Aldundien zerga bilketa 488 milioi euro handitu da, iragarritakoa baino gehiago

Urrian kalkulatutakoa baino ia 83 milioi gehiago jaso dituzte. Inoizko kopururik handiena bildu dute, 15.469 milioi, sozietate zergaren bilketa amildu den arren

Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera, iazko urrian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Estu hasieran, eta aise amaieran. Foru ogasunen zerga bilketak uste baino itxura hobeagoa eman du 2019. urtean, hainbat hilabetez zenbaki kezkagarriagoak bidaltzen aritu ondoren. Guztira, 15.469,5 milioi euro bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek, 2018an baino 488 milioi euro gehiago (+%3,25).

Inoiz zergetan foru ogasunek bildutako kopururik handiena da, eta lehen aldia da bilketak 15.000 milioi euroren langa gainditu duela ere. Gainera, aurretik egindako iragarpenak gainditu egin ditu. Lehen kalkuluen arabera, 15.265 milioi euro bildu behar zituzten; bigarrenean, urriko Finantzen Euskal Kontseiluan, kopuru handiagoa aurreikusi zuten, 15.386 milioi euro. Datu hori zein bestea motz utzi ditu azken bilketak, urte amaiera indartsu bati esker.

Bizkaiak bildu du diru gehien: 7.995,1 milioi euro, Gipuzkoari (960 milioi) eta Arabari (281 milioi) egin behar dizkien egokitzapenak kontuan hartu ondoren; bilketa %3,25 handitu da.

Gipuzkoak, berriz, 5.024,1 milioi euro jaso ditu, 2018an baino %3,9 gehiago.

Arabari dagokionez, 2018an baino 46,2 milioi gehiago jaso ditu (+%1,92). Guztira, 2.450,3 milioi euro izan dira.

Errendimendu hobeagoa eman dute zerga guztiek, sozietate zergak izan ezik. Enpresek beren irabazietatik ordaintzen duten zerga horren bilketa 200 milioitik gora jaitsi da, ia %14. Guztira, 1.272 miloi eman ditu zerga horrek, bilketa osoaren %8,2 baizik ez. Krisiak asko apaldu zuen zerga horren bilketa. Horrela, 2007an, 2.000 milioitik gora eman zituen zerga horrek, bilketa osoaren %15,8. Ondorengo urteetan, enpresa askok galerak izan zituzten, eta bilketak 2016an jo zuen behea: 913 milioi baizik ez, bilketaren %7,7.

Erreformaren eragina

2018an aspaldiko urterik emankorrena izan zuen enpresen irabazien zergak, 1.476 milioi eman baitzituen, guztiaren ia %10era iritsita. Beherakadaren arrazoien artean dago 2017ko azaroan EAJk, PSE-EEk eta PPk hitzartutako zerga erreforma. Haren ondorioz, 2018an ordainketa batzuk aurreratu egin behar zituzten enpresek, eta horrek bilketa kopuru ezohiko bat handitu zuen—+%33 2017tik 2018ra—. Baina erreformaren mamia zerga jaitsiera orokor bat zen, bultzatzaileen arabera, enpresen lehiakortasuna handitzeko: enpresa txikiei %24tik %20ra txikitu diete tasa nominala, eta enpresa handiei, berriz, %28tik %24ra. 2019 trantsizio urtea izan da jaitsiera horretan, %22 eta %26 ordaindu baitute, hurrenez hurren. 2020ko aitorpenetan antzemango da erabat erreforma. Ogasunen kaltea txikitzeko, gutxieneko tasa igo zituen erreformak, eta hobari batzuk murriztu.

Zerga bilketa gehigarriaren zati handi bat zorra aldez aurrez kitatzeko baliatu dute erakundeek. Horrela, Jaurlaritzak 600 milioi euro itzuli zizkien hartzekodunei,2019ko abenduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.