Trantsizio energetikoa azkartu beharraz ohartarazi du EH Bilduk

Neurri sorta bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, legez besteko proposamen gisa eztabaidatzeko. Jaurlaritzari eskatu dio estrategia eguneratzeko. Energia merkaturatzaile publikoa sortzea galdegin du

Haize errotak Elgea mendilerroan, Arabaren eta Gipuzkoaren artean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
EH Bilduk ohartarazi du Euskal Herria «atzean» geratzen ari dela trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren bidean, egungo esparru estrategikoa «zaharkituta» dagoelako, eta bertan jasotzen diren helburuak jada ez direlako «nahikoa». Bada, ekinaldi sorta bat aurkeztu du koalizioak prozesua azkartzeko eta egungo egoerara egokitzeko. Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen gisa erregistratu ditu, eta datozen asteetan eztabaidatuko dituzte.

Izan ere, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak atzo gogorarazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak—baita Eusko Legebiltzarrak ere— klima larrialdia aitortu zuen 2019an, baina orduz gero ez du estrategia eguneratu, nazioarteko erakunde nagusiek hala eskatu arren. Haren hitzetan, Jaurlaritzaren helburuak ez datoz bat Espainiak eta Europak ezarritakoekin. «Gutxienez, 20 urteko atzerapena daramagu», azpimarratu zuen Oterok.

Eta ohartarazi zuen, gainera, «legealdia hutsean geratzeko arriskua» dagoela, ez soilik energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS) onartu ez delako —heldu den udarako onartu nahi du Jaurlaritzak—: baita Trantsizio Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ez dutelako ere. «Dagoeneko legebiltzarrean egon behar zuen».

Horiek hala, «zain ez geratzea» erabaki du EH Bilduk, eta sei ekinaldi eta hamalau neurri proposatu ditu guztira. «Jaurlaritzaren ekimena bultzatzera gatoz, modu eraikitzailean, eta elkarlanerako gonbita eginez», esan zuen Oterok. Hauek dira proposamenak:

ESPARRUA EGUNERATZEA

EH Bilduk iritzi dio lehenengo urratsa estrategia eguneratzea dela, eta, beraz, Jaurlaritzari eskatu dio trantsizio energetikorako eta klima aldaketari aurre egiteko legea legebiltzarrean aurkezteko, «gehiago berandutu gabe». Halaber, galdegin dio «legeari itxaron gabe» Klima 2050, 3E2030 eta epe luzerako deskarbonizazio estrategiak berritzen hastea, gainontzean ez baita denborarik izango hori legealdi honetan egiteko.

EEE-REN ERALDAKETA

Energiaren Euskal Erakundearen norabidea aldatzea ere beharrezkoa da, EH Bilduren esanetan. Eta Oterok uste du energia berriztagarriak eta energiaren biltegiratzeak izan behar dutela bide berriaren abiapuntu. Baliabide fosilen inguruan dituen inbertsioak gutxitzeko «kronograma bat» ere egin beharko litzateke, 2030erako baliabide horiek desagerrarazteko.Bide orri horrek berak Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) enpresa publikoa desegiteko ere balioko luke, «ez baitu funtziorik izango etorkizuneko energia esparruan».

MERKATURATZAILE PUBLIKOA

Merkaturatzaile publiko bat sortzea eskatu du EH Bilduk, sektore publikoak bultzatutako instalazioetan sortutako energia saltzeko. Izan ere, Oterok adierazi zuen ezen, gaur egun bultzatzen ari diren eta administrazioak parte hartzen duen egitasmoak martxan jarriko balira,energia kantitate «oso handia» sortuko litzatekeela. Eta uste du egokia litzatekeela argindar hori merkaturatzaile propio baten bidez saltzea, «energia demokratizatzeko» eta «herri interesak babesteko».

TRANTSIZIO ENERGETIKOKO BULEGOAK

Trantsizio energetikoko bulegoak sortzea ere galdegin zuen Mikel Oterok, energia komunitateak sortzen laguntzeko eta herritarrak energiaren arloan «ahalduntzeko». Adierazi zuenez, Europako Batasuna ari da horien sorkuntza sustatzen, eta Next Generation funtsen bidez finantzatzeko aukera dago. Diputazioek eta udalerriek interesa agertu badute ere, EH Bilduk uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako bulego bat sortu beharko litzatekeela.

JABEGO PARTEKATUA

Energia berriztagarrien egitasmo berrietan jabego partekatua izateko aukera aztertu behar dela iritzi dio EH Bilduk, eta Jaurlaritzari eskatu dio egin dezala azterketa juridiko bat askotariko enpresek aurkeztu dituzten proiektuetan zer aukera dagoen jakiteko. «Uste dugu proiektu horietan erakunde publikoek parte hartu behar dutela: Energiaren Euskal Erakundeak; udalek; herritarrek, komunitate energetikoen bidez; eta baita gune horiek ezarriko diren inguruko enpresek ere», adierazi zuen Oterok. Ahalik eta sektore eta eragile gehienek parte hartu ahal izatea litzateke helburua.

GUNE DEGRADATUEN AZTERKETA

Azkenik, espazio urbano-industrialetan eta gune artifizializatu eta degradatuetan berriztagarriak jartzea aztertzeko ere eskatu dio Jaurlaritzari. Oterok uste du industrialdeak, harrobiak, aparkalekuak, zabortegiak eta antzerako lekuak lehenetsi behar direla, naturaguneen aurretik. Baina adierazi zuen informazioa falta dela gune horietan ezar daitekeen potentziari buruz.Horrez gain, behin azterlana eginda plangintza estrategiko bat egiteko ere eskatu zuen, lehentasunak identifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.