Calvok koalizio gobernu bat osatzea baztertu du: «Bide hori itxita dago»

Espainiako jarduneko presidenteordeak adierazi du UPek uko egin diola ados jartzeari, eta PSOEk «beste egoera batzuk» aztertuko dituela orain. Podemos negoziatzen jarraitzeko prest agertu da

Calvo Espainiako jarduneko presidenteordea, atzo, Ministroen Kontseiluaren ostean egin zuen agerraldian. J.J.GUILLEN / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen inbestidura saioak huts egin eta egun batera, PSOEk jada baztertu du Unidas Podemosekin (UP) gobernu koalizio bat osatzea. «Bide hori itxita dago. UPek uko egin dio formula horri», adierazi zuen atzo Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak, Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian. Porrotaren pisu guztia, gainera, Pablo Iglesias buru duen koalizioan jarri zuen, eta argi utzi zuen ados jartzeko bi aldeek egindako azken proposamenek ez dutela gehiagorako balioko. Hortaz, datozen bi hilabeteotan, PSOE «beste bide batzuk» aztertzen arituko da berriro hauteskundeak ez egiteko, eta horien artean dago Alderdi Popularraren (PP) edota Ciudadanosen (C's) abstentzioak negoziatzea, Calvok jakinarazi zuenez.

Gobernu koalizioaren formula guztiz baztertu zuen arren, Espainiako jarduneko presidenteordeak zabalik utzi zuen UPekin negoziatzeko aukera, kolore bakarreko gobernu bat negoziatze aldera. Hau da, PSOEk bakarrik gobernatzea, eta UPek Diputatuen Kongresutik babesa ematea; horixe bera da apirilaren 28ko hauteskundeen ostean Sanchezek egin zuen lehen proposamena, eta, hortaz, PSOEk hasierako laukira itzultzea erabaki du.

Herenegun egin zuten Sanchez Espainiako presidente hautatzeko inbestidura saioaren bigarren bozketa, baina hautagaiak ez zuen behar adina boto jaso. Asteartean egindako bozketan bezala, herenegun 124 boto lortu zituen, 155 diputatuk haren aurka egin zuten, eta 67 diputatuk abstentziora jo zuten; tartean, UPen 42ek, datozen asteei begirako keinu gisa. Ideia bera berretsi zuen Podemosek atzo ere, sare sozialetan zabalduriko mezu baten bidez: «Irailaren 23ra arte [beste inbestidura saio bat egiteko epea amaitzen da egun horretan] denbora dago, eta Pedro Sanchezi eta PSOEri luzaturiko eskuak hor jarraitzen du». Irene Montero diputatuak ere asmo horri eutsi zion Radiocableri emandako elkarrizketan: «Ez dugu zertan irailera arte itxoin. Espero dut negoziazio serioak hasiko ditugula, eta aukera guztiak mahai gainean egongo direla».

Testuinguru horretan, Izquierda Unidak Podemosi eskatu zion «akordio pragmatiko bat» negoziatzeko PSOErekin, eta hori lortuz gero Sanchezen alde bozkatzeko, koaliziorik adostu gabe ere.

PP ez da abstenituko

Calvoren arabera, PPren eta C's-en abstentzioak dira Sanchez Espainiako presidente izendatzeko beste aukeretako batzuk. PSOEren hautagaiak ere ideia hori aipatu zuen herenegun gauean, Telecinco kateari emandako elkarrizketa batean: «PPri, C's-i eta Unidas Podemosi dei egiten diet hauteskundeak eragotz ditzaten».

Pablo Casadok atzo uko egin zion eskari horri, adierazita haren alderdiaren 66 diputatuak ez direla abstenituko Sanchez berriz aurkeztuko balitz.

ERCren partetik, Pere Aragones Kataluniako presidenteordea PSOEren hautagaiari begira jarri zen atzo, eta gogorarazi zion hari dagokiola «egoera desblokeatzea», bozak eta «eskuinaren gehiengoa» eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.