Errezeta pribatu faltsuak atzemateko sistema bat estreinatu dute Gipuzkoan

Paperezko errezeta pribatuen kontrola martxan jarri dute farmazietan. Euskarri elektronikoko errezetak kontrolatzen hasiko dira geroago

Errezetak, farmazia batean. V. LOPEZ / EFE.
Donostia
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoako farmaziek errezeta pribatu faltsuak egiaztatzeko sistema bat dute martxan atzotik. Paperezko euskarrian aurkezten diren errezeta faltsuak atzemango ditu. Farmazialariek ez ezik, mediku, dentista eta podologoen elkargoek ere parte hartu dute egitasmoan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia zuzendari Iñaki Betolazak aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan, gainontzeko sektoreetako arduradunekin batera. Haren arabera, «intrusismo profesionala» saihestea dute helburu; errezetak faltsuak diren jakiteaz gain, agiria eman duen profesionala nor den ere jakin ahal izango dute.

Gipuzkoakoa «proba» antzeko bat izango dela adierazi zuen Espainiako Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Orokorreko zuzendari Jesus Aguilarrek. Azaldu zuen sistema publikoak eskaintzen duen «bermea» lortu nahi dutela zerbitzu pribatuetako erabiltzaileentzat. Iruzur ekonomikoa saihestea ere bada helburuetako bat. Adierazi zuten, hala ere, pazienteen «segurtasuna» dela lehentasuna. Aguilarrek erantsi zuen errezetarekin farmazietan eskuratu daitezkeen produktu guztien kontrola egingo dutela, guztiak baitira «drogak». Dependentzia sor dezaketela azpimarratu zuen, eta tentuz egin behar dela betiere horien gaineko preskripzioa.

Azken asteotan, botika guztietan irakurgailu elektronikoak banatu dituzte; gailuak esango die botikariei errezeta egiazkoa den, aurretik erabili den, eta profesional batek preskribatu duen. Paperezko errezetez gain, errezeta pribatu elektronikoak egiaztatzeko sistema bat ere garatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.