Eusko Legebiltzarrak zaildu egin du merkataritza gune berriak eraikitzea

Hirietako periferian, 2.500 metro koadrotik beherako saltokiak soilik ireki ahal izango dituzte, eta herri txikiagoetan, txikiagoak. Aho batez onartu dute legea
Barakaldoko Megapark merkataritza gunea, Euskal Herriko handiena, artxiboko irudi batean.
Barakaldoko Megapark merkataritza gunea, Euskal Herriko handiena, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU

Iker Aranburu -

2019ko ekainak 28
Honaino. Mezu hori eman die Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handien bultzatzaileei. Uztailean indarrean jarriko den legearen arabera, gehienez 2.500 metro koadro dituzten saltokiak eraiki ahal izango dituzte hirietako periferian, eta txikiagoak herri txikiagoetan. Esate baterako, Barakaldoko Megaparkek 128.000 metro koadroko eremua betetzen du; Gasteizko Boulevardek, 120.000 metrokoa; eta Donostiako Garbera 51.000 metrora iritsiko da. Legeak ez du eraginik orain irekita dauden zentroetan edo handitzen ari direnetan —Garbera bera—, baina gerarazi ditzake proiektua besterik ez duten batzuk; hala nola Belartzakoa (Donostia).

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egin zuten lege proposamena, baina, azkenean, aho batez onartu dute. Hasieran, EAJ eta PSE-EE aurka zeuden, baina tramitazioan zehar jarrera aldatu dute, uste baitute legeak segurtasun juridikoa baduela.

Izan ere, 2015ean, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen merkataritza gune handiei trabak jartzeko Eusko Jaurlaritzak landutako lurralde plan sektoriala, Europako arauen aurkakoa zela ebatzi zuelako. Gorenaren irizpideak kontuan hartzen zituen lege proiektu bat lantzen ari zen Jaurlaritza, baina oposizioak aurrea hartu zion.

Europako araudia bete ahal izateko, legeak dio «interes orokorra babestea» dela merkataritza jarduerari mugak jartzeko arrazoia. Babestu beharrekoa, kasu honetan, hirietako aldiriak, ingurumena, kontsumitzaileak eta ondare historiko-artistikoa direla dio legeak.

Hiriguneetan, traba gutxi

Uztailean jarriko da indarrean, eta, handik aurrera, merkataritza guneek muga zorrotzagoak izango dituzte. 30.000 biztanletik gorako hirietako periferian, gehienez 2.500 metro koadroko saltoki berriak eraiki ahal izango dituzte —supermerkatu arrunt baten neurria—. Gehienez 1.800 metro koadrokoak izango dira 10.000 eta 30.000 biztanle arteko herrien aldirietan, eta 700 metrokoak herri txikietan.

Hiriguneetan edo herriguneetan gune handiak egiteko, berriz, legeak ez du jartzen traba handirik, eta, muga, izatekotan, espazio falta izango da.

Legeak modu bakar batean eragingo die orain irekita dauden merkataritza guneei: gehienez %10 handitu ahal izango dute beren eremua. Legeak ez du atzera eraginik, eta, hortaz, ez ditu geratuko orain obretan dauden handitzeak eta erreformak.

Bozketa aurreko eztabaidan, Unai Grajales EAJko legebiltzarkideak ziurtatu zuen legea «aurrerako urrats bat» dela, baina hankamotz geratu dela, «ez duelako definitzen» zer egin daitekeen merkatari txikiei laguntzeko. «Lagunduko du espazio gehiago ez okupatzen, baina beldur naiz ez duela lagunduko berreskuratu beharra dagoen espazioak berreskuratzen». Gainera, Grajalesek adierazi zuen legeak ez dituela aldatuko «saltzeko eta erosteko modu berriak». Gero eta gehiago, Internet bidezko erosketak egiten dira.

Legearen bultzatzaileetako bat izanik, onartu izana txalotu zuen Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak. Edonola ere, onartu zuen«espektatibak apaldu» behar izan dituztela. Esaterako, hiriguneetako merkataritza guneak murrizterik ez dute izan, Europako arauek ez baitiete horretarako aukerarik ematen.

Elkarrekin Podemosen izenean, Edurne Garciak ziurtatu zuen «ahal zen legerik onena» egin dutela, eta merkataritza txikia babestuko duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria