendoa» dela, eta oposizioari irekita dagoela

Koalizio gobernurako akordioa sinatu dute Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak. Autogobernuaren alorrean askatasuna izango dute nork bere jarrera azaltzeko

Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia, atzo, Eusko Legebiltzarrean, gobernu ituna sinatzeko ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Hurrengo lau urteetako erronkei aurre egiteko akordio «sendo» bat da, Jaurlaritzari gehiengo osoz gobernatzeko aukera emango dio, eta oposizioko taldeei «irekita» egongo da. Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidenteak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak horrela laburbildu dute koalizio gobernua osatzeko lortutako ituna. Bi alderdietako buruzagiek atzo izenpetu zuten hitzarmena Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarekin batera; EAJko eta PSEko buruzagiak komunikabideen aurrean agertu ziren gero azalpenak emateko. «Pozik» agertu ziren lortutako akordioarekin, izurriari eta haren ondorio ekonomikoei eta sozialei «premiaz» erantzuteko modua ematen duelako, bi buruzagiek azpimarratu zutenez. Itunaren lehen eta bigarren ardatzek, hain justu, aipamen egiten diete bi erronka horiei: ekonomia suspertzea eta herritarren osasuna bermatzea. Eta horiek gogoan hartuta mintzatu zen Mendia: «Oso egoera latza bizi dugu, eta sinatutakoa, funtsean, itxaropenerako akordio bat da».

Jeltzaleen eta sozialisten itunari esker, gehiengo osoz gobernatu ahal izango du Jaurlaritzak hurrengo legealdian, lehen aldiz, azken 22 urteetan. Haatik, gobernuko bi bazkideek atzo azpimarratu zuten ez dela «inposake- tak» egiteko garaia, eta prest agertu ziren oposizioko taldeekin gai estrategikoetan «akordio zabalagoak»lortzeko. Vox ez gainerako taldeei egin zieten elkarlanerako deia, talde ultraeskuindarrarekin ez dutelako ezertan bat egiten, Ortuzarrek eta Mendiak nabarmendu zutenez. «Egoera kritiko honetan, taldeak egoerak eskatzen duen mailan egotea nahi dugu, erantzukizunez jokatzea, eta gobernuarekin lankidetzan aritzea», erantsi zuen Ortuzarrek.

Urkulluk bihar emango ditu akordioaren xehetasunak inbestidura saioan, baina atzo Ortuzarrek azaldu zuen ituna «ibilbide orri» bat dela hurrengo Jaurlaritzaren jarduna zehazteko, eta «Euskadiren premia nagusiei» erantzuna emango diela. Lau ardatz aipatu zituen: iruzurraren ondorioak, pertsonak, planeta eta autogobernua. «Hitza betetzen dugu, eta hurrengo gobernuari ibilbide orri argia ematen diogu egoera politiko, ekonomiko eta sozialaren aurrean». Sozialistek gobernuari «norabide progresista» emango diotela gaineratu zuen Mendiak: «Eskuak batzen ditugu gobernu progresista bat martxan jartzeko. Azken ehun urteetako krisialdirik handiena bizi dugu, eta akordio honek egoera berri bati erantzuna emango dio».

«Desadostasun adostua»

Azken legealdian bezalaxe, oraingoan ere autogobernuarekin lotutako atalean izan dituzte desadostasunak EAJk eta PSEk, eta, Ortuzarrek azaldu zuenez, ez dute lortu horiek «guztiz hitzartzea». Hala, 2016an adostutako formulari eutsiko diote gobernu akordioan eta «desadostasun adostu» gisa utziko dute gaia. Horrela, alderdi bakoitzak askatasuna izango du Eusko Legebiltzarrean bere jokabidea defendatzeko. Ortuzarrek horrela azaldu zuen: «Bi alderdiok oso ongi ezagutzen dugu elkar, asko maite dugu elkar, baina ezberdinak gara».

Bi alderdiek konpromisoa dute «estatutu itun berri bat» lortzeko, baina ikuspuntu ezberdinak dituzte gai horrekin lotutako beste atal batzuekin. «Autogobernu handiagoa eta hobea nahi dugu biek, baina hori gauzatzeko moduan alderdi bakoitzak bere ñabardurak ditu», zehaztu zuen Ortuzarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.