Albistea entzun

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz
Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen.
Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko urriak 16 - Gasteiz

COVID-19aren krisiaren ondotik, susperraldi betean da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. Uste baino lehenago eta indartsuago eman dio buelta egoerari. Hala berresten dute zerga bilketaren emaitzek: iazko kopurua ez ezik, pandemia aurrekoa ere gaindituko baitu urte amaierako aurreikuspenak. Albiste ona da hori Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuarentzat, susperraldia egonkortzeko aurrekontuak estuasunik gabe prestatu ahalko dituelako. Gainera, ez Bruselak, ez Madrilek ez dute kontuak orekatzeko araua betearaziko, eta horrek aukera emango dio inoizko gasturik handiena egiteko. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak lehen aldiz gaindituko du 13.000 milioiren langa.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera izan zuen atzo, Gasteizen. Aurtengo zerga bilketaren itxiera eta heldu den urtekoaren aurreikuspena onartu zituzten Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek. Aurten egiten duten hirugarren bilera izan da bi izan ohi dituzte urtean, baina aurrenekoa Ekarpen Lege berria indarrean denetik. Hainbat urtez luzatu ondotik, iragan uztailean adostu zuten testu berria, eta aurreko astean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege berriarekin egin dituzte kontuak.

Zuhurtziaz egin zituzten kalkuluak iaz, ez baitzekiten noiz amaituko zen osasun larrialdi egoera. Birusari aurre egiteko hartutako neurriak arindu ahala suspertu da ekonomia, ordea, eta, horrekin batera, baita zerga bilketa ere. Horregatik, iragarri baino %9,6 gehiago biltzea aurreikusten da aurten. Dirutan, 1.300 milioi euro gehiago da hori. Hiru foru ogasunek 15.580 milioi euro bilduko dituzte denera.

Kopuru horrek aise gainditzen du iaz bildutakoa ere: %11,7 gehiago jasoko dira aurten zergen bidez. Sailburuaren hitzetan, kontsumoaren susperraldiak, batetik, eta lan merkatua lehengoratu izanak, bestetik, ekarri dute hazkunde hori. Hain zuzen, BEZ zergaren bitartez bildutakoa igoko da gehien: iaz baino %18 gehiago batzea aurreikusten da urte amaieran, ia mila milioi gehiago. Gora egingo dute, halaber, errenta zergaren bidez bildutakoak (+%7,7) eta zerga bereziek ere (+%11,3), tabakoari eta erregaiei ezartzen zaizkienak.

Espero baino gutxiago bilduko da, ordea, sozietate zergaren bidez: %1 jaitsiko da iazkoaren aldean. «Logikoa» da, Azpiazuren esanetan, aurreko urteko irabaziak zergapetzen dizkielako enpresei, eta 2020a pandemiaren urtea izan zelako.

Datorren urtera begira, halere, datuak baikorragoak dira, eta iragarritako BPG barne produktu gordinaren %6,4ko hazkundeari lotuta handituko litzateke zerga bilketa ere. Zehazki, aurreikusi dute %4,6 gehiago jasoko liratekeela zergen bidez 2022an: 16.290 milioi euro denera; inoizko kopururik handiena da hori. Sozietate zerga %5 handituko litzateke; errenta zerga, %3,8, eta BEZ-a %1,7.

«Funtsezko aurrekontuak»

Eusko Jaurlaritzarentzat izango dira bildutako hamar eurotik zazpi. Ekarpen Lege berriari esker, gainera, zertxobait gehiago jasoko du aurten: 11.004 milioi euro guztira, gobernuak eskuduntza gehiago hartu dituelako. Bizkaiak jarriko du diru gehien (%50,39); ondoren, Gipuzkoak (%33,45), eta, azkenik, Arabak (%16,6).

Azpiazuk azaldu duenez, kalkulatutakoa baino gehiago bildu izanak aurrekontuak «ziurtasunez eta koherentzia ekonomikoarekin» egiten lagunduko du. Izan ere, azpimarratu du datorren urteko kontuak bereziki garrantzitsuak izango direla: «Euskadi suspertzeko funtsezko aurrekontuak dira, pandemiaren ondorioz galdutako maila berreskuratzeko balioko dutenak». Bi aste barru aurkeztuko ditu kontuak. Hala ere, sailburuak esan du zerga bilketako gehigarria inbertsioak egiteko eta, batez ere, zorra txikitzeko erabiliko dutela; aurten gastu araua eta zorpetze mugak «etenda» egon arren 2023an berriz indarrean egongo direlako.

Aldundiak ere pozik azaldu dira bilketaren emaitzekin, eta baikor azaldu dira datorren urtera begira ere. Zuhurtzia eskatu dute, hala ere, hornikuntza krisia eta argindarraren gehiegizko prezioa «mehatxu» izan daitezkeelako. Hain zuzen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, energia enpresei mozkinak txikitzeko Espainiako Kongresuak herenegun onartutako dekretuaren ondorioz, lurraldeak 30 milioi gutxiago jaso ditu zergetan sei hilabetean. Markel Olanok eta Ramiro Gonzalezek azpimarratu dute, edonola ere, ziurgabetasunak iraun arren erakundeek «anbizioz» jokatu behar dutela, horretarako «gaitasuna» badutelako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Mitxel Lakuntza ELAkoa, 2019ko mobilizazio batean ©Marisol Ramirez (Foku)

LABek greba orokorra baztertu du

Jokin Sagarzazu

ELAri leporatu dio porrotaren erantzukizuna. Azaldu du mobilizazioa urtea amaitu aurretik egin nahi zuela, baina ELAk «Madrilgo agendaren menpe» jarri duela, handik grebarako «pizgarria» sortuko zelakoan. LABek «mobilizaziorako beste ziklo bat» abiatuko du lantegi eta kaleetan.

Argindarra sortzeko lignito ikatza erretzen duen zentrala Bogatynian, Polonian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Karbono isuriak, inoiz baino garestiago

Irune Lasa

Argindarra garestitzen duen aldagaietako bat dira karbonoa isurtzeko eskubideak, eta inoiz baino garestiago daude. Duela urte bete baino %145 garestiago da kutsatzea altzairugileentzat, findegientzat edota aire konpainientzat. Bai, hiru aldiz garestiago.

Artiacheko langileen protesta bat Bilbon ©Aiaraldea.eus

Lanuzteekin jarraituko dute Orozkoko Artiachen

Jokin Sagarzazu

Sindikatuek salatu dute zuzendaritzak ez duela onartu nahi berea ez den beste proposamenik. Aiaraldeko enpresa nagusietako bat da: hirurehundik gora langile ditu.

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.