Eskuin muturrari aurre egiteko neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak

Segurtasunerako hamazazpi mehatxu identifikatu ditu gobernuak. Eskuin muturraren jarduera «eskasa» den arren, «prebentzio jarduera eta mekanismoak» jartzea beharrezkotzat jo du Erkorekak

Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, atzo Eusko Legebiltzarrean. IREKIA.
jon olano
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren segurtasunerako hamazazpi mehatxu identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak, zenbait motatakoak: «Eragile geologikoek, klimatikoek edo biologikoek eragindako arrisku naturalak; delitu informatikoei dagokienez, arrisku teknologikoak; delituei dagokienez, nahita edo jakinaren gainean egindako ekintzen ondoriozko arrisku antropikoak, beren izaeragatik, nahitako edo arduragabeko giza egite edo ez egite bat eskatzen dutenak». Horien artean, Jaurlaritzak berariaz aipatu du eskuin muturraren mehatxua ere, «bizikidetza demokratikoaren» aurkakotzat jota: «Eskuin muturreko taldeen jarduera Euskadin nahiko eskasa den arren, mehatxu global horri aurre egiteko prebentzio eta jarduera mekanismoak» ezarri nahi ditu.

Jaurlaritzaren diagnostikoaren arabera, «arrisku potentzialtzat hartu beharko lirateke eskuin mutur deitzen zaion horretan sar daitezkeen pertsonak eta erakundeak; izan ere, espazio ideologiko eta sozial hori elikatzen duen diskurtsoan presente egoten dira instituzioak errotik zalantzan jartzea eta indarkeria baliabide estrategiko posible gisa erabiltzea».

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eta Josu Zubiaga arlo bereko sailburuordeak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra 2025 izeneko dokumentua aurkeztu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean; gobernuak agiri horretan jaso ditu segurtasunaren arloan dituen asmoak. Helburua da «Euskadiko segurtasun publikoaren mehatxu nagusientzat erantzun eraginkorra eta bateratua antolatzea eta planifikatzea».

Era berean, gobernuak indarkeria matxista jaso du mehatxuen artean, eta, atal horretan, xedea hauxe da: «Ertzaintzan eta udaltzaingoetan sistema eta mekanismo komunak ezartzea, emakume biktimen arriskuen ebaluazio eta balorazio homogeneoak egiteko eta indarkeria matxistari erantzun hobea emateko». Txostenean, gobernuak gogorarazi du herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoen artean bederatzigarrena dela emakumeen aurkako indarkeria, eta datuen bilakaerak indarkeria horren «goranzko joera» erakusten duela azken urteotan. Jaurlaritzaren esanetan, hazkunde hori lotuta dago «neurri handi batean, indarkeria jasan duten gero eta emakume gehiagok erakundeetara laguntza eske joatea erabaki izanarekin».

Guztira, hamazazpi mehatxu zerrendatu ditu Jaurlaritzak: pandemiak, emakumeen aurkako indarkeria, arrisku naturalak, trafiko istripuak, antolatutako delitu taldeen jarduna, droga trafikoa, jihadismoa eta jokoarekiko mendekotasuna, besteak beste. Izurriei dagokienez, Jaurlaritzaren helburua hau da: «Prestaketa eta erantzun planak garatzea osasunaren arloko mehatxuei eta erronkei aurre egiteko».

Pertzepzioa eta datuak

Gainera, droga ekoizpenari, trafikoari eta kontsumoari dagokienez, gobernuak nahi du «legez kanpoko drogekiko tolerantzia soziala txikitzea, legez kanpoko drogen eskuragarritasuna mugatzea eta indarrean dagoen araudia eraginkortasunez bete dadin bultzatzea, zigortzeko prozedura ezarriz eta gai horiek ekoitzi eta banatzearen aurka eginez». Eta «islamismo erradikalari lotutako indarkeriazko ekintzak» eragozteko, asmoa da «prebentzio ekintzak lehenestea eta sustatzea, komunitate islamikoekin etengabe hitz egitea eta arazoak garaiz detektatzeko lan egitea, arazo horiek arriskutsuak izan baino lehen».

Agiriak «segurtasun integralerako euskal ereduranzko trantsizioa» osatzeko lau erronka jasotzen ditu, baita hamabi ildo estrategiko, 52 ekinaldi eta 166 ekintza ere. Gobernuak nahi du herritarren pertzepzioaren adierazlea 7,5etik gorakoa izatea 2025ean (azken aldiz neurtu zenean, 2019an, 6,93koa izan zen). Beste helburu bat da 7,5 eta 8,5 artean kokatzea herritarrek Ertzaintzari, udaltzainei, 112ko arretari, Euskalmeten informazioari eta trafiko zerbitzuari buruz egindako balorazioa 2025ean.

Pertzepzioez harago, datu batzuk ere bildu dituzte txostenean. 2019an ,117.795 arau hauste penalen berri izan zuen Poliziak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: kopurua %2,61 handitu zen 2018ko urtearen aldean —2018an, %6,34 igo zen—. Hortaz, 100.000 biztanleko delitu tasa 53,35 da Euskal Autonomia Erkidegoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.