Euskara doan ikasten hasteko bidea zabaldu dute 180 lagunek Erriberan

Helduen Irakaskuntza Iraunkorrean eskatu dute euskara eskolak emateko, eta talde bat martxan dago Cascanten. Tuteran eta Castejonen ere egin dute eskaria, eta «egun batzuen buruan» hastekoak dira

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskara ikasten hasteko beste bide bat zabaltzen hasi dira Nafarroako Erriberan. Herritar talde batek eskatuta, Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko Cascanteko eskolan euskara sartu dute, eta 30 bat lagun ari dira irailetik. Areago, beste herri batzuetan ere badute interesa, eta Tuteran eta Castejonen ere egin dute eskaria, baina oraindik ez dira martxan jarri. Hiru herrien artean 180 bat lagunek erakutsi dute interesa, prozesu horretan parte hartzen ari direnek BERRIAri azaldu diotenez. Ez dute euskaltegitik aparteko planteamendua egin nahi, hala ere: helburua da euskara apenas edo batere ez dakitenak hastea, eta, oinarria lortuta, euskaltegira joatea. Doakoa da helduen irakaskuntza. Euskalduntzearen doakotasunari buruzko eztabaida areagotzea ekarriko du aldaketak.

Orain urtebete hasi zuten bidea Cascanten, Isabel Calvok kontatu duenez. AEKren euskaltegian ari ziren zortzi bat herritar. «Eraikin berean ematen dituzte Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko eskolak. Hizketan hasi ginen: 'Alboko gelan doan ari dira ingelesa ikasten, eta guk zergatik pagatu beharra daukagu euskara ikasteko?'».

Helduen irakaskuntza Tuterako eskolak ematen du Cascanten, eta han egin zuten galdera. Ez zieten aurrerabiderik eman, eta gobernura jo zuten argibide eske: zeren arabera eskaintzen dituzten ingeleseko eskolak, eta zergatik ez euskarazkoak. «Erantzun ziguten aukera bazegoela euskara eskolak emateko, baina frogatu egin behar genuela eskaria zegoela». Sinadurak biltzeari ekin zioten: 40 bat lagunek adierazi zuten interesa Cascanten euskara ikasteko. Horiek oinarri hartuta, euskara eskola jartzeko eskatu zuten.

Dudan ibili dira azken hilabeteetan, gobernu aldaketarekin geratu egingo ote zuten prozesua, baina lortu dute: irailaz geroztik, eskolak ematen ari dira 30 lagun pasatxo. «Batzuk ezin izan dira hasi, ordutegiekin ezin baitute». Bi taldetan banatu dituzte: ezer ez dakitenak eta zerbait badakitenak.

Euskaldunak, %3

Herri gehiagotara zabaldu da eskaria. Castejonen ere bildu dituzte eskariak, eta 50 lagunek agertu zuten nahia. Tutera ere etorri zen atzetik: 90 herritarrek sinatu dute eskaria. Bi herri horietan oraindik ez dituzte ikastaroak hasi. Tuterako eskolako arduradunek BERRIAri azaldu diotenez, baimenak jaso berri dituzte eskolak hasteko. «Egunetako kontua izango da». Ikasleak mailaren arabera sailkatu dituzte; 50etik gora daude ofizialki izena emanda. «Hastapeneko mailakoak dira gehienak».

Adinekoek eta gazteek, denetakoek azaldu dute interesa euskara ikasteko, Calvoren esanetan. Kontuan izatekoa da Erribera Nafarroako eremu ez-euskaldunean dagoela, zonifikazioaren arabera. Euskaraz dakitenak gutxiengo nabarmena dira —%3 eskas, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera—, eta euskararen aldeko jarrera dutenak leku horretan dira gutxien —%19, inkestak dioenez—. Horma hori pitzatu nahi dutela diote aldaketa bultzatu dutenek: «Euskara normalizatu nahi dugu Erriberan: naturala izan dadila. Izan dezagula ikasteko aukera». Hezkuntza publikoan D eredua hedatzen ari da pixkanaka —urteetan ikastolek soilik eman dute—.

Cascanten eman dute pausoa, eta asmoa agertu dute Castejonen eta Tuteran ere. Areago, Calvok aurreratu du herri gehiagotan ere badutela interesa, eta eskariak egingo dituztela datorren ikasturtean euskara ikastaroak jartzeko.

Doakotasunaz eztabaida irekiko du urrats horrek. Helduen eskola doakoa da, eta euskaltegietan ordaindu egin behar da, nahiz eta erakunde batzuek diru laguntza eman mailak gainditzean. Gogoan izatekoa da helduen hezkuntza iraunkorra badela hizkuntzak ikasteko tokia ehunka herritarrentzat: gaztelania ez dakitenak hara joaten dira.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola batzuetan ematen dituzte euskara eskolak, baina, sektoreko iturrien arabera, jende aldetik nabarmen mugatuak dira.

Sektorea ordenatzea

Euskaltegietan eragina izan dezake Cascanten abiatutako bideak: herritarrek Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko zentroetara jotzea, euskaltegietara beharrean, areago kontuan hartuta eskolakoa doako zerbitzua dela. AEK-k euskaltegi bat baino gehiago dauka Erriberan. Zer dio? Batetik, «poztekoa» dela herritar horiek emandako urratsa: «Euskarara hurbiltzeko eta ikasteko nahia erakutsi dute». Bestetik, ordea, ordenatu egin behar dela egoera: «Doakotasunerako bidean urrats bat izan daiteke, baldin eta uztarketa ondo egiten bada euskaltegiekin. Arlo horretan 40 urte daramatzagu lanean euskaltegiok».

Xabi Gartzia AEKren Nafarroako ordezkariak azaldu du maiatzean jakin zutela Cascanteko aldaketaren berri, eta gobernuarekin mintzatu zirela gaiari buruz. Mahai bat eskatu du, non erakundeak eta euskaltegi sareak elkartuko diren. «Helduentzako eskaintzaren inguruan hitz egin behar dugu: mapari eta baliabideei buruz». Nabarmendu du elkarlanean aritzeko garaiak direla euskalgintzan. «Ez lehia egitekoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.