Migratzaileekiko tolerantzia indizea 70ekoa da, inoizko handiena, Ikuspegik dioenez

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak biltzen dituen barometroaren emaitzak aurkeztu ditu. Galdeketa erantzun duten gehienentzat immigrazioa ez da arazo

Arrazakeriaren kontrako manifestazioa Iruñean, martxoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Atzerritar jatorriko biztanleekin herritarrak gero eta inklusiboagoak direla dio Ikuspegiren azken barometroak. Immigrazioaren Euskal Behatokiak EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egin du barometroa, eta Bizkaia aretoan aurkeztu zituen emaitzak atzo. «Euskal gizarteak ez du uste immigrazioa arazo bat denik», adierazi zuen Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Datuek azalarazi dutenez, galdekatutakoen %3,3k hautematen dute immigrazioa arazo pertsonaltzat. «Tolerantziak dimentsio guztietan egin du gora», esan zuen Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak. Barometroaren arabera, tolerantzia indizea 69,28 punturaino heldu da: «Saileko puntuaziorik handiena». Joan den urtearekin alderatuta, hiru puntu areagotu da. «Krisi ekonomikoa eta soziala jasaten ari gara», azaldu zuen Shershnevak. Horren aurrean, herritarrak «inoiz baino solidarioagoak dira».

Artolazabalek eta Shershnevak aditzera eman zutenez, estereotipoak desagertzen ari dira. Ekonomiarekin lotuta dauden estereotipoak, batez ere. Shershnevaren arabera, migratzaileek bertako populazioak nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituzte: «Migrazioa funtzionala dela uste dute, erabilgarri ikusten dute ekonomiari egiten dioten ekarpena».

Beste estereotipo batzuek iraun egiten dute. Esate baterako, galdekatuen ia herenak uste dute migratzaileek matxismoa areagotzen dutela.

Nazionalitatearen arabera, sinpatia maila aldatu egiten da. Begikotasun maila handiagoa erakusten dute kulturalki gertuagokotzat hartzen direnekiko. Argentinak du begikotasun maila handiena. Zerrendaren beste muturrean, ordea, Magrebeko herrialdeak daude.

Barometroaren arabera, hamar pertsonatik zortzik uste dute pertsona guztiek eskubide berbera dutela zerbitzuetarako sarbidea izateko.

Urteroko inkesta

2007an egin zuten lehenengo barometroa. Urtero 600 inkesta egiten dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hamazortzi urtetik gorakoei egiten diete.

Profil toleranteenak zeintzuk diren ikertzen dute. Hala nola gazteenak dira tolerantzia handiena dutenak, hirietan bizi direnak, hilean 1.800 euroko soldata dutenak edota euskaldunak. Tolerantzia gutxiena dutenak, berriz, pertsona nagusiagoak dira, ikasketa gutxiago dituztenak edo herri txikiagoetan bizi direnak.

Gorka Moreno EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak esan zuenez, Ikuspegik egiten duen lana garrantzitsua da migrazioaren fenomenoa gizarteratzeko: «Ikerketaren aldetik, baina dibulgazioaren eta hedapenaren bidez ere bai, gizarteak fenomeno hau ezagut dezake». Horrez gain, adierazi zuen barometroaren emaitzak erabilgarriak izan behar direla politika publikoak diseinatu eta sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.