Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina

Etenik ez kanpainan

Orioko hilketa matxistak eragin eskasa izan du kanpainako agendetan; oro har, alderdiek ekitaldiei eutsi diete. Hautagai batzuk Orion batu dira arratsaldean

Gipuzkoako ahaldungai nagusi gehienak diputazioaren atarian batu ziren atzo goizean eginiko elkarretaratzean. JON URBE / FOKU.
jon olano
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Orioko (Gipuzkoa) hilketa matxistaren biharamuna zen atzo; hari erantzun politiko bat emateko eguna. Alderdi politikoak udal eta foru hauteskundeen kanpaina betean dira, eta, atzokoan, Orioko hilketak eragin mugatua izan zuen hautagaien agendetan; kanpainako ekitaldiei eutsi egin zieten oro har, baina hautagaietako batzuk Orion arratsaldean eginiko elkarretaratzera joan ziren, eta indar politiko batzuek oharrak argitaratu eta adierazpenak egin zituzten gertatutakoa arbuiatzeko.

Besteak beste, Orion izan ziren bart Eider Mendoza EAJko Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Mikel Lezama PPko zerrendaburua, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburua, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Goizean, Gipuzkoako diputazioko jauregiaren atarian eginiko mobilizazioan batu ziren hautagaiak: Mendoza, Iriarte, Lezama eta baita Jose Ignacio Asensio PSE-EEko ahaldungai nagusia ere. Aurrez, Iriartek mezu bat zabaldu zuen sare sozialetan, Orioko protestara joatera deituz: «Kolpatuta nago Orion izandako hilketa matxista dela-eta. Nik maite dudan Gipuzkoan honelakoek ezin dute tokirik izan eta etengabe lan egingo dut horrelakoak errepikatu ez daitezen».

Maila nazionalean, ordea, alderdi nagusiek eutsi egin zieten atzo arratsalderako aurreikusita zeuzkaten deialdiei: EAJk Tolosako Triangulo plazan (Gipuzkoa) mitina egin zuen 19:30ean, eta han izan ziren Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Mendoza bera eta Xarles Iturbe Tolosako alkategaia.

EH Bilduk, berriz, Santurtzin (Bizkaia) egin zuen eguneko ekitaldi nagusia; bertan hartu zuten parte Miren Matanzas alkategaiak, Arkaitz Rodriguez legebiltzarkide eta Sortuko idazkari nagusiak eta Iker Casanova Bizkaiko ahaldungai nagusiak. Goizean ere, Donostian kanpainan jardun zuten Iriartek eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategaiak. Gaurko saio batzuk, ordea, bertan behera utzi ditu koalizioak; Lasarte-Orian eta Pasaian, esaterako.

«Fronte guztietan»

PSE-EEk Errenterian (Gipuzkoa) egin zuen eguneko ekitaldi nagusia, Orioko elkarretaratzea baino ordubete lehenago; han izan ziren Pilar Alegria PSOEko bozeramailea, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Asensio bera. Goizean, Asensiok dei egin zuen indarkeria matxistari «fronte guztietan» aurre egitera. Elkarrekin Podemosek Zumarragan (Gipuzkoa) egin zuen mitina arratsean, eta han izan zen Miren Etxebeste Gipuzkoako ahaldungai nagusia. Mitinean, babesa azaldu zien Orion hildako andrearen senideei: «Patriarkatua gu akabatzen ari da, banan-banan».Gipuzkoako PPk, berriz, bertan behera utzi zuen Zarautzen (Gipuzkoa) arratsaldean egitekoa zuen mitin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.