Azpiazuk balizko akordioen mugak ezarriz hasi du bilera saila

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruko negoziazioetatik kanpo geratuko da fiskalitatea, sailburuaren arabera. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposamen bana aurkeztu dute

Eusko Jaurlaritzako kideen eta EH Bilduko ordezkarien arteko bilera, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon O. Urain - Iosu Alberdi
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren 2022rako aurrekontuak negoziatzeko bilera sortatik lehena egin zuen atzo Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak oposizioko alderdi politikoekin. Haren hitzetan, Jaurlaritzak ez die «marra gorririk» ezarri EH Bilduri, Elkarrekin Podemos-IUri eta PP+Ciudadanosi —ez da Voxekin bilduko—, eta haien proposamenak «aztertzeko» prest agertu da. Halere, argi mintzatu da fiskalitateaz: «Ez da orain negoziatzeko puntuetako bat».

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk idatziz aurkeztu dituzte euren proposamenak, eta Azpiazuk espero du PP+Ciudadanos koalizioak gauza bera egitea datozen egunetan. «Talde parlamentarioen proposamenak eta kopuruak bideratuko ditugu, egingarriak diren ikusteko», azaldu du sailburuak, eta gehitu datorren astean egingo duten bilera sortatik bigarrenean erantzun bat emango dietela. Nabarmendu du horiek, betiere, aurrekontuen markoaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenetan oinarritu beharko direla.

EH Bilduk 118 milioi euroko balioa lukeen proposamen sorta bat aurkeztu die Azpiazuri, eta EAJko eta PSEko kideei: sei proposamen politiko eta beste horrenbeste ekonomiko. Aurrekontuei begirako proposamen ekonomikoei dagokienez, osasungintzako lehen mailako arretara 30 milioi euro gehiago bideratzea proposatu du, beste 40 milioi udalen eta herritarren trantsizio energetikoa sustatzera, 35 milioi pobreziaren aurkako plana mantentzera, eta zortzi milioi zahar egoitzetako egoera hobetzera.

Koalizio subiranistaren eta gobernuaren arteko talka nagusia, baina, proposamen politikoen ingurukoa izan da. EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gutxieneko soldata hiru herrialdeetako batezbestekoaren %60an ezartzeko proposamena egin du. Era berean, alokairuen prezioak mugatzeko neurriak eskatu ditu, eta ikerketara barne produktu gordinaren %3 bideratzeko.

Horiek, baina, ez ditu mahai gainean jarriko Eusko Jaurlaritzak. Azpiazuk azaldu du alokairuen afera ez dela gobernuaren eskumenekoa, eta fiskalitatea «negoziazioetatik kanpo» dagoela: «Iritsiko da garaia. Orain, aurrekontu honetarako baliabideak dauzkagu».

Horiek horrela, EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek adierazi du negoziazioen helburu beharko lukeela «erronka estrategikoei aurre egiteko beharrezkoak diren akordio handiak josten hastea»; zehazki, trantsizio ekologikoari, digitalari eta sozialari dagozkienak. «Konpromiso politiko horietan aurrerapausoak ematea bultzada handi bat litzateke herri honentzat», azaldu du Iriartek, eta nabarmendu «ezohiko» neurriak behar direla.

Borondatetsu

Elkarrekin Podemos-IUk 500 milioi euroko gastua izango luketen hogei zuzenketa aurkeztu dizkio sailburuari. Puntu nagusiak honako hauek dira: 110 milioi euroko zuzenketa osasun larrialdian kontratatutako 4.000 osasun langileen enpleguak mantentzeko, 100 milioi energia enpresa publiko bat sustatzeko, 80 milioi hezkuntza publikoa indartzeko eta beste 50 milioi alokairu sozialeko etxebizitza publikoaren parkea handitzeko.

«Neurri estrategiko horietan», David Soto parlamentariak ez du akordio bat lortzeko Eusko Jaurlaritzaren «borondaterik» ikusi. Halere, bi aldeen arteko bileraren ostean, Sotok azaldu du «akordio bat lortzeko borondatea» dutela. Azpiazuk ere borondate hori berretsi du, eta koalizioari eskatu dio fiskalitatea «ekuaziotik kentzeko». Proposamenei dagokienez, berriz, sailburuak «gehienekoak» direla adierazi du, eta Elkarrekin Podemos-IU ere horren jakitun dela.

PP+Ciudadanos talde parlamentarioak ez du aurkeztu oraingoz proposamenik. Carlos Iturgaiz bozeramaileak, baina, eskaera baten berri eman du: zergak apaltzea. «Eduki daitezke gastu gehiago eta zerga gutxiago», azaldu du hark. Horren aurrean, Azpiazuk adierazi du eskuineko unionistekin hitz egiten jarraitzeko asmoa duela, baina Iturgaizi eskatu dio «argitzeko» ea aurrekontuen edo fiskalitatearen inguruko eztabaida bat nahi duen.

Jaurlaritzak bermatuta dauka aurrekontuen onarpena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitaukate Eusko Legebiltzarrean. Iaz, Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatu zituen aurrekontuak nagusiki, baina ez ziren ados jarri, eta Jaurlaritzako alderdiek baino ez zuten babestu 2021erako proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.