Albistea entzun

Amazoniaren «harrapakariak» atxilotzeko agindu du Petrok

Deforestazioaren eta koka plantazioen kontrako borrokan Kolonbiako Gobernuak garatuko duen estrategiaren ardatzak azaldu ditu presidenteak. Nekazarien kriminalizaziotik aldendu da
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea (eskuinean) herrialdeko kupula militarra agurtzen, abuztuaren 8an, Bogotan.
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea (eskuinean) herrialdeko kupula militarra agurtzen, abuztuaren 8an, Bogotan. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko abuztuak 20

«Amazoniaren harrapakariak atxilotzeko eskatzen dizuet. Agindu bat da», esan zien Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak estatuko indarrei, herenegun, Amazonas eskualdean egin zuen ekitaldi politikoan. Amazoniako oihana babestera deitu zuen, eta nabarmendu egiteko hori «segurtasun nazionaleko auzia» dela. Armadako, aireko indarreko eta Poliziako goi agintari batzuk aurrean zituela eman zuen mezua. Petrok deforestazioari eta legez kanpoko plantazioei aurre egiteko ezarriko duen estrategiaren oinarriak azaldu zituen. Iragarri zuen bi borroka horietan nekazarien kriminalizazioa baztertuko duela, eta gobernuak delituen arduradun nagusiak jarriko dituela jopuntuan.

Kolonbiako Amazonian, deforestazioa inoiz ikusi gabeko mailara iritsi da azken urteetan. Ivan Duqueren gobernuan (2018-2022), oihanaren suntsitzeak ordura arteko marka guztiak hautsi zituen, eta, aurtengo lehen hiruhilekoan, %10 azalera zabalagoa hondatu dute, iazko urteko datuen aldean. Urtarriletik martxorako aldia izaten da urteko sasoirik lehorrena Kolonbiako Amazonian, eta horixe izaten da deforestazioak goia jotzen duen garaia ere. Tarte horretan, 50.400 hektarea oihan moztu dituzte aurten; Iratiko oihana halako hiru beste.

Petrok aste honetan ohartarazi duenez, Amazonia legez kanpo deforestatzen ari direnak ez dira soilik ingurumenaren kontrako delitu baten erantzule; oihanak klima larrialdiari aurre egiteko duen garrantziarengatik, gizadiaren aurkako krimen baten erantzule dira. «Gizon horiek ez dute askatasuna merezi. Egiten ari diren krimena hain handia denez, gizadi osoaren biziraupena arriskuan jartzen ari dira, eta atxilotuak izan behar dute».

Presidenteak gaineratu du deforestazioa bultzatzen dutenek nekazariak konbentzitzen dituztela diru truke oihana erre dezaten. Petroren ustez, erantzukizunaren zama ez da nekazari horien bizkar jarri behar, baizik eta «helburu espekulatzaileengatik gizadiaren aurka egiten ari diren legez kanpoko kapitalen jabeen gain».

Amazonia legez kanpo deforestatzen dutenen helburua izan ohi da zuhaitzak moztea, mineralak ustiatzea, abeltzaintza estentsiboa egitea, garraiorako azpiegiturak eraikitzea eta legez kanpoko landaketak egitea; bereziki, kokarenak. Lurra jarduera horietarako prestatzeko, oihanari su ematea izaten da lehen urratsa askotan.

Petrok iragarri duenez, Kolonbiako Gobernua software bat prestatzen ari da, satelite bidezko irudiekin, Amazonian bero guneak detektatzeko eta suteak ahalik eta azkarren itzaltzeko.

Amazonia babesteko neurriak izango dira koka landaketen aurkako politiken ardatza, eta ez Duquek bultzatu zuen glifosato bidezko fumigazioa. Soja transgenikoa hazteko sortu zen herbizida horren erabilerak nekazarien protestak eragin zituen, koka landaketak ez ezik, bestelako laboreak, animaliak, ura eta gizakiak ere kutsatzen dituelako —debekatuta dago hainbat herrialdetan—.

Konfiantza eskuratu

Petroren estrategiaren beste gakoetako bat izango da estatuaren eta nekazarien arteko elkarlana bultzatzea, horien konfiantza eskuratuta. Izan ere, koka landaketak beste labore batzuengatik aldatzeko programak eratzea Kolonbiako bake akordioaren laugarren puntuan jasotako konpromiso bat izan zen arren, koka ekoizpenak gora egin du. Batetik, gobernuak nekazarientzako diru laguntzak koka landaketak suntsitu ostean ematea erabaki zuenez, askok ez zutelako pauso hori eman nahi izan, eta, bestetik, laborea aldatu zutenek agindutako laguntza jaso ez zutenez, berriro koka landatzeari ekin ziotelako.

Duqueren gobernua nekazariak koka landaketak suntsitzera behartzeko operatibo militarrak bidaltzen hasi zen 2019an, eta nekazariek bake akordioa betetzeko exijitu zioten gobernuari. Gatazka ugari sortu ziren. Orain Petrok legez kanpoko landaketak ordezkatzeko plana berpiztu nahi du, nekazariei erraztasun gehiago eskainita.

Landa eremuetako komunitateekin gatazkak gutxitzeko balioko duelakoan, eta narkotrafikoaren aurka eraginkor jokatu nahian, gobernuak drogaren garraiorako eta esportaziorako sareetan jarriko du arreta. Petrok uste du droga herrialdetik irtetea eragotziz gero hura Kolonbian ekoizteko arrazoiak desagertuko direla. Presidenteak iragarri du ebaluazio txosten bat eskatu duela, estatuko indarrek kokaina itsasoan edo airean atzemateko duten gaitasuna aztertzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Fernandez, azaroan, La Plata hirian egindako ekitaldi batean. ©DEMIAN ALDAY / EFE

Cristina Fernandezi sei urteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegi batek

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ustelkeria leporatu diote, eta inhabilitazioa ezarri. Foruduna denez, Argentinako presidenteordeak babesa izango du 2023ko udaberrira arte

Raphael Warnock hautagai demokrata bart, bozak irabazi ostean. ©JIM LO SCALZO / EFE

Senatuan gehiengoa handitu du Alderdi Demokratak, Georgian irabazita

Berria

Raphael Warnock demokrata nagusitu zaio Herschel Walkar errepublikanoari, eta demokratek ez dute beharko Kamala Harrisen botoa berdinketak hausteko.

Errusiako armadako tanke batzuk ariketa militarrak egiten Rostov eskualdean, iazko urtarrilaren amaieran. ©EFE

Neguak gerrari eragingo dio

Igor Susaeta

Elurrak, hotzak eta eguzki orduen urriak baldintzatuko dituzte guda zelaiko mugimenduak eta horien ondorioz sortutako abaguneei eman beharreko erantzunak.
Alemaniako Polizia, Berlinen, sarekadan. / ©FILIP SINGER, EFE

Eskuin muturreko 22 pertsona atxilotu dituzte Alemanian, erakunde terrorista bateko kide izatea leporatuta

Jon Ordoñez Garmendia

Estatu kolpe bat prestatzen ari zirela jakinarazi du Fiskaltzak. Alemaniako Parlamentua hartzeko asmoa zuten, eta, horien artean, militar ohiak daude. Horiez gain, beste hiru jarraitzaile ere atxilotu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.