PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztuko dira legebiltzarreko bozetara

Zerrendetan «hasierako bi postu» Ciudadanosekoek edukitzea bermatzen du itunak. Alfonso Alonsok ez du begi onez ikusi akordioa

Alfonso Alonso eta Pablo Casado, iazko irailean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Erlojupean arituta eta azken orduan adostu duten arren, PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Atzo zen koalizioak erregistratzeko azkeneko eguna, eta eskuineko bi alderdiek arratsaldean sinatu zuten akordioa. Horren arabera, PP+Cs koalizioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «konstituzionalismoa batzeko» helburua izango du, eta, Ciudadanosek inoiz EAEko kontzertu ekonomikoa zalantzan jarri duen arren, itunak onartu egiten du, «herritarren askatasuna, egonkortasuna eta garapena bermatzeko tresna gisa». PPk aukeratuko du lehendakarigaia.

Ciudadanosek lortu du EAEko PPrentzat «onartezina» dena. Akordioak ez du esaten Bizkaiko eta Arabako zerrenden bigarren postuan alderdi laranjako ordezkariak joango direnik, baina «bermatzen» ditu «hasierako bi postu» Ciudadanosen ordezkarientzat.

Itun horrek, ordea, are gehiago zakartu ditu EAEko PPren eta alderdiaren buruzagitzaren arteko harreman gaiztotuak. Izan ere, Alfonso Alonso EAEko PPren buruak ez du bat egiten Pablo Casado PPren presidenteak sinatzeko agindu duen akordioak jasotakoarekin.

Zerrendak aurkezteko epea martxoaren 1era artekoa da, baina EAEko PPkoentzat, alderdi laranjakoei ez dagokie zerrenden lehen postuetan joatea, kontuan hartuta Ciudadanosek ez zuela ordezkari bat bera ere lortu 2016ko legebiltzarrerako bozetan.

Eta Alonsok ez du bat egiten, gainera, negoziazioa mamitzeko moduarekin. Madrilen ondu dute, Jose Maria Espejo-Saavedra Ciudadanosen ekintza instituzionalerako idazkariaren eta Teodoro Garcia-Egea PPko idazkari nagusiaren gidaritzapean. Eta horrek albiste soka luzea eragin du azken orduetan. Ciudadanosen negoziatzaileak herenegun prentsa agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago mintzatu zen Alonso RNE irratian, eta adierazi zuen aurreakordioa, bi alderdiek asteazkenean iragarritakoa, «albiste oso ona» zela. Baina Alonsoren inguruko iturriak aipatuz zenbait komunikabidek kaleratutakoa aintzat hartuta, EAEko PPren buruak prentsaren bidez izan du akordioaren edukiaren berri, eta ez dute gonbidatu negoziazioetara .

Iturri horiek beraiek diotenez, Ana Beltran PPren antolakuntzarako idazkariordeak whatsapp bat bidali zion Alonsori, herenegun gauean, eskatuz atzo goizean Madrilera joan zedila akordioa irakurtzera. Alonsok erantzun zion ezin zela joan.

PPren buruzagitzaren iturriek hedabideetara filtratu dutenaren arabera, ordea, Alonso «desagertuta» egon da. Informazio horiek diotenez, EAEko PPren buruak eduki zuen akordioari buruzko «iritzia» emateko aukera, baina ez zuen Madrilera joan nahi izan; Garcia-Egearen telefono deiei erantzun ere ez zien egin, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.