Indarkeria matxista

Minarentzako hitzen bila

Lourdes del Hoyoren hilketak minez erdibitu zuen Orio joan den astean; jazoeraz aritzeko foroak abian dira herrian, indarkeria matxistaz ere gogoetatzeko asmoz

Hilketa matxista salatzeko joan den astean Orion egin zen elkarretaratzea. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Orio
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Astegun buruzuri batean, joan den asteko asteartean hain justu ere, jendea erruz ibili ohi den kale batean, arratsalde betean, umeen jolasak ere hurbilean entzuten zirela, bikotekide ohiak eskopetarekin tiro eginda hil zuen Lourdes del Hoyo, 50 urteko andrazkoa, Orion (Gipuzkoa). Bere buruaz beste egin zuen ondoren. Euskal Herrian aurten gertatutako lehen hilketa matxista izan zen. Asaldura handia eragin du, eta minez erdibitu du, bereziki, udalerri hori. Oinaze hori dena bideratzen laguntzeko tresnak jartze aldera, hainbat urrats egin ditu igaro egunotan Orioko Udalak, Ahalduntze Eskolaren bidez, eta Sortzen aholkularitzako profesionalen arta horretara bideratuta.

Ikusi gehiago:Hilketa matxisten biktimen mapa

Hilketaren zuztarrean matxismoa dagoela agerian uztea da helburuetako bat, horren gaineko gogoeta sustatzea. Aizpea Esnaola eta Miriam Garcia dira Ahalduntze Eskolako dinamizatzaileak, eta mezu horretan ardaztutako edukiak usu barneratzen zail direla onartu dute. Naro entzun dituzte bestelako azalpen batzuetan indarra jartzeko ahaleginak, erasotzailearen jarrera zuritzea bilatzen duten hitzak, horretara bideratutako oroitzapenak, bizipenak. «Indarkeria matxistaren inguruko teoria oso erraza da biktima eta erasotzailea ezezagunak direnean; ezagunak direnean, herriko jendea denean, teoria hori guztia gorputzera ekartzea kosta egiten da», nabarmendu du Garciak. Bat dator Esnaola: «Oso mingarria da jende askorentzat herriko pertsona batek hilketa matxista bat egin duela onartzea». 6.000 biztanle ditu Oriok, «lotura zuzenak» dituzte askok erasotzailearekin eta biktimarekin, eta herri osoa «zipriztindu» du horregatik oinazeak.

Isiltasun haren indarra

Azaldu dute hilketaren berri izan orduko argi ikusi zutela «erantzun publiko bat» abiatu behar zutela, jendeari hilketak eragin zion mina adierazteko bideak emate aldera. Horiek horrela, udalak hiru eguneko dolua ezarri zuen herrian, eta hilketa jazo eta hurrengo egunean bertan elkarretaratze jendetsu bat egin zen, mugimendu feministak deituta. Une hartan, sortu zen isiltasun hartan, jendeak sentitzen zuena adierazteko eta erakusteko zuen «beharra» ageri-agerian sentitu zuten Garciak eta Esnaolak.

Argi zuten min horren «erreparazioari» ere begiratu beharko zitzaiola, eta urratsak hasiak zituzten ordurako. Izan ere, nondik hasia bazuten. «Berdintasun politikak» lantzen urteak daramatzatela gogoratu dute, Sortzen aholkularitzarekin elkarlanean hasiak zirela aurrez ere, eta bidea ireki ziela horrek laguntza eske ateak azkar eta egoki jotzeko, denborarik galdu gabe.

Eta emankorrak izan dira egun hauek. «Haur eta gazteekin lan egiten dutenekin» hiru bilkura antolatu dituzte jada; haien kezkak aditzeko, aholkua emateko. 150 pertsona inguruk parte hartu dute bilera horietan. «Landu da, besteak beste, nola kontatu umeei, nola hitz egin haiekin, nola jaso haiek esan nahi dutena», nabarmendu du Esnaolak. Propio beren barrua askatu nahi duten herritarrak «entzuteko» guneak ere ireki dituzte. «Areto bat egokitu dugu, ahal izan dugun eran, eta hor egoten dira bi edo hiru hezitzaile», azaldu dute Ahalduntze Eskolako bi kideek. Hamarnaka pertsona artatu dituzte.

Sheila Melcon psikologoa da, Sortzen aholkularitzako kidea, eta gune horietara hurbiltzen diren pertsonak artatzen dituzten profesionaletako bat da. «Eskaera asko dauzkagu, askotarikoak». Ulertu ezina ikusi dute askotan atzean. Biktimaren eta erasotzailearen gertukoak ere hurbildu zaizkie. Hilketa gertuan ikusi zutenak. Ostiraletik ari dira lanean, etengabe. «Gaur bertan, hiru pertsona etorri dira», esan zuen Melconek atzo eguerdian.

Ondo neurtzen dituzte esan beharrekoak Sortzen aholkularitzako kideek, eta hilketaren zuztarrean matxismoa dagoela oso presente izaten dute beti. Malgu eramaten dute gaia «esparru» horretara, ororen gainetik orain jendeak hitz egiteko espazio bat behar duela onartuta. «Izan ere, esparru horrekin hurbiltzen zarenean, askok ezin dute ikusi. Minak ez die uzten, eta ez da unea konfrontazioa bilatzekoa», adierazi du Melconek. Herritar asko ikusi dituzte, esaterako, azalpen bila, «gaixotasun mentalaren» inguruko arrazoibideetan «blokeatuta»; ezin horretatik atera.

Gizon «jatorra»

Hiltzailea jende askoren begietara «gizon jator bat» zen, ezaguna, gertukoa, eta indarkeria matxistarekin lotzea zail egiten zaie. «Esparru egokia jartzen duzunean, era ematen duzu hori ulertzeko, baina oraindik herriaren alde bat ez dago prest hori ikusteko», azaldu du Melconek. «Eta agian osasun mentalaren gaiari ere begiratu beharko diogu, baina gehiago ikusteko gizonezkoek nola erantzuten dioten frustrazioari... Horretaz ere hitz egin daiteke». Oraingoz, espazio horietan jendea «entzutea» da asmo behinena. «Hitzak osatu behar gaitu: ez pilula batek, edota gertatu den horretatik ihes egiteak». Hurbildu zaizkien pertsonen artean, antzeman dute «beldurraren aktibazioa» ere. Aurrez indarkeria matxista pairatu duten andreen artean, bikote harremanetatik irten ezinik daudenengan, nerabeengan, inoiz horrelakorik irudikatu ezin zuten herritar zenbaiten artean. «Hau ere Orion gerta zitekeen, baina ez genuen ikusten».

Bidea «hasi» besterik ez dute egin, «larrialdiko» erantzun bat eman dute. Zeregina franko dute, eta argi dute ezinbestean «hezkidetzaren» bidean egin beharko dela, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak arintzen, bikote harremanetan usu dauden desorekak agerian uzten. Prozesuan atera duten ikasbide bat: begirada feminista duten profesionalak ezinbestekoak dira bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.