Orkestra: «Pandemia osteko susperraldia sendoa izan da»

Euskal ekonomiak krisiari ondo eutsi diola ondorioztatu du. 200.000 migratzaile beharko dira zahartzeari aurre egiteko

Orkestraren txostenaren egileak. Ezkerretik eskuinera: James Wilson, Mari Jose Aranguren eta Ivan Marten. O. MATXIN / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Euskal ekonomiak oinarri sakonak ditu, eta, horri esker, pandemia osteko susperraldia sendoa izan da». Orkestra institutuaren 2022ko txostenaren goiburu nagusietako bat da. Euskal ekonomiaren lehiakortasuna aztertzen duen Deustu fundazioko erakundeak, baina, ohartarazpen bat egin du: «Ondoren etorri diren krisien ziurgabetasuna luzerako etorri da», eta, horrenbestez, ezinbestekoa da arlo guztietan eraldaketa ahalmena garatzea eta hezkuntzan sakontzea.

«Harro egon behar dugu Euskadik krisia nola igaro duen ikusita. Uda honetan, Europa osotik etorri da jendea gure eredua ikustera». Ivan Marten Orkestrako presidenteak nabarmendu du hori txostenaren aurkezpenean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2021eko eta 2022ko datuak aztertuta ateratako ondorioa da. Besteak beste, nabarmendu du 2019ko BPGa ia bere osotasunean berreskuratu dela, eta esportazioak inoizko handienak izan direla aurten.

Ekonomia arloan, baina, dena ez da ona. 2021ean, produktibitateak %5,1 egin zuen gora, baina oraindik ez dira berreskuratu pandemia aurreko ratioak. Era berean, enpresa txiki eta ertain berritzaileen batezbestekoak behera egin zuen 2020an %41etik %39ra, baita produktu berrien salmentak 2020an baino 3,5 puntu gutxiago eta hazkunde handiko enpresen ehunekoak ere: %11,tik %9,6ra.

Ekonomia arloarekin amaitzeko, ikerketa zentroak ekonomiaren sofistikazioa aztertu du lehenbizikoz. Esparru horretan, «bitxikeria» bat aurkitu du: industrian dagoen berrikuntza maila ez da ageri zerbitzuetan. «Finantza zerbitzuez, marketinaz... ari gara. Gainera, askotan, industriarekin harreman zuzena duten zerbitzuak dira, eta horietan ez gaude Europaren maila berean», zehaztu du James Wilson txostenaren koordinatzaileak.

Orkestraren txostenak gizartearen ongizatea ere aztertu du. Esaterako, herritarrek ongizate globalaren inguruan duten hautematea neurtu du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek, batez beste, 7,6ko puntuazioa jarri diote beren bizitzari 1etik 10erako eskalan. 2020an baino gehiago da (7,4), eta Europako batezbestekotik gora dago (7,1).

Zaurgarri gehiago

Txostenak oro har emaitza positiboak plazaratu baditu ere, badu orbain bat. 2021ean, gora egin zuen pobrezia edo bazterketa arriskuan daudenen batezbestekoak. 2020an, %13,6 zen; 2021ean, berriz, %16, 2019ko balioaren gainetik. Gai berean, inflazioak azken urtean izan duen inpaktuari ere erreparatu dio, eta kalkulatu du 2021eko ekainetik 2022ko ekainera oinarrizko erosketa otarrea %11 garestitu dela. Sarrerarik txikienak dituzten etxeetan garestitze hori %13,6koa izan da.

Langabezia tasari dagokionez, 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoek joera positiboa izan dute %8,7 eta %8,8, hurrenez hurren, eta pandemia aurreko garaietara gerturatu da. 2021ean, %9,8koa zen, Europako batezbestekoetatik oso gora (%7,1). Martenek, bestalde, nabarmendu du langabezia tasa handia dela gazteen artean, eta erronka bat dagoela hor: «Jende hori formakuntzara bideratzea lortu behar dugu».

Enpleguarekin lotuta, Orkestrak sumatu du langileek beste lehentasun batzuk dituztela lan eskaintzak onartzean. Soldataz bestelako ezinegonak dituzte, bizitza pertsonalarekin harreman zuzena dutenak. Alde horretatik, sumatu dute behera egin duela ardurak hartzeko prestasunak. Txostenean, halaber, enpleguarekin lorturiko beste bi datu ere aurkitu daitezke: lanari dagokion gogobetetasuna 7,3koa da, eta soldata arrakala txikitzen ari da urtez urte; 2020an, %8,3koa zen; 2001ean, berriz, %19,6koa.

Azkenik, gizartea zahartzen ari dela berretsi du. 2001ean, zahartze tasa %18 zen; 2021ean, berriz, %23; eta 2036an %29,3 izatea espero da. Horiek hala, urte horretarako aurreikusitako biztanleriaren handitze bakarra migrazio saldo positiboa izango da. Orkestra datua ematen ausartu da, eta 200.000 migratzaile beharko direla kalkulatu du. Horren harira, integrazio politiken garrantzia handia nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.