Mercedesek jada ez du lan itunaren aitzakia inbertsio handiei ekiteko

Beharginen %57k babestu dute zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin egindako akordioa. Epe ertainerako lan baldintzak finkatuta, zabalik du auto elektrikoa ekoizten hasteko bidea

Mercedes-Benzen Gasteizko lantegia Jundiz industrialdean dago. Fabrika handitzeko baimena eskura du multinazionalak jada. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Langileek zuten azken hitza, eta haien oniritziarekin amaitu da lan gatazka Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian. Lan hitzarmenaren erreferendumean, langileen %57k babestu dute zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin egindako akordioa, eta, horrenbestez, finkatuta geratu dira datozen bost urteetarako lan baldintzak. Ezinbestekoa zen hori enpresarentzat eta zenbait sindikaturentzat, luzegabeko ituna adostua izateak ekarriko duelako auto elektrikoa egiten hasteko inbertsioa bermatzea. Ekoizpena bikoiztea eta hurrengo hogei urtetarako enplegua ziurtatzea ekarriko luke horrek. Bada, aitzakiarik ez du multinazionalak orain iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsio hori baieztatzeko, gaur-gaurkoz asmo hutsa besterik ez baita.

Atzo goizean jakinarazi zituzten erreferendumaren emaitzak: bozkatzera deituta zeuden ia 5.000 langiletik 2.601 langilek egin zuten akordioaren alde; 1.939k, aldiz, aurka. Hamalau izan ziren boto zuriak. Lantegiko sailen arabera, ordea, ezberdina izan zen emaitza. Muntatzeaz eta pinturaz arduratzen diren beharginen artean ezezkoa nagusitu zen, eta baiezkoa, aldiz, bulegoetan eta bozketa telematikoan, alde handiz gainera.

Itunak Gasteizko plantan lan egiten duten ia 5.000 langileei eragingo die zuzenean, baina zeharka baita haren hornitzaile diren enpresetako beste 30.000 behargini ere. Mercedes, Euskal Herriko fabrikarik handiena izateaz gain —EAEko BPGaren %5 suposatzen du—, Arabako industriaren motorra ere badelako. Hori horrela, igandeko gaueko lan txanda onartu ez izanak, esaterako, lan erritmoetan eragingo die; eta, soldata igoerak KPIari lotu ez izanak ere beren enpresako negoziazioak baldintzatuko dizkie. Hori bera azpimarratu zuten, hain zuzen ere, akordioaren aldeko sindikatuek nahiz agintari politikoek eta erakundeetako ordezkariek, emaitzen berri izan zutenean.

Erabaki «historikoa»

Hain zuzen ere, UGTk azpimarratu zuen akordioak «egonkortasuna» bermatuko duela, bai Mercedesen, baita Gasteizko eta Arabako beste enpresetan ere. Iñaki Andresen hitzetan, «albiste ona» da langileek azken egunetako gertakarien inguruan «hausnartu» eta mahai gainean zuten proposamenaren garrantzia aitortu izana. «Akordioa ona da guztiontzat, eta hala ulertu dute langileek ere».

CCOOren ustez ere erabakia «historikoa» da. «Ezinbestekoa zen lantegiaren etorkizuna bermatu ahal izateko, bere historiako inbertsiorik handiena ekarriko baitio, eta, batez ere, langileen baldintzak hobetuko ditu», adierazi zuen sindikatuak, ohar bidez. Eta nabarmendu zuen hurrengo pausoa hitzarmena «gardentasunez» idaztea izango dela.

Zuzendaritzak ere nabarmendu zuen akordioari oniritzia emanda lantegiak «etorkizun itxaropentsua» izateko apustua berretsi duela. Emilio Titos zuzendariak langileei igorri zien ohar baten bidez adierazi zuen «etorkizuna egituratzea» dagokiola enpresari orain: «Gure indarguneetatik eta elkarrekin egingo dugu».

Pozik agertu ziren emaitzarekin Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere, eta azpimarratu zuten itunak hiriaren eta lurraldearen ehun ekonomikoari egonkortasuna emango diola. Bat egin zuten interpretazio horrekin SEA patronalak eta Eusko Jaurlaritzak ere. Bingen Zupiria gobernu bozeramaileak adierazi zuen, halere, «erronka» orain multinazionala «konbentzitzea» dela inbertsio plana baieztatzeko.

Gazi-gozo ELA, LAB eta ESK

Ezezko botoa eskatu zuten sindikatuek balorazio gazi-gozoa egin zuten. ELAk, LABek eta ESK-k kritikatu zuten«bermeak» falta izan zirela erreferendumean, eta enpresak presio egin ziela langileei beldurra sortuz. Edonola ere,«pozik eta harro» agertu ziren langileek borrokarako erakutsitako jarrerarekin, eta adierazi zuten «inflexio puntua» eragin duela lantegiaren mugimendu sindikalean. Hain zuzen ere, bulegoetan ez bezala, tailerretako langile gehienak akordioaren aurka azaldu izanak erakusten du, sindikatuen ustez, ez dela nahikoa izan seigarren txanda kentzea eta soldatak igotzea, langileek merezi dutelako «enpresak dituen irabazien parte proportzionala, beren ahaleginarekin sortzen dutena». Hau da, soldatak gutxienez KPIaren pare igotzea.

Datozen egunetan sinatuko dute hitzarmen berria, eta urte eta erdi iraun duen negoziazioari azken puntua jarriko dio hala. Tarte horretan, 38 bilera izan dituzte zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta grebak bederatzi egunez eten du ekoizpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.