Hizkuntza proiektuak ebaluatu eta egokitzea jasotzen du hezkuntza itunak

Hezkuntza itunerako testu berriak zehaztasun handiagoz jasotzen ditu segregazioari eta hizkuntzei lotutako gaiak, baita eskolak ituntzeko baldintzak ere. Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna aipatu dute

Andoaingo ikastolako ikasgela bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Eskola segregazioa murrizteko neurriak zehaztea eta euskarari arreta handiagoa jartzea. Horiek dira, BERRIAk jakin duenez, hezkuntza itunerako testu berriak proposatzen dituen ardatz nagusiak. Euskararen arloan, hauxe proposamen nagusia: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko du, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan euskaraz zein gaztelaniaz B2 maila izateko. Hizkuntza proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egingo dute, eta, hala badagokio, baita egokitu ere.

Ikusi gehiago:Ostiralerako greba bertan behera utzi dute sindikatuek

Joan den ostiralean bozkatu zituzten zuzenketak Eusko Legebiltzarrean ituna erdiesteko sortu den lantaldean. EAJk, EH Bilduk —militantziak berretsi beharko du—, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk akordioa lortu zuten. Hilaren 28an Hezkuntza Batzordetik igaro ostean, apirilaren 7ko osoko bilkuran onartuko dute behin betiko testua, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Legea egiteko oinarri gisa erabiliko duena.

Dokumentuak sarreran aipatzen du «administrazioaren eta ikastetxeen arteko harremanak birformulatuko» direla besteak beste, hezkuntzaren deszentralizazioa garatuta eta tokiko erakundeen protagonismoa zabalduta. Helburuen atalean, hauxe jaso du testuak zuzenketak txertatuta —baliteke aldaketaren bat izatea astelehena baino lehen—.

EUSKARA

Euskarak hezkuntzan izan behar duen garrantziaz ekarpen sakona egiten du dokumentuak, eta balioetan ere nabarmentzen du euskararen garrantzia: «Hezkuntza sistemak konpromiso berezia du euskararekin, bere kulturarekin eta haren transmisioarekin».

Aurreko testuak baino zehaztasun handiagoarekin jasotzen du lortu beharreko maila, horretarako bidea eta ebaluazioa, et,a irakasleen mailari eta erabilerari erreferentzia egiten dio. Horretarako, honatx proposamena: «Euskara ardatz izango duen marko eleaniztun orokortu baten aldeko apustua egiten dugu. Bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua defendatzen dugu, betiere, ikasleen jatorrizko hizkuntzak eta kulturak aintzat hartuko dituena». Eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko du, eta euskararen, gazteleraren eta ingelesaren «tratamendu integratua» egin beharko du, haien funtzioa eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen hizkuntza eta hezkuntza proiektuak ebaluatzeko mekanismoak ere ezarri beharko ditu.

Aurreko testuak ez bezala, ikasleek lortu beharreko maila zehazten du: Lehen Hezkuntza bukatzerakoan, B1 euskaraz eta gazteleraz, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran, B2. Ikasleei ez ezik, irakasleei ere erreparatzen die, xedeak lortzeko irakasleen prestakuntza «estrategikoa» delakoan: proposatu dute behar dutenei laguntza ematea, euskaraz C1 plus maila eskuratu eta bereziki ahozkoan «abilezia bikaina» eskura dezaten.

Euskararen Ikaskuntzarako Institutua sortzeko eskaerari ere eutsi diote. Besteak beste, irakasleak hizkuntza eta metodologia arloan prestatzeaz, euskal curriculuma lantzeaz eta eskola materialaren ekoizpenaren antolakuntzaz arduratuko da.

SEGREGAZIOA

Segregazioarena da akordioan nabarmentzen diren puntuetako bat. Itunaren arabera, ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako sarbidea arautuko dute, «berdintasun baldintzetan» egiteko. Ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik nahiz bestelako arrazoiengatik bereiztea saihesteko neurriak jasoko direla aipatzen du. Halaber, eskatzen dute errenta baxua dutenei pisu handiagoa ematea baremazio irizpideetan, baita eskola publikoetan eta itunpekoetan ikasleak onartzeko prozedura bakarra arautzea ere.

ITUNAK

Eztabaidaren beste muinetako bati ere heltzen diote dokumentuan: sare publikoaren eta itunpekoaren auziari. Lehenengo testuak ez bezala, berriak «protagonismoa» aitortzen dio eskola publikoari. Hori horrela, adierazten du botere publikoek sare publikoarekiko «erantzukizuna eta konpromisoa» daukatela eta finantzaketa nahikoa eman behar zaiola. Halaber, eskola publikoarentzat plan estrategiko bat onartzea ere aipatzen du dokumentuak. Ordea, Eusko Jaurlaritzak jabetza publikokoak ez diren eskola ere diruztatuko ditu, itunen bidez: «Euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoa ikastetxe publiko eta itunduak medio emango da». Legeak ezarriko dituen konpromiso eta betebeharrak errespetatu beharko dituzte: hizkuntzaren arloan legeak esandakoa erdietsi beharko dute, «haien ingurune soziolinguistikoak eskatzen duen neurrian»; ez dituzte ikasleak sexuaren arabera bereizi beharko; lege organikoak ezarritako gutxiengo ordu kopurua izango da ikastetxeek gehienez eman ahal izango dutena; «inklusioaren, ekitatearen eta aukera berdintasunaren» aldeko konpromisoa hartu beharko dute, eta segregaziorik egonez gero, hezkuntza administrazioak eta Tokiko Hezkuntza Kontseiluek hartutako erabakiekin bat egin beharko dute; jabetza pribatuak diren eskolek «prozesu garden eta demokratikoak» erabili beharko dituzte langileak kontratatzeko; eta ez dute irabazi asmorik eduki beharko, besteak beste. Hori horrela bada, «ikasleen premiak» osorik finantzatuko dituzte, eta eskolatze kuotak debekatuta egongo dira. Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna izango da doakotasun erreala bermatzea.

Erabateko doakotasunaren bidean, nabarmentzeko beste ekarpen bat egiten du dokumentuak: Haurreskolak partzuergoa «berrindartuko» dutela, eskaintza unibertsala, kalitatezkoa eta doako zerbitzu publikoa bihurtzeko.

DESZENTRALIZAZIOA

Administrazioaren eta ikastetxeen arteko harremanak «birformulatzeko» asmoa daukate, «hezkuntza deszentralizazioa, tokiko erakundeen protagonismo zabalagoa, familien partaidetzaren sustapena eta hezkuntza formala eta ez-formalaren arteko elkarlana direlarik ortzi muga». Besteak beste, tokiko hezkuntza kontseiluak eratzea eskatzen dute, hezkuntza komunitate guztiaren partaidetza bilatu, eta hezkuntza formala eta ez-formala uztartzeko. Hainbat gairen inguruan kontsultak egiteko baliabidea izango da: behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolatze egokia bermatzeaz, hezkuntza premiak identifikatzeaz...

Bestelako proposamenak ere egiten dituzte. Hala nola onartzen du hezkuntza sistema laikoa dela, eta esaten du hezkidetza dela sistemaren ardatzetako bat.

Testuak Legebiltzarraren %90aren babesa jaso du, baina oraindik ikusteko dago legean nola islatuko den. Jaurlaritzaren asmoa da Gobernu Kontseiluak lege proiektua urrian edo azaroan onartzea, eta, Eusko Legebiltzarretik igarota, legea datorren urteko udaberrian onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.