Herriko bozak

Erabaki dituzte zerrendak

Herriko bozetako bigarren itzulirako hautagaitzak adosten aritu dira azken asteetan bigarren itzulia behar duten hemezortzi herrietako zerrendak. Ekainaren 28an izanen dira hauteskundeak

Miarritzen, Guillaume Barucqen zerrendarekin batu da Euskal Herrian Berde eta Solidario zerrenda. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Hilaren 28an izanen da herriko bozen bigarren itzulia, martxoaren 15eko lehen itzulian erabakiak gelditu ez ziren Ipar Euskal Herriko hemezortzi herrietan. Hautagaitza batzuen artean akordioak lortu dituzte; beste batzuek, lehiatik erretiratzea erabaki dute. Atzo zen azken eguna suprefeturan bigarren itzuliko zerrendak aurkezteko. Orain arte ateratako informazioen arabera eta, sorpresarik ezean, honako lehia hauek izanen dira herri nagusietan:

AZKAINE
Laduche ez da aurkeztuko


Jean Louis Laduche Azkaingo (Lapurdi) auzapez ohi gabe, lau hautagai lehiatuko dira bigarren itzulian. Hauek izan ziren emaitzak martxoaren 15ean: Jean Louis Fournierrek bozen %29,1 lortu zituen; Benedict Luberriagak, %19,3; Gorka Tabernak, %18,1; Pierre Clausellek, %17,6; eta Jean Louis Laduchek, %15,1.

BAIONA
Etxeto eta Etxegarai


Henri Etxetoren zerrenda sozialista (lehen itzulian %29,8) eta Mathieu Bergerena (%11,2) elkartu dira azkenean, eta, ondorioz, abertzale, ezkertiar eta ekologistak batzen dituen Baiona Berdea eta Elkarkidea (%13,1) zerrendak hautagaitza erretiratzea erabaki du —larunbateko biltzar nagusian, bakarrik ez aurkeztearen alde bozkatu zuten elkarteko kideek—. Etxetok egungo auzapez Jean Rene Etxegarai (%40,3) izanen du parean bigarren itzulian.

BOKALE
Francis Gonzalez arriskuan


Bi zerrenda izanen dira Bokaleko (Lapurdi) bigarren itzulirako: Dominique Lavignek (bozen %32,2 lortu zituen lehen bozaldian), eta Marie-Ange Thebaudek (%26,7) bat egitea erabaki dute. Parean, gaur egungo auzapeza izanen dute: Francis Gonzalez (%41,1).

MAULE
Hirukotea, berriz


Hiru zerrenda aurkeztuko dira, lehen itzuliko berak. Beñat Elkegarai abertzalearen zerrendak (%28,9) elkartzea proposatua zion Louis Labadot (%37,6) komunistaren zerrendari, baina Labadotek uko egin dio elkartzeari. Mixel Etxebest (33,4) egungo auzapezarena da hirugarren zerrenda.

MIARRITZE
Veunac erretiratu da


Lau zerrenda aurkeztuko dira bigarren itzulira, orain arteko auzapez Michel Veunacek hautagaitza bertan behera uztea erabaki ondotik. Lehen itzulian bosgarren lekua lortu zuen, bozen %12,2rekin. Bere zerrendako hiru Jean Benoit Saint Cricq eskuineko hautagaiari batu zaizkio. Errepublikanoetako Maider Arostegik lehen itzuliko zerrenda errepikatuko du, bozen %38,8 eman zizkiona. Parean, Guillaume Barucq (%16,2) izanen du, ezkerreko abertzaleek, berdeek eta intsumituek osatzen duten Euskal Herrian Berde eta Solidario zerrendarekin (%12,3) aliatuta. Natalie Motschek (%14,2) ez du akordiorik lortu Barucqekin, eta, beraz, bere aldetik aurkeztuko da.

HENDAIA
Kotte Ezenarro, ezkerretik


Akordioa egitea adostu dute sozialistek, abertzaleek eta komunistek. Hendaia Biltzen zerrenda abertzaleak (%18,4 lortu zuen lehen itzulian) bilera egin zuen larunbat gauean, eta ontzat jo zuen Kotte Ezenarro (%41,1) egungo auzapezaren zerrenda sozialistarekin batzeko akordioa; Laurent Tariolen (%7,8) zerrenda ere batuko zaie. Pascal Destruhaulten (%32,7) zerrenda izanen dute parez pare.

ITSASU
Akordiorik gabe,azkenean


Itsasun, hiru zerrenda izanen dira buruz buru: Jean-Paul Iturburuarena (bozen %38 lehen itzulian), Mikel Hiribarrenena (%34,3) eta Louis Uztarrozena (%27,7). Uztarrozen zerrendakoak Hiribarren abertzalearenera batuko zirela zabaldu bazen ere, azkenean, bereizirik aurkeztuko dira.

SENPERE
Idiart eta Bederedebatera joanen dira


Senperen, François Bederede (%16,7) buru duen zerrenda abertzalea Dominique Idiarten (%41,2) zerrendarekin aurkeztuko da, eta elkarrekin ariko dira gaur egungo auzapez Pierre-Marie Nousbaumen (%42) aurka.

URRUÑA
Lehen itzuliko berak


Lehen bozaldiko hiru zerrenda berak aurkeztuko dira bigarrenean ere Urruñan. Filipe Aramendi ezkerreko abertzaleak bozen %40,8 lortu zituen; Francis Gavilanek, %29,8 —hark hartu du Odile de Corale auzapezaren segida—, eta Sebastien Etxebarnek, %29,4. Aramendiren zerrendak aliantza proposamena egin zion Etxebarneri, baina hark uko egin dio.

UZTARITZE
Bruno Karrere bide onean


Hiru zerrenda aurkeztuko dira Uztaritzen (Lapurdi), Dominique Lesbatsek erretiratzea erabaki ondotik. 2008-2014 bitartean auzapez izandakoak bozen %12,65 eskuratu zituen lehen itzulian. Orain, Bruno Cendres hautagaiari (%19,7) emanen dio babesa. Lehen itzulian %45,23ko emaitza lortuta, Bruno Karrerek ez luke arazo handirik izan behar auzapez kargua atxikitzeko. Jean Claude Saint Jean (%22,43 ) izanen da hirugarren hautagaia.

ZIBURU
Eneko Aldanak lor lezake


Eneko Aldana ezkerreko abertzaleak (%44,6 lehen itzulian) haizea alde du. Parean, Guy Poulou orain arteko auzapezaren bi auzapezorde izanen ditu: Isabelle Dubarbier (%17,2) eta Henri Hirigoienberri (%13,6); ez dute akordiorik lortu. Joseph Aranburuk (%12,3) lehiatik erretiratzea erabaki du; Dominique Dugetek ez du oraindik erabaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.