Hiru urte eta erdi ondoren, kalean

Baimenarekin, Zaballako kartzela utzi dute Ramirez de Alda, Arnanz eta Unamuno Altsasuko gazteek, asteburua pasatzeko. «Amesgaiztoa ez da bukatu», diote gurasoek

Koldo Arnanz eta Antton Ramirez de Alda, atzo, Zaballan. RAUL BOGAJO / FOKU.
joxerra senar
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
1.326 egun, bere 24 ordu luzeekin, espetxean pasatu dituzte. 2016ko azaroaren 14an atxilotu zituztenetik, hiru urte eta erdi baino zertxobait gehiago. Atzo 09:15ean Zaballako (Araba) espetxeko ateak zeharkatu zituzten Oihan Arnanzek, Adur Ramirez de Aldak eta Jokin Unamunok. Hirugarren graduan dira jada, eta oraindik ere behin betiko askatasunik lortu ez badute ere, espetxeko onurak jasotzeko moduan dira hemendik aurrera, eta asteburuetan kartzelatik atera ahal izango dira. Atzo zuten lehen eguna, eta, kanpoan, zain zituzten senide eta lagunak. «Pozik daude haiek eta pozik gaude gu», laburbildu zuen Antton Ramirez de Aldak, Adurren aitak.

 

Semeak besarkatu ostean, Koldo Arnanzek eta Antton Ramirez de Aldak, Oihan eta Adurren aitek, adierazpenak egin zizkieten kazetariei. «Atzotik [herenegundik] hodei batean gaude. Gau oso luzea izan da guretzat; hiru urte eta erdi luze pasatu ditugu itxoiten», nabarmendu zuen Koldo Arnanzek. Hiru gazteak «ingurura» begira atera direla azaldu du. «Hainbeste denbora barruan pasatu dute... Lapurtu dieten espazioa bete behar dute orain».

Gradu aldaketa ostegun arratsaldean jakinarazi zieten espetxeko funtzionarioek. Joan den abenduan, hirugarren gradua eman zieten Iñaki Abadi eta Aratz Urruzolari, Gorenaren iazko urriko epaiaren ondotik hiru urte eta erdi eta lau urte eta bi hilabeteko zigorra zutelako. Urtarrilean, berriz, gainerako bost gazteak bigarren graduan jarri zituzten, eta horien artean zeuden orain hirugarren gradua eskuratu duten hirurak. Altsasuko gazteen artean, Adur Ramirez de Aldak, Oihana Arnanzek eta Jokin Unamunok daramate egun gehien espetxean.

Poz handia azaldu dute gurasoek espetxe kanpoan. Altsasuko gazteen omenez sortu den abestiaren hitzak gogoan, «txarrenari onena» ateratzen ikasi dutela azaldu zuen Antton Ramirez de Aldak. «Onena izango da haiekin egotea eta disfrutatzea. Bizi izateko egun berezia da, eta gogoratzeko beste biek hor jarraitzen dutela». Egoera berriak arindua emango die gazteei eta haien senideei, eta atzoko egunaz gozatuko zutela erantsi zuen.

Cob eta Goikoetxea gogoan

Hain zuzen ere, bi aitek gogoan izan dituzte Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea, zeinak espetxean diren iazko ekainaren 1etik. «Espero dugu lehenbailehen ateratzea barruan geratzen direnak, Jonan eta Julen», esan zuen Koldo Arnanzek. Atzo, ostiralero legez, 20:00etan elkarretaratzea egin zuten Altsasun, gazte guztiak behin betiko aska ditzatela eskatzeko.

Gogora ekarri zuten hiru gazteak eta iragan abendutik hirugarren graduan diren Iñaki Abad eta Aratz Urruzola ez daudela oraindik guztiz aske. Baimenek arindua eman badiete ere, ezin dira normaltasunera guztiz itzuli. «Oraindik ez da bukatu amesgaizto hau», adierazi zuen Koldo Arnanzek, horregatik. «Jarraituko dugu benetako askatasuna lortu arte», gaineratu zuen Antton Ramirez de Aldak.

Altsasuko auziko beste bi gazteei, Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari, Eguberrien aurretik ezarri zieten bigarren gradua, eta, ordutik, espetxetik kanpo igarotzen dituzte eguna eta asteburuak. Horiek izan ziren, hain zuzen, espetxe zigorrik laburrenak: hiru urte eta erdikoa ezarri zioten Abadi, eta lau urte eta bi hilabetekoa Urrizolari. Gainontzekoek zigor handiagoak izan zituzten: Oihan Arnanzek, bederatzi urte eta erdi; Ramirez de Aldak eta Unamunok, zortzi urte eta erdi; eta Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak, zazpi urte eta erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.