Deforestazioaren kontrako legean indigenen eskubideak babesteko eskatu diote EBri

Bruselak proiektu bat dauka abian basoak suntsitu dituzten eremuetako zenbait produktu debekatzeko. «Hutsuneak» dituela salatu dute hainbat elkartek

Brasilgo komunitate indigenetako ordezkariak, Bruselan, Europako Batzordearen parean, beren lurren gaineko eskubideak aldarrikatzen, 2019an. O. HOSLET / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak abian du deforestazioaren kontrako lege bat onartzeko proiektua. Joan den urteko azaroan aurkeztu zuen proposamena Europa Batzordeak, eta baliteke urte amaieran edo 2023ko hasieran sartzea indarrean legea, Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak onartzen badute. Proiektuaren aldekoek nabarmendu dute lege aitzindaria izango litzatekeela, debekatu egingo lukeelako deforestatutako lurretan ekoizten diren hainbat produktu EBn saltzea. Kritikak ere jaso ditu, ordea, proposamenak hutsune garrantzitsuak dituela uste dutenen aldetik. Azkena, indigenen 22 elkartek egindakoa: Bruselari eskatu diote herri indigenen eskubideak babesteko neurriak gehitu ditzala deforestazioaren kontrako legean.

Elkarteek 33 herrialdetako herri indigenen eskaria jaso dute EBri bidali dioten idatzian, eta giza eskubideen aldeko nahiz ingurumenaren babeserako 169 gobernuz kanpoko erakunderen babesa jaso dute.

Indigenek begi onez ikusi dute Europako Batzordeak aurkeztu zuen lege zirriborroa. Haren arabera, enpresek ezin izango dituzte EBn saldu deforestatutako lurretan ekoitzitako haragia, palma olioa, kakaoa, kafea, soia eta egurra, ezta horietatik eratorritakoak ere. Proiektuak, gainera, ez du desberdintzen produktuak legezko ala legez kanpoko deforestazioarekin lotuta dauden, jatorrizko herrialdeko legediaren arabera. Kasu batean zein bestean baztertuko ditu produktu horiek.

Indigenen iritziz, baina, legeak porrot egingo du ez baditu neurri zehatzak jasotzen herri indigenek beren lurren gainean duten jabetza eskubidea babesteko. «Hutsune esanguratsu» hori betetzeko galdegin diote EBri.

Elkarteek nabarmendu dute indigenen eskubideen defentsa giza eskubideen aldeko betebehar bat dela, baina ez hori bakarrik. Klima larrialdiari eta biodibertsitate galerari aurre egiteko ezinbesteko neurria ere bai. Gogorarazi dute herri indigenak eta tokiko komunitateak direla basoen babesle garrantzitsuenetakoak. Eta hainbat datu eskaini dituzte: Boliviako Amazonian, deforestazioa %35 txikiagoa da indigenek kontrolpean dituzten lurretan horiekin alderagarriak diren beste eremuetan baino. Brasilen, %40koa da aldea, eta Kolonbian, deforestazioa %50 murritzagoa da. «Ikerketek adierazten dute Asiako eta Afrikako herrialdeak joera beraren ispilu direla», gaineratu dute.

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak 2019an ziurtatu zuen indigenen lur komunak babesteko programek «basoen kudeaketa hobea» lortzen lagundu dezaketela.

«Basoen aberastasunaren eta eskubideen babesaren arteko lotura aintzat hartuta», indigenen elkarteek uste dute EBren deforestazioaren aurkako legea ez dela eraginkorra izango ez baditu jasotzen komunitate horien jabetza eskubidea babesteko eta «basoen defendatzaileen kontrako abusuei» aurre egiteko neurriak.

Nazioarteko estandarra

Indigenek ohartarazi dute munduko landa eremuen %65 erabiltzen eta kudeatzen dela komunitatean, baina soilik lurraren %10aren jabetza aitortu zaiela legez komunitateei. Lurren jabetza arautzen denetan ere, kasu gehienetan legeek ez dituzte islatzen nazioarteko zuzenbidearen arabera indigenei eta tokiko komunitateei dagozkien eskubideak. Hori dela eta, EBri eskatu diote bere egin ditzala nazioarteko zuzenbidearen irizpideak. Azaldu dutenez, horrek lagunduko luke hainbat estatutan indigenen eskubideak murrizteko eman diren urratsen eragina. Indonesiako Lanpostuak Sortzeko Legea eta Brasilgo Gobernuaren azken urteetako politikak jarri dituzte horren adibide.

EBk «egiteko erabakigarria» izan dezake deforestazioa murrizten laguntzeko, elkarteen arabera. Elikagai jakin batzuekin lotutako nekazaritza intentsiboaren hedatzea da basoen murrizketaren arduradun nagusia. Ekoizpen molde hori aldatzeko, EBren eragiteko gaitasuna garrantzitsua dela nabarmendu dute, 450 milioi biztanleko merkatua osatzen duenez gero.

Lege proiektuaren beste hutsune batzuei buruz ohartarazi dute aurretik hainbat elkarte ekologistak. Besteak beste, salatu dute salmenta debekuak ez liekeela eragingo deforestazioarekin lotutako beste produktu batzuei. Esaterako, kautxuari eta artoari. Horrez gain, gabeziatzat daukate zirriborroak soilik basoen suntsitzeari erreparatzea, eta ez karbono biltegi handi eta biodibertsitate aberatseko gune diren sabanak, hezeguneak eta zohikaztegiak.

Legearen bultzatzaileek, berriz, nabarmendu dute neurri aitzindaria izango dela, legezko deforestazioari ere eragingo diolako eta ekoizleak behartuko dituelako produktuen trazabilitate osoa jakinaraztera.

Europako Batzordeak proiektua aurkeztu zuenean adierazi zuenez, munduan 420 milioi hektarea baso suntsitu dira 1990etik 2020ra bitartean, EBko estatu kide guztien azalera batuta bezain beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.