Nafarroari trafiko eskumena uztailaren 1etik aurrera itzuliko zaiola sinatu dute

Txibitek azpimarratu du aldarrikapen historiko bati bide eman zaiola. Lau urte iraungo du trantsizio epeak, eta egun baino 149 foruzain gehiago beharko dira

Atzo, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldia. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Historikoki berea izan zuen bide segurtasuneko eta trafikoko eskumena Nafarroari itzuliko zaio uztailaren 1etik aitzina. Atzo, Transferentzien Batzordearen bileran, akordioa izenpetu zuten estatuko eta Nafarroako ordezkariek. Ondoren, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldian, Maria Txibite lehendakariak gogora ekarri zuenez, urte luzez bere kabuz kudeatu zuen Nafarroak bide zaintza harik eta 1962an diktadura frankistak «indarrez kendu zion» arte. «Horregatik ez da eskumen bat gehiago. Esanahi berezia du», nabarmendu zuen. Haren esanetan, «aldarrikapen historiko bati» bide eman zaio, azkenik.

Ekitaldi horretan, Nafarroako erakundeetako ordezkari nagusiak izan ziren. Espainiako Gobernuaren izenean, berriz, Alfredo Gonzalez Lurralde Kohesioko Estatu idazkaria izan zen bertan. Hark aipatu zuen Foru Hobekuntzan jasota datorrela Nafarroari dagokiola eskumen hori, eta «gutxienez 2000. urtetik» Nafarroako Parlamentuko talde guztiek eskatu dutela eskumena itzultzea.

Zenbat iraungo du trantsizioak?

Ez du berehalakoan osorik hartuko eskumena. Apurka egingo da, eta trantsizio epe horrek lau urte iraungo du. Adibidez, isunen bilketa 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du bere gain. 2027rako burutu beharko litzateke.

Zer funtzio izango ditu Nafarroak?

Trafikoaren zaintzaz gain, arduratuko da autoeskolez, gidarien azterketa psikofisikoez, bide segurtasunari buruzko heziketaz eta dibulgazio kanpainaz, tokiko poliziei zirkulazioari buruzko irizpideak emateaz, errepidetako kirol proben eta ibilgailu historikoen martxei buruzko informazio zein argibideak emateaz, tasak kobratzeaz...

Zertaz arduratuko da estatua?

Estatuaren esku jarraituko du trafikoaren araudiak, gidabaimenen gestioak, baimen berezien kudeaketak, ibilgailuen erregistroak eta zirkulazio baimenen matrikulazioak.

Bien artean partekatuko al da funtziorik?

Bai. Adibidez, Nafarroak urtero istripuen inguruko datuak emango dizkio Espainiako Trafiko Zuzendaritzari, eta zigor espedienteei eta gidarien puntuei buruzko txostenak pasatuko dizkio. Sortzen diren autoeskolen berri emango du. Autoeskolako irakasle izateko ikastaroak eta probak Trafiko Zuzendaritzarekin hitzartu beharko ditu, halaber.

Zenbat foruzain beharko dira?

Egun, 227 foruzain aritzen dira errepideak zaintzen. Hala, beste 149 foruzain gehiago beharko ditu, behin transferentziaren prozesua burututa.

Zer gertatuko da guardia zibilekin?

Egun trafikoan aritzen diren guardia zibilek borondatez Foruzaingora pasatzeko aukera izango dute —hala jasotzen du 2018ko Nafarroako Polizien Legeko bederatzigarren xedapenak; haren alde bozkatu zuten UPNk, PSNk, PPk eta Ahal Dugu-ko sektore kritikoko bi parlamentarik—. Kopurua finkatzean, aldaketa zer epetan egingo den zehaztuko da. Guardia zibil horiek diru osagarri bat kobratuko dute egun jasotzen duten soldatarekin parekatzeko—hala zehazten da 2023ko aurrekontuan—. Foruzain izan nahi ez dutenak beste talde edo erkidego batzuetara aldatuko dituzte.

Zer baliabide jasoko ditu Nafarroak?

Trafiko Zuzendaritzako sei ibilgailu, errepideetako zortzi radar gehi laser bidez abiadura neurtzen duten bi zinemometro eta 33 etilometro emango zaizkio. Gainera, Nafarroaren ardurapean egongo dira hiru kargu: bide segurtasuneko burua, bide heziketako lurraldeko koordinatzailea eta bideko segurtasuneko ikerlaria.

Zenbateko kostua du eskumenak?

Kalkulatu dutenez, eskumenak 15 milioi euroko kostua du urtero.

Eta zenbat diru biltzen da?

2015etik 2022ra bitartean batez beste 11,4 milioi euro bildu ziren urtero isunen bidez.

Nola finantzatuko da?

Nafarroak bere gain hartzen dituen eskumen ororen moduan, ekarpen bidez finantzatuko da. 2020-2024 epeko ekarpenaren kalkulurako 56.515 eurotan ezarri da foruzain bakoitzeko unitate kostua —soldatak, gastu arrunta eta baliabideak hartu dira aintzat—. Dena den, sortuko diren 149 foruzain postuen erdiak betetzen direnean, kostu hori berritu egingo dute bi aldeek.

Zer gertatuko da soberakinekin?

Kostuaren eta diru sarreren artean soberakinak egonez gero, 2025era arte %75 estatuarentzat izango da eta beste %25 Nafarroarentzat. 2025etik aurrera, alderantziz izango da: Nafarroarentzat %75 eta estatuarentzat %25.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.