Lehen aldiz, Martin Villa epaitzeko aukera dagoela ikusi dute abokatuek

Espainiako Barne ministro ohiaren aurkako kereila bultzatu duen talde juridikoak uste du «urrats handia» dela Maria Servini epailearen autoa. Oztopoak jartzeari uzteko eskatu diote Madrili

78 Sanferminak Gogoan elkarteak iaz elkarretaratzea egin zuen Rodolfo Martin Villaren aurka Nafarroako epaitegi aurrean. JESUS DIGES/ EFE.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Espainiako demokrazia ispilu baten aurrean jarri du». 45 urtean Espainiako epaile bakar batek egin ez duena egin du Maria Servini epaile argentinarrak. Horregatik, Jacinto Lara Ceaqua Argentinako kereila babesteko koordinakundeko abokatuaren arabera, «urrats garrantzitsua da»asteburuan kaleratutako autoa: bertan, Rodolfo Martin Villa Barne ministro ohia auzipetzea agindu du Servinik, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskian hiru langileren eta Iruñeko 1978ko uztailaren 8ko German Rodriguezen hilketen erantzule izatea leporatuta. Oraindik bide luzea geratzen bada ere, abokatu taldeak uste du lehen aldiz Martin Villa epaitzeko aukera dagoela. «Iparra jada ikus dezakegu, nahiz eta ez den gertu dagoen helmuga bat», zehaztu zuen Eduardo Fachal Argentinako abokatuak.

Atzo, Zoom bidez, autoaren xehetasun batzuk eman zituzten Argentinako talde juridikoak eta Jacinto Larak. Borroka luzea da eurena, 2010ean frankismoko giza eskubideen urraketak ikertzeko salaketa jarri zutenetik Argentinan, Espainiako justiziak jaramonik egiten ez ziela ikusita.

11 urteotan, gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan, instrukzioaren ardura hartu du Maria Servini epaileak. Auzi luze horren ataletako bat diktadorea hil ondorengo urteetako hilketei dagokie. Fachalek azaldu zuenez, Argentinan, auzi bateko atala zatikatu eta hura epaiketara eramateko aukera dago.

Autoan Servinik frogatutzat ematen du «egitura frankistaren kontrolpean» egin zela trantsizioa, eta «Espainiako Estatuak biztanleria zibilaren aurkako plan kriminal bat» antolatu zuela. Iazko irailean egindako deklarazioan, Martin Villak ukatu egin zuen hori, baina autoan Servinik dio «delituak egiteko botere aparatuak erabili» zituela eta jakinaren gainean zegoela. «Ezin du bere erantzukizun penala saihestu», aipatu zuen Fuchalek.

Martxoaren 3ko gertaeretan, adibidez, sarraski hura egin zuten poliziak beste toki batzuetatik ekarri zituen Villak, greban ziren langileen aurkako protesten inguruetan hedatzea agindu zuen, eta guztiaren berri bazekien, Fachalen arabera. Hala onartu zuen adierazpen publikoetan. «Esan zuen eskarmentu gisa balio behar zuela hark, egonezin sozialak eta subertsioak jarrai ez zezaten».

Kereila bultzatu duen abokatu taldeak uste du Servinik zuhurtziaz jokatu nahi izan duela, defentsari auzia baliogabetzeko aukera oro eragotzi nahirik. Dena den, epaileak irekirik utzi du auzi horretan beste kasu batzuk gehitzeko aukera —hala nola Gasteizen 1976ko martxoaren 3 sarraskiaren osteko egunetan hildako Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren kasuak. Hala, aurrera jarraitzeko baliagarri izan daitezkeen ekarpen eta testigantza gehiago eskatu dituzte, argi utziz ez dutela auzia atzeratuko duten urrats bakar bat ere egingo.

Julieta Bandiralli abokatu argentinarrak gogora ekarri zuen aurrean aurkari gogorra dutela. Hala ere, ziurtatu zuen lan egingo dutela Servinik autoan agindutako behin-behineko espetxeratzea bete dadin, edo gutxienez, 9,5 milioi balioren ondasunak bahitu diezazkioten. Jacinto Lararen arabera, Espainiako Fiskaltzak ezezkoa eman die Argentinatik zetozen ikertzeko eskaera guztiei. Beto hori kendu eta eskaera horiek betetzeko exijitu zuen. Halaber, orain arte jarritako oztopoak kentzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.