Metalgintzarena izango da gatazken beroaldia piztuko duen lehen greba

Arabako metalean hiru greba egunera deitu dute ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek. Hilaren 21ean, 22an eta 23an egingo dituzte lanuzteak. Ostegunean bilduko dira patronalarekin

Maiatzean eta ekainean protesta jendetsuak egin zituzten, hitzarmen «duina» eskatzeko. Irudian, Gasteizen egin zuten manifestazio bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Sindikatuek aurreratu zuten jada udako oporraldia amaituta lan gatazkak areagotu egingo zirela, eta, beraz, baita lanuzteak eta grebak ere. Izan ere, inflazio tasa handiak —%10,7 zen abuztuan Hego Euskal Herrian— eta langileen erosteko ahalmena ez galtzeko premiak nabarmen zaildu dituzte zenbait sektoretako lan itunak gaurkotzeko negoziazioak. Arabako metalgintzarena da horietako bat. Hitzarmena berritzeko elkarrizketak ez atzera ez aurrera daude, eta hori salatzeko ekoizpena eten eta kalera ateratzeko deia egina diete ELA, LAB, CCOO, USO, CGT eta ESK sindikatuek langileei hilaren amaierarako: grebara deitu dute sektorea 21ean, 22an eta 23an, udazkenean pitz daitezkeen lan gatazken zerrendako aurrenekoa bilakatuz.

Hain zuzen ere, sindikatuek SEA patronalari eskatu diote gogoeta egiteko, eta «akordioa erraztuko duen» jarrera batekin azaltzeko hurrengo bilerara, sektorean lanuzteak heda ez daitezen. «Espero dugu sektorean eta modu globalean bizitzen ari garen garai historikoaren mailan egotea, eta arduraz jokatzea. Haien esku dago sektorea geldiaraziko duten beste hiru greba egun saihestea», adierazi dute. Hilaren 8an, datorren ostegunean bilduko dira bi aldeak ostera.

Izan ere, sindikatuek gogorarazi dute SEAk bertan behera utzi zuela ekainaren 29rako jarria zuten hitzordua, eta hurrengo bilerara —uztaileko lehen egunetan elkartu ziren azkenekoz— negoziatzeko borondaterik gabe agertu zela. «Bere jarrera immobilista eta arduragabea mantendu zuen, negoziazioa blokeatuz eta gehiengo sindikalaren proposamenak gutxietsiz».

Hala eta guztiz ere, hitz egiten jarraitzeko nahia adierazi zuten sindikatuek, negoziazioak egoera kritiko batean sartzeko arriskuan zeudelako, eta elkarrizketei irailean berrekitea proposatu zioten patronalari. Salatu dute, ordea, trabak baino ez dizkiela jarri horretarako, eta «borrokatu» behar izan dutela harekin berriz biltzeko. «SEAren atzetik ibili gara bilera bat adostu ahal izateko. Aitzakiak jartzen zizkigun behin eta berriz, ez zuela ikusten esanez edota data atzeratuz edota kenduz». Ekainean ere birritan egin zion uko elkartzeari SEAk, sindikatuen arabera.

Eskaerei eutsi

Sindikatuek gogorarazi dute eutsi egiten dietela beren eskaera nagusiei, baina, azkeneko bileran, lehentasun gisa jarri zuten lanaldia laburtzea eta soldatak igotzea. «Bi puntu horiek nabarmendu genituen SEAk ez duelako hitz egin nahi aldarrikapen horiez, baina ez diogu garrantzirik kendu nahi beste guztiari», adierazi dute. Izan ere, haien hitzetan, erosteko ahalmenari eusteak are garrantzi handiagoa dauka prezioak oro har hainbeste igotzen ari diren honetan. Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea, laneko osasuna eta berdintasuna bermatzea, eta aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak hobetzea dira sindikatuen gainerako aldarrikapenak.

Horiek horrela, grebarekin bat egin eta kalera ateratzeko deia egin diete sindikatuek sektoreko enpresei eta langileei, «tailer txikietatik hasi eta enpresa handietaraino». Izan ere, uste dute soilik modu horretan lortuko dutela sektoreak «behar duen» hitzarmena egitea: «Antolakuntza eta borroka dira langileen tresnarik boteretsuenak, eta gure eskubideak eta lan baldintzak defendatzeko erabiltzea dagokigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.